«Zorabiagarria eta dramatikoa izan zen 2000-2003 aldia»
1993. urtean Txalapartaren eskutik abiatu zen «Euskadi eta Askatasuna-Euskal Herria y la libertad» entziklopedia osatzeari ekin dio Euskal Memoriak, mende honetan erakundearen inguruan gertatutakoa idatzi gabe zegoelako. 2000. eta 2003. urteen artekoa bildu du Iñaki Egañak, hasteko: urte gogorrak ziklo aldaketaren atarian.

Urte askoren ondoren berrabiatu da proiektu hau. Zergatik ez da orain arte egin, eta zergatik agertu da beharra orain?
Lehen liburukiekin gertatu bezala, edozein gertakariri buruz idazteko eta testuinguruan aztertzeko, perspektiba behar da. Garai hartatik 25 urte igaro dira jada, mende laurden bat, eta azterketarako kokapena nahikoa urrunduta dago kazetaritza lan huts bat saihestu eta izaera historikoko lan batean sakontzeko.
Kasu honetan, ‘beharra’ ez dagokie auzi emozionalei edo unean uneko egoerei; gehiago da 1950eko hamarkadan hasitako ziklo politiko bat biltzen zuen argitalpen proiektu bat XX. mendearen amaieran etenda geratu zen, eta hura ixteko ‘betebeharra’ zegoen. Ziklo hori ETAren historiarekin ere bat zetorren, eta hark jarraipen armatua izan zuen 2010era arte, eta behin betiko amaiera, erakunde gisa, 2018an.
Horrenbestez, gure herriaren historia hurbilenaren zati bat osatzea da helburua: 1952an hasten dena, 1952-1953 ikasturtean Ekin ikasketa taldea sortu zenean, eta ETAren desegitearekin amaitzen dena, Genevako eta Kanboko ekitaldiekin. Iaz, 2000tik 2003ra bitarteko aldia jaso zen, eta etorkizun hurbilean beste bi lan argitaratuko dira: 2004tik 2008ra bitartekoa, eta hortik 2018ra artekoa.
Lizarra-Garaziren osteko urteak biltzen dira. Prozesu horren bukaerak nolabaiteko trauma ekarri zuela esan daiteke. Perspektibatik ikusita, zerbait utzi zuen Lizarra-Garazik, ala gertaera isolatua eta antzua izan zen?
Perspektibatik ikusita, Lizarra-Garaziko Akordioa 1989an Aljerreko elkarrizketek porrot egin izan ez balute ekarriko zuketen hurrengo urratsaren jarraipena izan zen: alderdi politikoen eta eragile sozialen arteko akordioa. Lizarra-Garaziren haustura, epe laburrean, trauma bat izan zen, eta dinamikak hautsi zituen, bereziki ezker abertzalean: Aralarren zatiketa, Elkarriren urruntzea, Ipar Euskal Herriko bi bloke historikoen bereizketa, ELA eta LABen ekintza batasuna…
Alderdi emozionalean ere hondamendia izan zen, akordioan jarritako itxaropenak zirela-eta. Estatuak egoera baliatu zuen diseinatzen ari zen estrategian aurrera egiteko: Ajuriaeneko Ituna lurperatu zuen Itun Antiterrorista berria, Ertzaintzaren erabateko homologazioa eta ezker abertzalearen egitura politiko eta sozial guztien ilegalizazioa. Hori guztia, gainera, Aznarren Gobernuaren gehiengo absolutuarekin.
Hala ere, asmatze eta huts egite logika amaigabe horretan, gogoetatan eta ekimen berrietan sakontzeko balio izan zuen. Lizarra-Garazi proba moduko bat izan zen, esperimentu politiko bat. Gasteizen, Ibarretxe Plana deitutakoa pentsaezina izango zen hamar urte lehenago, Ardanza lehendakari zela. Ipar Euskal Herrian, joeren arteko zubiak berriz osatzen joan ziren. Ezker abertzaleak klandestinitate kondiziotan biziraun zuen, eta erakutsi zuen giharra eta konpromisoa bazituela, ilegalizazioak gorabehera. Katalunian, su motelean egosten joan zen procés-a. Era berean, fase luzeegi baten agortzearen ideia ezker abertzalearen iruditeria kolektiboan errotzen joan zen, eta lehen fruituak Anoetako Proposamenean eman zituen, 2004an.
Talka armatuan urte gogorrak izan ziren: atentatu asko eta adierazgarriak. Ez zen amaierarik aurreikusten, ala argi izpiren bat bazen?
Denboran luzatutako pultsua izan zen, eta lubakietan sakondu zuen. Hautetsien aurkako atentatuak -baita PSOEkoen aurkakoak ere, alderdi horrek Itun Antiterrorista sinatu zuenetik- eta Ertzaintzako kide guztiak helburu militartzat hartzea izan ziren paradigma nagusiak. Baina baita kale borrokaren sabotajeen gorakada ere, helburu sorta zabal bat ireki baitzuen; eta ETAren komandoak Madrilera -han hiru izan zituen aldi berean-, Kataluniara, Aragoira eta Andaluziara mugitzea.
Bestalde, apustu errepresiboa ere basatia izan zen: torturak; eta hor ‘ezker abertzale zibil’ deitu genezakeena ere hartu zuen bere barnean. Lizarra-Garaziko Akordioak PNV Itun Antiterroristatik kanpo utzi zuen, eta, ondorioz, mundu abertzale osoa kriminalizatu zen. Aldi zorabiagarri eta dramatikoa izan zen.
ETAk ere larrutik ordaindu zuen borroka armatuari berriz ekin izana: Boluetako eztanda, esaterako, edo 2003ko Aznarren lege bereziak, gaurdaino heldu direnak…
Atxiloketa ugari izan ziren, Zigor Kodea gogortzea, estradizioak, euroaginduak… Ia 500 gizon-emakume espetxeratu zituzten ETAko kide izatea edo Batasunan, amnistiaren aldeko mugimenduetan, kale borrokan eta abarretan militante izatea egotzita. Eta ETAko 15 militantek bizia galdu zuten; horietatik zazpik, zeramatzaten lehergailuek eztanda eginda. Beste bat Ertzaintzarekin izandako enfrentamendu batean hil zen, edo, ETAren bertsioaren arabera, ihesean zihoala. Gainerakoak gaixotasunez hil ziren erbestean, deportazio aldian edo klandestinitatean.
Aldi horretan, halaber, ETAk bere gain hartutako 157 ekintza armatu egin zituen -%42 Euskal Herritik kanpo-, eta horien ondorioz 46 hildako izan ziren; horietatik hamabi PPko eta PSOEko kargu politikoak ziren.
Irailaren 11ko atentatuek eta ondoko ekinbide «antiterroristek» zer eragin izan zuten ETAren bilakaeran?
ETAk AEBko Irailaren 11ri buruz egindako gogoeta, bere barne dokumentuetan bederen, oso arina izan zen. Gai hura euskal agertokitik oso urrun balego bezala. Aldiz, Martxoaren 11rekin, 2004an, eta arrazoi agerikoengatik, gogoetak ugariagoak izan ziren. Esango nuke, gainera, eragin handia izan zutela etorkizun hurbilenean.
ETAk, geroago, publikoki kritikatu ere egin zituen Bruselako atentatu jihadistak, gizarte zibila helburu bihurtzen zutelako. Aurretik, eskuliburu bat ere argitaratua zuen bere komandoek segurtasuna areago zaindu zezaten, «zeharkako kalteak» saihesteko.
Irailaren 11ko atentatuek eragin nabarmena izan zuten. Aznarrek aukera baliatu zuen ETA, Batasuna eta abar Pentagonoa, Europar Batasuna, Interpol eta beste batzuk osatzen hasi ziren zerrendetan sartzeko, jihadisten maila berean. Datu aipagarri gisa, esan daiteke, ondoren, atentatu haien ostean, AEBk 13.224 agindua eman zutela, “Bereziki izendatutako terrorista globalak” jomugan jartzen zituena. Planeta osoan, bilatuenen artean, aipatutako 35 lagunetatik 21 euskaldunak ziren.
Aspaldiko partez batzarra egin zuen ETAk 2002an. Ez da oso ezaguna. Zer kondiziotan egin zen, eta zertarako balio izan zuen?
Aurrez, ETAren azken batzar presentziala milien eta polimilien garaian izan zen, 1970eko hamarkadan. Klandestinitatearen arrazoi agerikoengatik, batzar haiek desagertu egin ziren, eta hainbat militanteren gogoetetatik abiatuta, 2002. urtean batzar bat egitea erabaki zuten. Garaiak kontuan hartuta, posta bidezkoa izan zen, estilo klasikoan: hasierako ponentzia bat, erantsitako hainbat materialekin batera banatua; militanteek ekarpenak egin zizkioten; eta hortik sortu zen ETAko militanteen gehiengoaren sentipena jasotzen zuen azken ponentzia.
ETAren historian lehen aldiz, militante guztiei irekitako batzarra izan zen hura. Batzar historikoak ordezkaritza bidez egin ziren, dozenaka ordezkariren bidez. Aldiz, honetan ehunka militantek parte hartu zuten. Horrek esku hartze uholdea eragin zuen, eta egunen batean dokumentazio hura guztia eskuratzeko aukera egongo balitz, abiapuntu ona litzateke, soziologiaren ikuspegitik, XXI. mendearen hasierako ETAko militanteen profilari buruzko lan bat egiteko.
Azken ponentzia eta militanteek jaso zituzten lanak 2003ko apirileko “Zutabe” buletinean daude eskuragarri, Lazkaoko beneditarren artxiboan gordetako beste hainbat dokumentu bezala. Datu aipagarri gisa: ekintza armatuaren atalean ETAk ehun bat fronte irekitzen zituen helburu gisa.

Relevo con polémica en el programa «En Jake»

«Juan Carlos I era el rey de una corte de golfos»

Kantuan agurtu dute Sabino Ormazabal

El revuelo en la diócesis de Donostia por el veto a las cenas llega a Insausti
