Amaia U. LASAGABASTER
Emakumezkoen futbola

Garai ikusgarri baten urrezko gailurra

Espainiak 17 urtez azpiko Munduko Txapelketa irabazi du, Europa azken urteotan menderatu ondoren.

Bere historian lehen aldiz emakumezkoen Munduko Txapelketa bat irabazi du Espainiako futbol selekzioak. Ez da txiripaz gertatu. 17 urtez azpiko taldeak lortutako garaipena garai bikain baten eta batez ere urte ikusgarri baten urrezko gailurra besterik ez da izan.

Azken urteotan, izan ere, Espainiako gazte selekzioak metal-detektagailuen amesgaizto nagusia bilakatu dira, beren lorpen handienak Europa mailan izan badira ere. 19 urtez azpiko Europako Txapelketan, azken zazpi urteotan, lau zilar eta bi urre –azken biak jarraian– lortu dituzte. Maila bat beherago, 17 urtez azpiko txapelketan, emaitza are oparoagoa da: azken zortzi urteotan, talde gorri-horiak brontze bat, hiru zilar eta hiru urre –azkena, aurten– eskuratu ditu. Ez da, beraz, belaunaldi bakarra nazioarteko elitean leku propio bat erdietsi duena.

Bai, berriz, azken urratsa eman duena. Orain arte, maila kontinentalean eskuratzen zutena munduko txapelketetan berdintzea –gerturatzea ere bai batzuetan–, kostatu izan zaie espainolei. Baina azterketa hori ere gainditu dute jada, azken hiru urteotan –jokalari berberekin kasu askotan– hiru podium oinkatu baitituzte. 2016an, brontzezko domina lortu zuten 17 urtez azpiko Munduko Txapelketan; aurten zilarrezkoa eskuratu dute 20 urtez azpikoan, finala Japonian kontra galdu ondoren. Eta Uruguain, azkenik, gailurra zapaldu dute, lehenbizi urrea zintzilikatuz.

Lorpen gehienetan emakume berbera egon da aulkian, Toña Is. Bost domina lortu dituzte entrenatzaile asturiarraren taldeek azken bost urteotan.

Irabazleen artean ez dira falta izan jokalari euskaldunak. Maiatzean Europako Txapelketa ere eskuratu zuten Paula Arana eta Naroa Uriarterekin batera, Nerea Nevadok parte hartu du Munduko Txapelketan. Protagonismo handia izan du santurtziarrak, gainera: partida guztiak jokatu ditu, bigarrena izan ezik hamaikakoan izanez.

Eta nagusiak?

Galdera nagusia, orain, Espainiako lehen taldeari dagokio. Kanadan debutatu ondoren, bere historian bigarren aldiz Munduko Txapelketa jokatuko du datorren udan Frantzian. Sailkapen fase bikaina gauzatu dute Jorge Vildaren futbolariek baina inork ez ditu ikusten txapela janzteko faboritoen artean.

Hori, egia esan, izango litzateke futbol gorri-horiak eman beharko lukeen azken urratsa, gazteek azken urteotan erakutsitako nagusitasunak ez baitu bat egiten nagusien lorpenekin. Zergatia garbi dagoela dirudi, mundu mailako selekzio indartsuenak euren Ligetan profesionalizazio maila altuena dutenak baitira. Espainian, gailur hori, zapaltzeke dago oraindik.