GARA
BILBO

Pako Aristi nobelagintzara itzuli da, 20 urte geroago

«Rosa itzuli da» liburua da Pako Aristi berriro nobelagintzara ekarri duena. Hogei urtetan saiakera, poesia eta haur eta gazte literaturan murgilduta egon ostean, berriro fikziora bueltatzea erabaki du, eta gustura sentitu da gainera. ETAko kidea izateagatik espetxean 25 urte eman dituen emakumea da Rosa, eta etxera itzultzean konturatzen da oroitzen zuen bizitza guztiz desberdina dela. Kartzelan eraiki duen oskola apurtzen joango zaio orain.

“Kcappo” (1985) izan zen Pako Aristiren lehen nobela. Gero etorri ziren “Irene” (1987) eta “Krisalida” (1990). “Urregilearen orduak” (1998) izan zen egin zuen azkena. Guztiak Erein argitaletxearekin eman zituen.

Hogei urteetan beste generoetan murgilduta egon ostean –saiakera, poesia eta batez ere haur eta gazte literatura–, berriro nobelagintzari heltzea erabaki du urrestildarrak, Ereinekin ere bai. «‘Rosa itzuli da’-rekin itzuli da nobelagilea», esan zuen Iñaki Aldekoa editoreak nobela berriaren izenburuarekin hitz-jokoa egiten. Honek azaldu zuen testuak kontakizun lineala duela eta 25 urte espetxean eman dituen emakume baten ingurukoa dela. «Denbora horretan mundua aldatu da, etxean aurkitzen duen ama zahartuagoa dago, lagun giroa desberdina da», esan zuen.

Idazleak iritzi zion 25 urte kartzelan eman eta osorik ateratzeko, oskol bat sortu behar duzula. Horregatik, Rosak oskol hori dauka jantzia kalera ateratzen denean, baina liburuan aurrera egiten duen heinean hausten doa eta bere izaera aldatzen doa. «Emakume konplexua da. Gaztetan oso lotsatia zen. Gero ETAko komando batean sartu zen eta sekulakoak egin zituzten, baina ez zaio horri buruz hitz egitea gustatzen. Horren inguruko gogoeta egiten du, ez da akzio nobela. Akzioak iraganean gertatu ziren», azaldu zuen Aristik.

Presoei hitza eman

Aristik esan zuen nobela idazteko «txinparta» Parot doktrina baliogabetu eta preso politiko ugari espetxetik ateratzea izan zela. Preso horietako batzuk ezagutu egiten zituen, eta beste batzuk aurrez aurre ezagutu ez arren, gutunen bidez ezagutu zituen: «alde literariotik abantaila handia izan nuen hauekin, eskutitzez gehiago agertzen baitugu gure barrukoaz, aurrez aurreko poteoetan baino». Gainera, sentitzen zuen preso horiek, «gure historiaren halako edo bestelako protagonista haiek», ez zirela inon agertzen eta estigmatizatuak sentitzen zituen. Horiei hitza eman nahian, zer sentitzen duten, herria, giroa, jendea nola aurkitu dituzten, kontatu nahi zuen. Hori dela eta, idazleak esan zuen «memoriari buruzko nobela» dela, «iragan lazgarri bat ahaztu nahiaren eta alzheimerraren oroitu ezinaren artean zabuka doana, belaunaldien arteko transmisioari buruzkoa, thriller politiko bat, arduraz diharduena, hartutako erabakien ondorioez, eta erantzunik zailenaren bilaketa, izandako ametsak eta idealak non geratu diren».