Andoni ARABAOLAZA
KARAKORUM

Thagas haran ezezagunean bi seimilako berri igo dituzte

Carlos Molina, Mathieu Maynadier, Jean-Louis Wertz eta Nicolas Favressek Pathan eta Pathani mendien lehen igoerak egin dituzte.

Aurreko protagonistek bezala, lerrootakoek ere Pakistanen esploratzen jardun dute. Joan den udan izan da, baina haran askoz ere ezezagunagoan: Thagas-en. Eta ibar hartatik uzta oparoa ekarri dute; izan ere, igo gabe zeuden bi seimilako gainditu dituzte. Hain zuzen ere, Pathani eta Pathan mendiak.

Emaitza horiek lortu dituztenak, berriz, honakoak dira: Carlos Molina, Mathieu Maynadier, Jean-Louis Wertz eta Nicolas Favresse. Bi seimilako berri horiekin pozarren itzuli baziren ere, espedizioak egoera ilun bat bizi izan zuen. Pathan mendiaren lehena egin eta jaisten ari ziren bitartean, Maynadier frantziarrak istripua izan zuen. Hain zuzen ere, rappel batean soka berreskuratzen ari zenean goitik eroritako harkaitz batek buruan jo eta konortea galdu zuen. Alabaina, egoerari buelta eman, rappelatzen segitu eta mendiaren oinarrian helikoptero batek ebakuatu zuen.

Ezbehar hori alde batera utzita, aipatu dugu laukoteak Pathan eta Pathani mendien lehen igoerak sinatu zituela. Zehazki, ez dute haien garaiera zehatza jarri; protagonistok diote 6.000 metro inguru dutela.

Lehen mendian, Pathanen, eskalatzaileok bidearen hasieran dagoen zutoin baten lehen 300 metroetan soka finkoak jarri zituzten. Hamakak han antolatu zituzten. Eta hurrengo beste bi egunetan lan bera egin zuten. Eskaladaren seigarren egunean gailurra jo zuten. Denera, 900 metro luze den bidea zabaldu zuten. Era askean 6b eta artifizialean A1 zailtasunak gainditu zituzten. Nahiz eta den-dena librean ez eskalatu, laukoteak dio marraren zailtasun gorena 7a inguruan egon daitekeela. Irekitako edo igotako marrari “Pathan zutoina” deitu diote.

Pathani mendian eginiko lanari dagokionez, esan behar dugu Molina eta Favresse jardun zirela soilik. Bi alpinistok “Pathani” izeneko bidea sortu zuten. 600 metro (erdia elurrezko aldatsak eta bestea eskalada teknikoa) eta 6a eta M6 zailtasunak ditu. Lan hori biribildu ahal izateko, bikoteak 17 orduko joan-etorria egin zuen.

Favressek esan digun bezala, zorionez, espedizio horretatik den-denak etxera onik iritsi ziren. Eta hain zuzen ere, eskalatzaile belgikarrak bi seimilako horietan bizi izan zutenaz hitz egingo digu hurrengo lerrootan.

Thagas harana

«Nahiz eta Mathieuren ezbeharra ez dugun ahantzi, Pakistanekoa beste abentura magiko zein liluragarri bat izan da. Mathieuk buruan kolpe gogorra jaso zuen, eta, hori gutxi ez, eta eskuineko ukondoan hezur txiki batzuk hautsi zituen. Orno batean ere zauriak izan zituen. Datu horiek guztiak kontuan hartuta, esan dezaket Mathieuk zorte handia izan duela. Errekuperazioa ondo doa, eta badirudi hurrengo asteotarako osatuko dela.

Istripua Pathan mendia eskalatzen ari ginen seigarren egunean jazo zen. Gailurrera abiatu ginen, eta soka finkoak zein tresneria astuna atzean utzi genituen. Egun magikoa izan zen, besteak beste, eguraldi zoragarria egin zigulako. Eskaladari dagokionez, bestalde, luze onak eta dibertigarriak eskalatzen ari ginen. Zailtasuna ez zen zaila, baina sekzio batzuetan izotza, elurra eta arroka soltea izan genituen.

Eskalada bati dagokionez, oro har, honako hau esaten dut: gailurra baino inportanteagoa bidaia izaten da. Baina azken espedizio honetan onartu behar dut Pathan mendiak guk eginiko lanari ginga jarri ziola. Horrekin esan nahi dut gailurra orratz eder baten amaieran dagoela. Ikuspena ikaragarri polita zen, makina bat mendi eta orratz parez pare genituen. Eta, gainera, ez zebilen haizerik.

Jaitsieran, berriz, egoera aldatu zen. Gauak harrapatu gintuen, eta, gainera, kopeta-argia erori zitzaidan. Goitik arroka solte asko erortzen ari ziren, eta, gaua zenez, ez genuen ikusten nondik erortzen ari ziren. Rappeletatik soka berreskuratzen genuen bakoitzean, bazirudien Nintendo-ra jolasten ari ginela. Edo, agian, errusiar erruletara. Segurtasunik eza nabarmena zen oso.

Gaueko hamarretan soka finkoetara heldu ginen. Tontorra patrikan genuen, eta bazirudien zortea gure alde zegoela. Paretaren oinarritik gertu ginela, rappel bat atontzen ari ginen bitartean, Carlitos erlaitz batean zain zegoen. Erlaitz hori puskatu eta arroka batek Mathieu harrapatu zuen.

Gure kideak konortea galdu zuen; ez genekien bizirik ala hilik zegoen. Zorionez, konortea berreskuratu zuen, baina, era berean, shock egoeran zegoen eta eskuineko besoan muturreko mina zuen. Rappel batzuk egin eta erreskatea eskatu genuen. Mathieuk eldarnioekin jarraitzen zuen, baina bi ordu beranduago zer edo zer lasaitu zen. Biharamuneko lehen argi izpiekin paretatik jaitsi eta helikoptero batek Skarduko erietxe batera eraman zuen.

Jakina, esperientzia latz honek geure motibazioan eragina izan zuen. Mathieu ez zegoen gurekin, eta zaila zen hutsune hori ez sentitzea. Hurrengo astean lanean jarraitu genuen; izan ere, horman utzitako tresneria guztia berreskuratu behar zen.

Thagas haranean jarraitzen genuen, baina espedizioa amaitzeko gutxi falta zen. Horretan ginela, eguraldi leiho on bat iragarri ziguten. Carlitosek eta biok azken eskalada bat egitea erabaki genuen. Geure argazkilari Jean-Louisek, berriz, ez zuen bat egin asmo honekin.

Pathan mendian ez bezala, Pathaniko igoera eta jaitsiera ondo joan zen. Beraz, ez genuen ezusteko txarrik izan. Bezperan elurra egin zuen, eta 20 zentimetroko geruza pilatu zen. Zabaldu genuen bidearen lehen erdia elur aldatsak zirenez, egoera horrek ez gintuen gehiegi kezkatu. Bai, ordea, bigarrenean; hots, eskalatu behar genituen sekzio teknikoetan.

Baina, zorionez, eskalada osoan ez genuen arazorik izan, eta berriro ere igo gabe zegoen mendi baten gailurra zapaltzeko aukera izan genuen. Gainera, geure uste apalean, bide ederra da. Era horretara bukatu zen Thagas ibarrean eginiko espedizio bertikala. Pozarren, denok onik bukatu dugulako».