2018/11/30

Errima literarioan

Alderantziz. Bertsolariari neurri eta doinua kendu eta galderei erantzunez jarri. Beste aldean, aktore, idazle, musikari, kazetariak gai jartzaile. Lankuk argitaratu duen «Buruz buru» argitalpenak zazpi gogoeta labur batzen ditu, zazpi liburuxka hamalau buru eta pentsamenduen konexioetatik aterata. Hamabosgarren akuilua Malen Amenabar bertsolari eta ilustratzailearena da. Bereak dira kutxa-liburu-sorta horretako diseinuak.

Ariane KAMIO|DONOSTIA
1130_kul_bertso

Izan zitekeen buruz buruko jarduera ohiko bat. Gai jartzaileak haria jarri eta bi bertsolarien arteko tenka kantatua. Eskuak poltsikoan, burua makur eta garunaren parte bat soinu eta erritmo zehatz batean esan behar duzunaren puzzlea osatu nahian. Manex Agirrek dio Lankuk bultzatako ariketa literariorako bere garunaren beste parte bat erabili duela, bertsoetatik apartekoa.

“Buruz buru” zazpi liburuxkaz osatutako kutxa-liburu-sorta da. Gogoetazkoa edo jolas izaerakoa, segun nork begiratu nola. Haien atzean hamalau buru, hogeita zortzi esku. Baina paper desberdinduetan.

Bertsolariak dira idazle –gaur egun berritasun nabarmena ez bada ere– eta kultura, kazetaritza eta bertsolaritza alorreko hainbat izen ezagun, gai jartzaile. A aldea eta B aldea ditu lanak, beraz.

A aldeko norbaitek gai bat jartzen dio B aldekoari eta horrek nahi bezala garatu behar du aurrekoaren haria. Nola? Doinu eta errimarik gabe, edo, aitzitik, nahi duen doinu eta errima literarioa baliatuta. Zazpi lan orotara, horietarik lau saiakerak, eta beste hiru ipuin forman eginak.

Bikotekako lana izan da, bertsolari mono... monokantari, monopentsalarien arau ezarriaren alde erantzian. Igor Elortzak, Uxue Alberdik, Julio Sotok, Nerea Ibarzabalek, Andoni Egañak, Manex Agirrek eta Onintza Enbeitak osatu dute bertsolarien zazpikoa. A aldea.

Beste aldean, Joseba Sarrionandia, Danele Sarriugarte, Gorka Urbizu, Eneko Sagardoy, Ruper Ordorika, Ilaski Serrano eta Maite Berriozabal. Azken hau, gai jartzaile benetakotsuena. B aldea.

4 saiakera, 3 ipuin

«Egitasmoan parte hartu duten bertsolariak kultur adierazpide desberdinetako sortzaileekin jarri ditugu jolasean: bat-bateko erregistro errimatu eta neurtua alde batera utzi eta hitz lauz erantzun diete beren bikoteek proposaturiko abiapuntuei. Ohikoak ez dituzten lanetan aritu dira gehienak, beraz; batzuk gai-emaile eta besteak, berriz, idazle», azaldu zuen atzo Donostian egindako aurkezpenean Lankuko koordinatzaile Marta Agirrezabalak.

Zergatik lan horren argitalpena? «Bertsolaria kulturgile sortzailea da, eta sortzen du orain eta hemen dituen kezka eta ziurtasunetatik. Kezka eta ziurtasun horiek, aitzitik, aldakorrak dira, eta, egokitu eta moldatu ohi dira inguruarekin harremanean; hau da, beste kulturgile sortzaileen kezka eta ziurtasunekin harremanetan».

Igor Elortza Joseba Sarrionandiaren galderapean iltzatu da; “Zer egia dakar bertsolariak?”. Itaunaren garapena da bertsolari bizkaitarrak egindako saio-lana, “Begiak” izenburu jarrita.

Danele Sarriugartek eta Uxue Alberdik osatu dute beste bikoa. Puntukako ariketa, «Getariako hondartzako txiringitoan hasia», bota zuen Alberdik eta Sarriurgartek zehaztu; «zaragozar batzuen ondoan». Herrikide, hamarkadakide eta biak idazle izaki, gauza ugari dituzte komunean. Abiapuntua, Alberdiren belaunaldiak zer ekarri dion bertsolaritzari, “Gertatzen ari da” gogoetarako.

Julio Sotok Gorka Urbizuren iradokizuna jaso zuen. Jesusa amona zen hastapena, Garesen jaiotako emakumea. «Gehienbat sentimendu pertsonaletik idatzi dut». Eta Sotok bere amona Mariaren historia erantsi dio, erdaldunak izaki, hizkuntza galera, kontzientzia eta euskararen erabilera nahigabea harilkatuz.

Onintza Enbeitak Maite Berriozabalen burutik jaso du ideia: bertsolaria kantatzen hasi orduko entzuleak sentipen zenbait badituelakoan idatzi du.

Manex Agirrek Illaski Serranorekin osatu du tandema, kazetariak planteatutako gai irekia baliatuz. «Ipuin bat da, eta ez dut gehiago kontatuko». Bigarren ipuina Nerea Ibarzabalek Eneko Sagardoyren abiapuntutik egindakoa. Errepidea, gasolindegia eta ihesean doan ama. Andoni Egañarena ere ipuina, Ruper Ordorikaren bat, bertsolaritzaren barruan dituen ez-lagunen bila abiatze umoretsu bat.

ILUSTRAZIOA


Malen Amenabar ilustratzaile eta bertsolariak egin ditu testuekin batera doazen irudiak. «Collage bidez egindako irudiak egin ditut ale bakoitzean baina guztien artean koherentzia mantentzen saiatu naiz». Proiektuaren atze-oihala ere osatu du irudiokin.