GARA
Surfa

Eskaera ofiziala, nazioarteko kide izateko lehen urratsa

Euskal Herriko Federazioko ordezkariak Kalifornian izan dira, ISA nazioarteko surf elkartearen egoitzan.

Euskal Herriko Surf Federazioak (EHSF) eskari formala egin du nazioarte mailan ofizialtasuna berreskuratzeko eta ISA nazioarteko surf elkarteko (International Surfing Association) kide izateko. EHSFko ordezkariak ISAk La Jollan (Kalifornia, AEB) duen egoitzan egon dira, nazioartean aitortza ofiziala izateko eskari formala egiteko. Ekimenaren helburua da 2005era arte nazioartean izan zuen aitortza berreskuratzea.

EHSFko presidenteorde eta Gipuzkoako Surf Federazioko presidente den Maialen Saez izan da Kalifornian, Jaurlaritzak AEBetan duen ordezkari Jorge Fernandezek lagunduta. Aldeko ebazpena lortuz gero, euskal selekzioa ordezkaritza propioarekin lehiatuko litzateke ISAk antolatzen dituen mundu mailako txapelketetan. «EHSFk 1990. urtean Europako Federazioan zuen nazioarteko posizioa berreskuratzeko lehen pauso bat da. Hamabost urtez mantendu genuen izaera ofizial hori, harik eta 2005. urtean Espainiako Surf Federazioa (FES) Europako Federazioko kide bilakatu zen arte. Orain, EHSFren eta Eusko Jaurlaritzaren ustez, arautegi eta lege mailako baldintzak betetzen dira nazioarteko ordezkaritza ofiziala berreskuratzeko. Horren harira, nabarmendu beharra dago EHSFk idatzi bat bidali diola Espainiako Surf Federazioari, ekimen honen inguruan informatzeko helburuarekin», azaldu zuen Saezek.

Aurrera aho batez

EHSFk 2017ko abenduan egin zuen batzarrean aho batez onartu zuen ISAri eskari hau egiteko erabakia, eta nabarmendu du kirol eta kultura izaerako aldarrikapen bat dela: «Xedea da surflari profesionalak babestea eta sustatzea, bai eta munduko txapelketetan euskal selekzioa defendatzeko aukera ematea ere». Horrela, txosten juridiko bat, eskaria bera eta surfak Euskal Herrian duen pisua erakusten duen ikus-entzunezko lan bat eman die euskal ordezkaritzak ISAren ordezkariei.

Eskari honen inguruko ebazpena baiezkoa ala ezezkoa den datozen hileetan argituko da eta, azken emaitza dena dela, EHSFk eta Jaurlaritzak ISAk egin dien «gizalegeko harrera» eskertu dute. Kaliforniara egindako bidaiaren data berberetan, ISAk Huntington Beach-en antolatu duen Vissla Junior World Championship txapelketa izan da; 42 herrialdetako surflariak hartu ditu mundu mailako txapelketak, eta EHSFk parte hartu duten euskal kirolariak babestu ditu.

Honi buruzko guztia: Surfa