Maider IANTZI
ABADIÑO
GAZTE TOPAGUNEA ABADIÑON

Ernai: «Euskal Herrian irabazteko benetako aukerak ditugu»

Ernaik argi du: «Faxismoari aurre egiteko modu bakarra, Euskal Herriaren askatasun nazionala erdietsi eta zapalkuntzarik gabeko jendartea eraikitzea da. Euskal Herri independente, sozialista, feminista eta euskalduna irabaztea da. Eta bai, lortuko dugu!». Hortaz, borroka grinaz eta ilusioz betetako Abadiñoko Gazte Topagunetik, bide horretara batzeko deia egin zion gazte orori.

Gazteak ekitaldi nagusian, Amaiur Egurrolaren hitzartzearen ostean.
Gazteak ekitaldi nagusian, Amaiur Egurrolaren hitzartzearen ostean. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

«Amildegirantz doan mundu honetan, Euskal Herrian irabazteko benetako aukerak ditugu. Testuinguru tamalgarri honetan, baditugu heldulekuak», baieztatu zuen atzo Amaiur Egurrola Ernaiko bozeramaileak Gazte Topaguneko ekitaldi nagusian.

Abadiñon elkartutako milaka gazte abertzaleren aitzinean, Ernairen balioa aldarrikatu zuen. «Egiten duguna eta egiten ez duguna erabakigarria izango da eraikiko dugun etorkizunerako. Horregatik, apatiaren aurrean ilusioa eta grina piztu behar dira. Ernai gazte independentiston etxea da, Euskal Herriko gazte ororentzako lanabesa. Gurea da, horregatik, gazteria herri prozesuaren mesedetan martxan jartzearen erronka».

BALDINTZA UGARI

Irabazteko baldintza ugari daudela eta baldintza horiek Bizkaiko burdin hesiaren zein Intxortako lubakien aztarnetan ikus ditzakegula azaldu zuen Egurrolak. Baita 60ko hamarkadan ere, frankismoaren garairik latzenetan, herri honi behar zuen bultzada eman eta askapen borroka abiatu zuten gazteengan. Helduen alfabetatze eskoletan, ikastola klandestinoetan. Irailaren 27an eta Martxoaren 3an. Lemoizen eta Itoitzen. Basauriko 11 emakumeetan. Maiatzaren Lehenean edota greba orokorretan. Korrikan ere bai. Nabarmendu zuenez, horiek guztiek osatzen dute gure herria.

«Hamaika aldiz saiatu dira herri hau desagerrarazten, baina bizirik eta martxan heldu gara XXI. mendera. Gerren, diktadura faxisten eta trantsizio faltsuen gainetik. Borrokaren bidetik Euskal Herria bizirik heldu da. Beraz, orain gurea da ardura, gure bideari ekiteko, borrokan jarraitzeko eta herri hau garaipenera eramateko», aldarrikatu zuen.

GAZTEAK, PREST

Ernaiko ordezkariak ziurtatu zuenez, egungo gazte belaunaldia prest dago herri hau garaipenera eramateko. «Gazte independentistok garaiak eskatzen duen neurriko erantzukizun eta borrokarako grina erakutsiko dugu», egin zuen zin. «Ernai gazte borroka da, errebeldia, konpromisoa eta herri batekiko maitasuna. Inposatu diguten mundu sistema honek otzan eta obediente nahi gaitu. Baina egunero altxatzen gara horren aurka: lan militantean, ikasle greben antolaketan, euskararen aldeko borrokan, bileretan, ‘pankarteoan’, bilera osteetan luzatzen diren poteo eztabaidetan, haserre eta pozetan; nekean, baina batez ere ilusioan», deskribatu zuen Egurrolak.

Oroitu zuenez, gure nazioa ukatu eta zapaltzen dute oraindik ere, gure hizkuntza bigarren mailako gisa tratatzen dute, eta muga inposatuak ezartzen dizkigute. «Gu ez gara espainol, ezta frantses ere, gu euskaldunak gara! Eta Euskal Herri aske, sozialista, feminista eta euskaldun batekin amesten dugu».

BORROKARAKO DEIA

Ernai konbentzitua dago Euskal Herriaren askapen prozesua bururaino eramatea dela jendarte justuago bat eraikitzeko egin dezakeen ekarpenik handiena. Beraz, Euskal Herriko gazte orori egin zion dei: «Batu gaitezen, ekin diezaiogun erronka kolosal eta eder honi. Ez dugu basakeria onartuko».

Zabaltzeko unea dela uste du gazte mugimenduak, indartzekoa, gaitasunak askatzekoa, bidean gogor ekitekoa. Horregatik, buru-belarri segituko du, ukabil itxietan, ikurrin astinduetan, irrintzi oihuetan, besarkadetan eta borrokan.

«Aurrera denok batera! -animatu zuen Amaiur Egurrolak, infinitu taupada hunkitu eta indartsu lagun zituela-. Hel iezaiozue elkarri eskutik, altxa ikurrinak, bandera more eta gorriak. Jarrai dezagun borrokan eta biderkatu gaitezen ofentsiban. Gure onena eman dezagun, ilusioz eta konpromisoz. Erakutsi diezaiogun munduari eta Euskal Herriari beste etorkizun bat posible dela. Goazen zapalkuntzarik gabeko herria eraikitzera, goazen Euskal Herria askatzera. Borroka garaipenera arte!».

Borrokaz mintzatzerakoan, ez zituen ahantzi «herriaren askatasunaren alde borroka egiteagatik preso, ihesi edo atzerrian jarraitzen duten herrikideak». Oraindik ere, ehundik gora dira euskal preso, iheslari eta deportatu politikoak. «Berandu baino lehen helduko da denak etxean izan eta borrokan elkartzeko eguna», agertu zuen Ernairen desioa, eta besarkadarik handiena bidali zien. «Ez dugu etsiko denak etxean eta borrokan izan arte».

MUNDU BERRI BATEN JAIOTZA

Ezagutu dugun mundua aldatzen ari dela berretsi zuen Ernaiko kideak. «Hazkunde mugagabean eta Ameriketako Estatu Batuen nagusitasunean oinarritutako metaketa fasea amaitu da. Gauzak ez dira orain arte izan diren bezalakoak izango. Hala ere, oraindik ezin dugu jakin datorren mundu berria zein izango den». Ohartarazi zuenez, hain zuzen, horrelako momentuetan sortzen dira munstroak. Eta gerra hotsak. Gerrari eta NATOri ez erraten diote gazteek, eta hala erakutsiko dute apirilaren 25ean kaleak hartuta.

«Munstroak sortzen dira gutxi batzuen interesen defentsan faxismoa hedatzeko ezinbestekoak diren ideia erreakzionarioak hedatzen direnean», azaldu zuen. «Euskal Herrian munstroak aurpegi ezaguna du: espainolismoa. Gure herria ukatzen duten bakoitzean ikusten dugu». Baina, segurtatu zuenez, ez dute lortuko Euskal Herria ezabatzea.

Ekitaldian, eskerrak eman zizkieten Abadiño independentziaren aldarriz, borroka grinaz eta ilusioz bete dutenei, baita Abadiñoko herriari ere, harrera beroagatik. Eta, nola ez, txanda bat egin, ondokoari kanpin-denda muntatzen lagundu edota herriko autobusa antolatu dutenei. «Izugarria da batera lor dezakeguna».

Esker ona adierazi zieten hilabeteotan kaleak astindu dituztenei. Irailaren 14an Donostia hartu zutenei, zezenak bota dituztenei, “Independentziara egunak” antolatu dituztenei, Gasteizen memoria indartu dutenei eta bizi duinen alde greba egin dutenei.