GARA
IRUÑEA

Espedientea 39 autobus enpresa nafarri, lehiaren aurkako praktikengatik

Nafarroako Gobernuko Lehia Zuzendaritzak zigor espedientea ireki die garraioaren sektoreko elkarte bati eta 39 enpresari, lehiaren aurkako jardunbideengatik. Gobernuak ohar batean azaldu duenez, eskola garraioaren zerbitzuko lizitazio publikoetan (2013 eta 2017an) lehiaren kontrako praktikak egin zituztela susmatzen dute eta hori ikertzen ari dira, Lehiaren Defentsari buruzko 15/2007 Legearen lehenengo artikulua urratu den ala ez ikusteko.

Lehia Zuzendaritzak, informazio erreserbatu baten ondorioz, lehiari buruzko araudian debekatuta dauden jokabideen arrazoizko zantzuak egiaztatu ahal izan ditu. Gobernuak espedientearen hasieraren berri eman die ikertuei, eta zuhurtziaz eta diskrezioz jokatzera behartuta daudela oroitarazi die. Betebehar hori ezarriz, ikerketa prozesuaren eta zigor espedientearen ebazpena babestu nahi ditu.

18 hilabeteko epea

Nafarroako Gobernuak argitu duenez, espedientea ireki izanak ez du aurrez baldintzatzen ikerketaren bukaerako emaitza. Orain, epe bat zabalduko da (gehienez 18 hilabete) Nafarroako Lehia Zuzendaritzak zigor espedientea bideratu eta Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak horren gaineko ebazpena eman dezan.

Herrialdeko ia autobus konpainia guztiei eragiten die zigor espedientearen irekierak, tartean La Burundesa, La Baztanesa, Leizaran Mariezcurrena Hermanos, La Estellesa eta Autobuses La Pamplonesa. Errepide bidezko Garraio eta Logistikako Enpresarien Nafarroako Elkartearen (ANET) jokaera ere ikertuko dute.