Andoni ARABAOLAZA
HIMALAIA

Euskal kutsua duen bide bat sortu dute Drangna-Ri mendian

Joan den urrian, Iñaki Arakistain, Joseba Larrañaga, Mikel Zabalza eta Alberto Fernandezek seimilakoaren hego-mendebaldeko ertzean «Bizipenak» bidea (ED+, 2.000 m) zabaldu zuten. Ertz horren lehendabiziko igoera da, eta mendiaren hirugarrena.

Azken urte luze hauetan, bederen, ez da batere ohikoa izaten euskal alpinistak Himalaian esploratzen eta bide berriak zabaltzen ikustea. Garai hobeagoak izan dira, baina, hala ere, ziurtatu dezakegu izaera horretako jardunetan hemengo alpinista gutxi ikusi ditugula.

Alabaina, tantaka bada ere, estatistika horiek aldatzeko joera izaten dute. Horretan jardun duten azkenak Iñaki Arakistain, Joseba Larrañaga, Mikel Zabalza eta Alberto Fernandez izan dira. Iragan urrian, laukote horrek Nepalgo Rowaling harana bisitatu eta hango mendi batean, Drangna-Rin (6.801 m), azpimarratzekoa den igoera bat egin zuen. Hain zuzen ere, protagonistok mendiaren hego-mendebaldeko ertzean “Bizipenak” bidea (ED+, 2.000 m) zabaldu zuten; sei eguneko joan-etorria izan zen. Hori esan eta gero, honako hau gehitu behar dugu: ertzaren lehen igoera izan da, eta mendiaren hirugarrena.

Irakurtzen den bezala, igoera gutxi dituen seimilako baten aurrean gaude. Arestian aipatu dugu Rowaling haranean dagoela, eta horrekin batera esan behar dugu bisita gutxi jasotzen dituen ingurumaria dela.

Fernandezek adierazi digun bezala, Zabalza izan da xede horretara bultzatu zituena: «Iaz han egon zen, Fedmeko alpinista gazteen taldearekin. Irteera hartan bailara horrek eskaintzen dituen aukera handiekin harrapatuta geratu zen. Eta, jakina, baita Drangna-Rirekin ere. Hots, berriro itzultzeko gogoz etorri zen. Ibar horretan mila aukera daude, alpinistikoki oso-oso interesgarriak. Baina bat aukera behar genuenez, bada estetikoki gehien erakartzen gintuena aukeratu genuen. Mikelek hara joateko animatu ninduen. Nire lan kontuengatik udaberria baztertu eta udazkenean joan gara».

Zabalza eta Fernandez espedizioa prestatzen hasi eta taldera beste bi kide batu ziren: Arakistan eta Larrañaga. Nahiz eta elkarrekin izaera honetako jardueretan ez ditugun ikusi, elkar ondo ezagutzen dute: «Ez da ohiko taldea. Horrekin esan nahi dut lehen aldia dela laurok elkarrekin horrelako irteera bat egiten dugula. Aurretik elkar ezagutzen genuenez, ondo konpondu gara».

Arestian aipatu dugu Rowaling ibarra nahiko ezezaguna dela, esploratzeko inguru bikaina dela eta igo gabe dauden mendi asko dituela. Euskal alpinisten helburua Drangna-Ri izan da; zehatzago esanda, mendiaren hego-mendebaldeko ertza: «Nik duela lau urte Khumbu eta Rowaling arteko trekking bat egin nuen. Baina ez nintzen Ripimo glaziarrean sartu; hots, mendi garai eta garrantzitsuenak dauden haranean. Asko gustatu zait, batez ere helburu batekin joan eta beste hogeirekin itzuli garelako. Drangna-Ri Ripimo glaziarraren amaiera dago; Tibetekin muga egiten du. Urrutiko lekuetan dago, gure oinarrizko kanpalekutik, Na herritik, 15 kilometrora. Hara heltzeko, Katmandutik autoz hamabi ordu egin behar dira. Pistak egoera oso txarrean daude. Eta, ondoren, lau eguneko hurbilketa bidea. Mendiak Ama Dablamen antz handia du; isuri guztietatik tentea eta oso ederra da. Guk eskalatu dugun ertza luzea da, eta, oro har, teknikoa. Elurrean, izotzean eta haitzean eskalatu behar da. Ez du zailtasun handirik, baina denbora guztian eskalatu behar da».

Sei egun

Ohi bezala, kanpalekura iritsi, hura atondu eta girora egokitzeko fasearekin hasi zen laukotea. Gau bat 5.700 metroko garaieran igaro zuten, eta, gehienez, 5.900 metroko kotara igo ziren.

Fase hori amaituta, euskal alpinistek Drangna-Ri igotzeko lehen urratsak egin zituzten. Fernandezek esan digunez, bina sokadatan banatu ziren: «Iñigok eta Josebak talde bat osatu zuten, eta Mikelek eta biok bestea. Bi talde independente izan ziren: norberak bere tresneria, janaria... eraman zuen. Rappelak, ordea, elkarrekin egin genituen».

Mendia eta haren ertza eskalatu ahal izateko, alpinistok baldintzen zein eguraldiaren “laguntza” behar zuten, eta, hein handi batean, zortea beren alde izan zuten: «Himalaiako beste alderdi batzuk ez dakit nola dauden, baina Rowaling harana baldintza oso-oso lehorretan topatu genuen. Gure hasierako helburua hego-ekialdeko paretan bide bat zabaltzea zen, baina, baldintza horien ondorioz, elurrezko marrarik ez zegoen eskalatzeko. Eta, gainera, hormatik harri asko erortzen zen. Ondorioz, hego-mendebaldeko ertzera joan ginen. Ertz horren baldintza lehorrak aproposak ziren; dakizun bezala, elurrezko ertzak seguruagoak dira. Eguraldiari dagokionez, espedizio egun guztietan ona izan dugu. Arazo bakarra gailur egunean izan genuen. Haize asko egin zuenez, komeriak eta bi izan genituen hura zapaltzeko».

“Bizipenak” bidea biribildu ahal izateko, hiru bibak egin behar izan zituzten. Denera, sei eguneko joan-etorria. Lehen egunean, Na herritik irten eta 5.100 metrora kanpaleku bat antolatu zuten. Herri horretatik hamabi kilometrora. Hain zuzen ere, girora egokitzeko fasean han bertan kanpalekua altxatu zuten.

Biharamunean, laukotea hormaren oinarrira heldu zen. Glaziarra zeharkatu ondoren, errimaia gainditu eta ertzean sartu ziren: «Egun horretan hasi zen eskalada. Zorionez, ertzean bertan denda altxatzeko leku aproposa topatu genuen; laua eta urarekin. Hirugarren egunean, berriz, lan eskerga egin genuen; egun luzeena eta teknikoena izan zen. Elurrezko ertz zorrotzak, haitzean eskalatu, baita elurrean ere... 6.300 metroko kotan ginela gaua igarotzeko erabakia hartu genuen. Leku egokia zen; errimaia moduko batean igaro genuen gaua».

Laugarren eguna gailur eguna izan zen. Berez ez zuten zati teknikorik espero, baina izotzean hainbat luze egin behar izan zituzten. Tontorra egin eta azken bibakean geratu ziren. Bosgarren egunean, jaitsieran, makina bat rappel egin eta lehen bibakera heldu ziren. Han ezustekoa izan zuten. Jaitsierarako janaria han utzi zuten, baina heldu zirenean ohartu ziren bele batzuk “lapurtu” ziela. Eta, azkenen egunean, Na herrira iritsi ziren.

Era horretara “Bizipenak” sortu zuten, 2.000 metro luze eta ED+ zailtasunarekin. Fernandezek onartu digu gradu teknikoak izaera horretako eskalada batean garrantzirik ez duela: «Gehiago dute eskalatzen ari zaren inguruak eta garaierak. Konpromisoak, alegia. Harkaitzean Vº eta izotzean 80º gaindituko genituen. Hori bai, eskaladaren eiterik gogorrena azken egunean izaniko haizea izan zen».

Bide berria zabaltzeaz gain, protagonistok ertzaren lehen igoera eta mendiaren hirugarrena lortu dute: «Horrelako mendi batean marra bat irekitzeak ilusio handia egiten du. Berdin dit mendiaren zein errepikapen izan den, garrantzitsuena horrek zer esan nahi duen da. Hots, gurea hirugarren igoera izan bada, horrek esan nahi du inguru bakartia dela. Eta gu, finean, horren bila joan ginen; abentura ahalik eta handiena bizitzera. Bide batez, jakina, Takolo Beka laguntzen duten erakundeak eskertu nahi nituzke eman diguten babes ekonomikoagatik».