Jon ORMAZABAL
PILOTA

Txapelketaren bi aurpegiek elkar elikatu dute Bilbon

Aretxabaletaren eskuko lesioak baliatuta, Artola-Mariezkurrenak euren lidergoa sendotu zuten Miribillan.

URRUTIK.-ARETXAB. 13

ARTOLA-MARIEZKUR. 22


Txapelketa hasi besterik egin ez den arren, lehiaketa guztiek dituzten bi aurpegiek topo egin zuten Bilbon eta elkar elikatu zuten, Artola-Mariezkurrena lidergoan sendotu eta Urrutikoetxea-Aretxabaletari zorteak iskin egin diela berretsiz. Jokatutako bi partidetan haizea alde zutela jokatzea tokatu zaie bi ilehoriei –atzo Aretxabaletak hasiera samarretik asko sufritu zuen eskuin eskuarekin– baina pilotakadaka uxatu dituzte, haien inguruan, batez ere atzelariarengan, izan zitezkeen zalantzak eta kontuan izan beharreko bikotea direla erakutsi dute. Fresko daude, elkarrekin ondo moldatzen dira eta kolpeari eusteko gai badira, ez dute inoren beldurrik izan behar lehiaketa honetan.

Esku-eskura zuten partidari, oraindik nola ez dakitela, ihes egiten utzi eta gero, kolpe handi samarra hartuta azaldu ziren Bilbora atzo Urrutikoetxea-Aretxabaleta eta gauzek okerrera baino ez zuten egin eurentzat. Markinako atzelariak zauri bat egin zuen ostiraleko entrenamenduan, takoak jartzen ari zela, eskuin eskuko hatz erakuslean, paperezko punturen bat ere jarri omen zioten, eta partida hasi eta gutxira zauri hori ireki eta odoletan hasi zaio. Ezinean aritu da Markina-Xemeingoa hasieratik eta hori gutxi ez eta, parean izan ditzakeen arerio deserosoenetako biren aurka arituta, lehia eskuko minez ere amaitu eta zaila ematen du hurrengo ostegunerako osatzea.

Ez du atzelari bizkaitarrak batere zorterik lesioekin eta, saiatu zen arren, Mikel Urrutikoetxeak ere ezin izan zion asko lagundu kolpez horren fresko eta eraginkor aritu ziren bi pilotariren aurka. Boleaz min egiten hasi bazen ere, Zaratamokoak oso urrunetik sartu behar izan zuen partida osoan erasora pasa nahi zuen bakoitzeko eta oso eragin gutxi, berak nahi baino askoz gutxiago, izan zuen jokoan.

Izan ere, urdinek lehendik ere jokoa atzean zigortzeko asmoa baldin bazuten, Aretxabaletaren arazoak ideia horretan sakontzera eraman zituen, eraginkortasun handiz gainera.

Mariezkurrena, agintzen

Lehen tantoan ezer ez zuen pilota bat huts egin zuen arren, Tolosan bezala, Jon Mariezkurrenak maila bikaina erakutsi zuen beretzat berriagoa den Bilboko frontoian ere. Denbora guztian bizkarra erakutsi zion bere arerioari, eskuinkada biziak jo zituen, egindako hutsen kopurua murriztea ere lortu zuen eta hori guztia gutxi balitz bezala, erasoan jokatzeko ausardia ere erakutsi zuen, nahiz eta zorte askorik ez zuen izan. Zailena etortzekoa bada ere, bere enpresako bi atzelarien aurka lortutako bi garaipen hauek oso ondo etorriko zaizkio Berriozarkoari.

Iñaki Artolak, berriz, Beotibarreko maila bikainari eutsi ahal izan zion beste arerio gogor baten aurka. Pareko atzelaria hobekien zigortzen duen aurrelarietakoa da alegiarra, baina Beotibarren bezala, aurrerapausoa emateko uneak bikain aukeratu zituen gipuzkoarrak eta aurkariak batere aukerarik gabe utzi zituzten hasieratik.