GARA
Erremontea

Uterga eta Azpiroz 40-39 nagusitu dira partidari buelta emanda

Utergak eta Azpirozek urrats handia eman dute erremonteko Binakako Txapelketaren finalerdietan sartzeko, atzo Galarretan Matxin III.ari eta Ioni 40-39 irabazita. Egia esan, nahiz eta galdu, emaitza ez da batere txarra Matxin eta Ionentzat ere, eta horiek ere finalerdietatik gertu geratu dira.

Hain zuzen ere, beraiek izan ziren partidaren agintea eraman zutenak denbora askoan. 6-14, 10-18 eta 14-21 aurretik izan ziren markagailuan, eta baita 29-35 edo 32-35 ere, jada amaieratik oso gertu.

Baina azken txanpan Xanti Utergaren bertsiorik onena atera zen. Nafarrak arriskatu egin zuen aurrean, eta ongi atera zitzaion, 7-0eko partzial bati esker 39-36 aurreratuz.

Urdinak gai izan ziren 39na berdintzeko, baina Utergaren horma-bikoak erabaki zuen dema gorrien alde.