Ariane KAMIO
DONOSTIA

«Benetako» fikzioa

Imanol Larzabal eta Imanol Lurgain. Errealitatea eta fikzioa. Zazpi urte pasatu dira Harkaitz Canok bere azken nobela idatzi zuenetik. «Twist» hartako azalak balio dezake oraingo «Fakirraren ahotsa»-ri irudia jartzeko; «benetakotasun» zantzu bat gizon berberaren ikuspegian. Fakirra deitzen ziotenaren inguruan idatzi du –fikzionatu du– idazle lasartearrak, batetik kamustu eta bestetik zorroztuz aritzeko. Nobelagilearen lizentziak.

Imanol Larzabal. Donostia, 1947-Orihuela, 2004. Imanol Lurgain. Donostia, 1947-Orihuela, 2004. «Lurgain ez den Larzabali, fikziozko Imanol hau posible egiteagatik». Errealitatearen eta fikzioaren arteko olgeta osatu du Harkaitz Canok “Fakirraren ahotsa” eleberrian (Susa). «Bien arteko alde nabarmenena da fikzioak koherentzia bat izan behar duela, errealitateak ez bezala». Imanol Larzabal musikari donostiarraren errealitatea erabili du idazle lasartearrak Imanol Lurgainekin gero fikzioa egiteko. «Fikzioak bere legeak ditu: pertsonaia kopurua murriztu behar duzu, ezin duzu eskola garaiko zerbait kontatu eskolakide guztiak aipatuz; beraz, krudela da. Garaiak ere laburtzen ditu. Dena murrizten da». Bere iritziz, fikzioaren zeregina gauza batzuk kamustu eta besteak zorroztea da. Gurpil zorrotzailearekin txinpartaka aritu delakoan egon daiteke irakurlea, kamuskailua alboan jarrita beti. Puntak eta despuntak ateratzen.

«Fikzio lan oro profanazio bat da». Profanazio bat, bere jatorrizko zentzuan, norbait edo zerbait tenplutik ateratzea bezala. «Tenpluan dagoena profanatzea ere bada bere lekura bueltatzea». «Zergatik Imanol?», egin du galdera eta jarraian erantzuna. «Imanolek jokatzen zuen tximistorratzak bezala, badu funtzio katalizadorea hiri eta leku diferenteetan. Euskal Herrian garrantzitsuak izan ziren lekuetan egotea egokitu zitzaion, edo egotea aukeratu zuen». Joseba Sarrionandia eta Iñaki Pikabearen ihesa, ETAko militantzia, Yoyesen heriotzaren kontrako salaketa... Eta desterrua. «Desterruan hiltzearen mitoa. Bada ñabartu beharreko zerbait».

Motibazio sentimentala

Bost urte eman ditu Harkaitz Canok orain “Fakirraren ahotsa” izenez ezagutuko den nobela idazten –urtea beteko da orain egunkari honetan “Durangora ez iristeaz” artikulua idatzi zuenetik, non azaltzen zuen ez zuela eleberria garaiz amaituko Azokarako–. «Motibazio sentimental bat ere badago. Ez zara sartzen ordu asko eskatuko dizkizun lan batean motibazio berezirik ez badago».

Hamalau urterekin poesia idazten hasi zenean sartu zen Harkaitz Cano Imanolen etxera, beste musika talde batzuekin bezala, berarekin deskubritu baitzuen beste poeta bat. «Itoizek Atxagarena bezala, Hertzainak taldeak Miranderengana bezala, Imanolek ere eraman ninduen idazten hasi nintzenean beste poeta batzuengana. Beste poeta batengana». “Oroituz”, “Mea kulparik ez” eta “Joan etorrian” diskoak aipatu ditu. «Horiekin sartu nintzen bere alderdi erromantikoenean». Tamarindoak.

Berrogei urtetako kontakizuna batzen du Canok bere azken nobelan, era kronologikoan egina. «Anomalia bat nigan, ez bainaiz horretarako gai». Eta orainaldian egin du. «Iraultza egin duenari ez dio balio iraultza atzo gertatu izana», aipatu du aurkezpenean. «Fakirra bizizalea bazen, orainaldira ekarri behar da bere ahotsa». «Fakirra deitzen zioten Imanoli –jarraitu du–. Hortik izenburua, inebitablea dena. Zergatik? Fakirra deitzen ziotelako eta bere ahotsaz ari garelako etengabe».

Fakirra ei da sua ahotik botatzen duena, iltzeak irensten dituena, brasaren gainean oinutsik ibiltzen dena, iltzezko ohearen gainean lo egiten duena... «Ez al da, bada, mina irensten duena? Norena da minaren ahotsa?», galdetu du.

Hiru hitzetan laburbildu beharko balu... «Kantari baten historia da», beste hainbat pertsonaiaz lagunduta idatzitakoa. Eta gehienak izengoitidunak. «Goitizenen arrazoi printzipala da eman zaigunarekin ez izendatzea, mundu ofizialarekin ez konformatzea. Birsortzeko kimera bat da. Umetan literatura egiteko lehen ahalegina da lagunei goitizenak jartzea. Munduan beste era batera kokatzeko nahia. Hori literatur generoa da».

Barita batez jotako artista petoaren mitoa bazter utzi eta artistaren zaurgarritasun eta argi- itzalei buruz idatzi du. «Lagun eta maitaleen arragoan sortzen da kantari hau, lagun eta inguru askoren oinarri. Musikari eta lagun askoren ondorio da Imanol, eta liburu hau ere musikari eta lagun askoren ondorio da».

Idazten hasi aurretik hainbat elkarrizketa izan zituen Canok Imanolen gertuko inguruarekin. «Nire buruari irudimenaren zaldi zoroa eman diot. Batzuetan errealitatetik urrundu nau, eta besteetan kronika zehatzetara eraman nau zaldi zoro horrek. Orain irakurleak du zaldiaren indarra eta jakin beharko du galopa dela garrantzitsuena». Gustura ote dagoen galderaren aurrean «konforme» batekin erantzuten dio orain idazleak emaitzaren satisfazio mailaz jakin nahi duenari. «Orain ez da relebantea idazlea gustura dagoen, beste norbaitek egon behar du gustura», nabarmendu du egileak.