A. G.
saski baskonia

Aste gogorrari amaiera ematera doaz gasteiztarrak Santiagora

Aste gogor eta luzea izan du Kirolbet Baskoniak: bidaiak, partida bi 48 orduren buruan eta bukatzeko, horra hor hirugarrena, Monbus Obradoiro taldearen kantxan 17.00etatik aurrera. Hala ere, duela zortzi egun baino tenore hobean iritsiko dira Velimir Perasovic eta bere mutilak partidara, Panathinaikosen aurka ostiralean irabazi ostean.

Etorriko dira gero ere tximistak eta trumoiak, baina badirudi une lasai batera iritsi dela Gasteizko taldea. Granger osatu da eta maila onean gainera, Hilliard eta Janningek bizkar gainean nozitzen zuten zama arindu egin da itxuraz, eta talde arabarraren jokoa, sinplifikazioaren puruan, errazago ari da irteten. Hori hala den ala ez ikusteko Santiago plaza egokia da gainera. ACB Ligara 2009/10 denboraldian igo zenetik, zortzi bider neurtu dituzte indarrak galiziarrek eta gasteiztarrek; horietatik seitan Baskonia izan da nagusi. Obradoirok Baskoniari irabazi zion azken aldia 2013ko otsailaren 17a izan zen; orduko hartan Zan Tabak kroaziarrak entrenatzen zuen Caja Laboral Baskoniak 84-70 galdu zuen.

Adi Vasileadisekin

Bederatzi partidaren ondoren hiru bakarrik irabazita, ez dago ongiegi Kirolbet Baskoniaren aurkaria ACB Ligako sailkapenean. Horrez gain, pepe Pozas eta Kendall Stephens jokalarien baja nozituko du Obradoirok.

Hala ere, eta badaezpada ere, hobe du argi ibiltzea Perasovicen taldeak. Alde batetik, Moncho Fernandez entrenatzailea «segada» taktikoak antolatu zalea delako; bestetik, Kostas Vasileiadis hegaleko greziarrak beti jokatzen duelako ohi baino hobeto Baskoniaren aurka.