Ibai AZPARREN
BASAURI

Larriki gaixo dagoen Aitzol Gogorza bisitatu du espetxean Julen Mendozak

Aitzol Gogorza larriki gaixo den presoa Basauriko espetxean bisitatu ostean, Errenteriako alkate Julen Mendozak Gipuzkoako herriko Udalak onartutako adierazpena ekarri zuen gogora. Larriki gaixo dauden herritar presoen jarraipena egitea onartzen da bertan, eta, hala, behin Mikel Arrieta Algecirasen bisitatu ostean, atzokoan Basaurin izan zen Mendoza.

Prentsaren aurrean Bego Atxa Sareko bozeramailearekin agertu zen Mendoza, eta Errenterian gaixo dauden bi herritar presoen askatasunaren aldeko eskaera «oso zabala» dela azaldu zuen. «Aitzol askotan ospitaleratu dute bere osasun egoera dela eta. Bere buruaz beste egiten ere saiatu izan da», azaldu zuen. «Aitzolek bizirik jarraitzea bermatzeko modu bakarra kalean egon dadila da», gaineratu zuen.

Urteko bosgarren ezbeharra

Azaroaren 9an Karmelo Lauzirika euskal presoaren lagunek ezbeharra sufritu zuten etxetik 550 kilometrora den Castello I espetxera bidean. Etxerat elkarteak elkarretaratzeak deitu ditu urteko bosgarren ezbeharra salatzeko.