A. G.
saski baskonia

Belauneko bihurritu baten erruz, Garino sei astez jokatu gabe izango da

Bihar Anadolu Efesen aurka jokatu behar duen Euroligako neurketa nahikoa garrantzitsu ez balitz bezala, Kirolbet Baskoniak jokalari bat gutxiagorekin egin beharko dio aurre. Patricio Garino hurrengo sei asteetan baja izango da eskuineko belaunean duen bihurritu baten erruz.

Martitzeneko entrenamenduan hartu zuen min hegaleko argentinarrak. Talde gasteiztarreko zerbitzu medikoen arabera, 2-3 graduko bihurritua du eskuin belauneko alboko lotailuan. Hala, «tratamendu kontserbadorea» ezarriko dio klubak Garinori: «plasma aberastuzko» terapia jarriko dio, bere garaian Jose Manuel Calderon, Mirza Teletovic edo Pete Mickeali jarri zioten moduan. Tratamendua jarraitzen Mikel Sanchez traumatologo ospetsua arituko da.

Besteren baten bila

Hurrengo sei asteetan Garinok ezingo du jokatu; hau da, Anadolu Efes, Moskuko CSKA eta Maccabiren aurka baja izango da argentinarra, Euroligan bederen. ACB Ligan, berriz, Iberostar Tenerife, Unicaja edo Real Madrilen aurka jokatzeke geratuko da hegoamerikarra.

Hori dela-eta, Saski Baskonia denbora tarte honi begira ordezko jokalari baten bila ari da. Hala, zurrumurruen dantza bete-betean hasi da eta dagoeneko Brandon Paul hegalekoa gasteiztarren jopuntuan omen dago. Hegaleko estatubatuarrak ACB Liga –Badalonako Joventuten jokatu zuen 2015/16 denboraldian– ondo ezagutzen du, baita Euroliga ere –Anadolu Efesentzat aritu zen 2016/17ko sasoian–. San Antonio Spursen lekua egin nahian aritu berri da, baina ez du lortu. Bestetik, Olympiacos ere beraren atzetik ei dabil.