2018/11/25

Erreportajea
 
COMBI, ETORKINEK LANERAKO HIZKUNTZA GAITASUNAK LORTZEKO PROIEKTUA

«Migratzaileek eta desabantaila egoeran dauden ikasleek testuinguru elebidunetan lan egiteko gaitasun komunikatiboak» izeneko proiektua duela bi urte jarri zen martxan. Zaintza arlora bideratuta dago eta Elhuyar eta Banaiz Bagara elkarteek parte hartzen dute.

Ion SALGADO
1125_eh_petra

Duela bi urte “Migratzaileek eta desabantaila egoeran dauden ikasleek testuinguru elebidunetan lan egiteko gaitasun komunikatiboak” izeneko Combi proiektua martxan jarri zuten Frisia, Gales, Finlandia, Sizilia eta Euskal Herriko eragileek, horien artean Banaiz Bagara elkarteak eta Elhuyarrek, Europar Batasunaren laguntzarekin. Proiektu honen webgunean azaltzen denez, Combiren xedea migratzaileek eta hizkuntza gutxitua menperatzen ez dutenek lanerako oinarrizko hizkuntza gaitasunak berenganatzea da, «hizkuntza eremu guztiak menperatu behar izan gabe, irakaskuntza metodo proaktiboak eta berritzaileak garatuz».

Petra Elser Banaiz Bagara elkarteko zuzendaria da eta aste honetan Gasteizko Legebiltzarrean izan da. Kultura, Euskara eta Kirol Batzordea osatzen duten legebiltzarkideen aurrean azaldu zuen Combi proiektua, batez ere osasun zaintza arloko hizkuntza premien berri emanez. Izan ere, sektore horretan etorkin askok lan egiten dute, bereziki adinekoen zaintzan. Elserrek aipatu zuen adineko euskaldun zaharrek asko eskertzen dutela beraien zaintzailearekin euskaraz hitz egitea eta dementzia kasuetan frogatuta dagoela ama hizkuntzaren ulermenaren eragina onuragarria dela.

Halaber, euskararen ezagutzak langile migratzaileen integrazioa erraztu dezake, horientzat garrantzitsua delako lanpostu bat lortzea; «interesatzen zaie euskara, batez ere lanarekin zerikusia duena», azaldu zuen Elserrek. Egoera hori Europako beste herri batzuetan ere gertatzen dela esan zuen, eta hortik sortu dela lankidetzarako aukera: «Ikusi dugu hizkuntza gutxituen eremuetan arazo bera dagoela, eta ikusi dugu aukera bat dagoela herrialde horietako eragileekin lan egiteko eta Combi proiektua martxan jartzeko. Oinarri bat sortzeko aukera oso ona dela uste dugulako».

Mamiari helduz, Combi egitasmoaren jarduera lau ataletan banatzen dela diote webgunean: proiektuaren hartzaile diren sektoreen hezkuntza premiak aztertzea, praktika moduluak garatzea, praktika pilotuak egitea eta proiektuaren emaitzak zabaltzeko ekimenak antolatzea. Eta lau xede-talde ditu: zaintza sanitarioaren arloko lanbide heziketako eta lanbide prestakuntzako irakasleak, eta bertako hizkuntzaren irakasleak; ikerketa, zientzia eta hezkuntza-arloetako erakundeak; zaintza sanitarioaren alorreko langile migratzaileak, erakunde politikoak eta hizkuntza-politiken arduradunak; eta enpresak eta zahar egoitzen zuzendariak.

Proiektuan parte hartzen duten eragileek bost «produktu intelektual» garatuko dituztela azpimarratzen da interneten. Lehena beharren analisia da, eta bi helburu ditu: lan-testuinguru eleaniztunetan tokiko hizkuntzen komunikazio-beharretan dagoen hutsuneari buruzko informazioa biltzea eta aztertzea, esate baterako, osasun-arreta sektorean eta adineko pertsonen zaintzan; eta hutsune hori gainditzea, ekintza-plan egokia erabilita. Horretarako, alderdi hauek hartuko dira kontuan: komunikazio-gaitasunak hobetzea, praktikak trukatzea eta irakasleek Combi taldearen laguntzarekin beren programa didaktikoan txerta ditzaketen ekintza-planak garatzea.

Bigarren produktu intelektuala Irakaslea Trebatzeko Kita (ITK) da. Hainbat diziplina kontuan hartuta hizkuntzak ikasteko behar diren jarraibideak jasoko dituen gidaliburu bat izango da, eta bost zati izango ditu: lan-testuinguruko eta lan-merkatuko komunikazio-beharrak bildu eta aztertzeko baliabideak; ikaskuntza-prozesua hainbat diziplinatatik lantzeko baliabideak (soziolinguistika, estrategia, psikologia, kultura); adineko pertsonen zaintzaren alorreko hainbat diziplinatan oinarritutako deskribapen eta ariketak; ikastaroen planifikazioa, hainbat diziplinatan oinarritua; eta askotariko ebaluazio-tresnak.

Eta azkenengo produktu intelektualean lan testuinguru eleaniztunerako jardunbide egokien bide-orria nolakoa izan behar den azaltzen da. Adierazten denez, bide-orrian proiektuaren alderdirik garrantzitsuenak jasoko dira. «Horretarako, proiektuaren hasieran sortutako sarearen eta aditu-taldearen laguntza izango dugu, eta bereziki lagungarria izango da honako alor hauetako politikak garatzen dituzten kideentzat: hizkuntza-aniztasuna, enplegua eta gizarte-gaiak, osasun-arreta eta zaintzaren alorrean helduei zuzendutako lanbide-hezkuntzako irakasleak eta helduei zuzendutako hizkuntza-irakaskuntzako irakasleak».

EH Bilduren ekimena

Elserrek erakundeen garrantzia nabarmendu zuen, horiek direlako hizkuntzen ezagutza bultzatzea helburu duten neurriak onar ditzaketenak. EH Bilduk, Banaiz Bagara elkarteko zuzendariaren agerraldia eskatu zuenak, legez besteko proposamen bat aurkeztu zuen urtarrilean lanbide-prestakuntzako ikastaro batean euskara ikasgaia txertatzeko, «ez soilik hizkuntza-eskola gisa, baizik eta hizkuntza eta komunikazio-gaitasunak laneko konpetentziekin estuki lortuta, hots, zaintzarako euskara berezia lantzeko». Izan ere, «gauza jakina da lanbide-prestakuntzan eskaintzen den trebakuntza ia osoa gaztelaniaz ematen dela, oso urria da euskarazko eskaintza eta ez dago eskaintzarik euskararen ikaskuntza lan hizkuntza moduan integratzen duena».

Legebiltzarrak ez zuen onartu EH Bilduren ekimena. Horren ordez, EAJ eta PSEk aurkeztutako osoko zuzenketa onartu zuen. Hauek eskatzen zioten Lakuari «Lanbideren laguntza-deialdietan jarrai dezala euskarazko formakuntzako ekimenen alde egiten».