Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Burtsaren aroa

Fakultatean irakatsi ziguten burtsaren kotizazioa preziklikoa izan ohi dela ekonomia errealarekiko. Hau da, burtsaren kotizazioari adituta ekonomian zer gertatuko den jakiteko informazioa lor litekeela.

Fakultatean ikasia errealitatearekin erkatzean nabarmena da ustezko gaitasun iragarlea nahiko erlatiboa dela. Eztabaida akademikoa luzea bezain ezaguna da. Aditu gehienek onartzen dute, ordea, krisiak iragartzeko, behinik behin, ez duela balio izan orain arte. Nire ustez, burtsak, dirudunen asmoei buruzko zantzu batzuk ematen dizkigu, ez askoz gehiagorik.

Aitzitik, ekonomiatik politikara etorrita, burtsa adierazle bikain bihurtu dela esango nuke. Ez du hutsik egiten, eskumako hautagaiek hauteskundeak irabazten dituztenean gora egiten du. Langileen eskubideen murrizketa, erakunde publikoen indargabetzea eta herritarrek ekonomia antolatzeko dituzten baliabideak ahulduko dituztela agintzen duten hautagai guztiek jasotzen dute burtsaren babesa. Ultraeskuinaren garaipenen apologia etengabea da burtsaren kotizazioa. Baina beraien hizkuntza zenbakiak direnez, ez dago epailerik inongo deliturik leporatuko dienik. Eta epaileren bat ahaleginduko balitz ere, nor da burtsa? Nork antolatzen ditu finantza akelarreak ultraeskuinaren garaipenero? Erantzukizun mugatua duten elkarte anonimoak dira. Kaputxa funtziodun gorbata mordoa. Legetik at bizi dira, edo agian eurak dira legea.

Jair Messias Bolsonaroren garaipenak (bigarren izena oso gustatu ei zaie Brasilgo milioika ebanjelikoei) jendartea zein pendularra den erakutsi digu, beste behin ere. Obamaren ondoren heldu zen Trump, Langileen Alderdiaren ostean Bolsonaro, Montonero ohien atzetik Macri... Kasu guztietan hedabide tradizionalen editorialek hautesleen gehiengoa ordezkatzeko gaitasuna galdu dute. Are gehiago, hedabide tradizionalekiko konfrontazioa jendea erakartzeko baldintza bihurtu dela ematen du.

Zenbakiek hitz egiten dutenean, hitzek kontakizuna galtzen dute.