2018/12/05

Garbialdiko langileak, urtebete mobilizatzen eta jarraitzeko asmoz

Urtea bukatu aurretik akordiorik lortzen ez badute, urtarrilean grebarekin jarraitzeko asmoa erakutsi zuten atzo eginiko elkarretaratzean. Langileek 2010etik soldata izoztuta dute eta ez daude konforme zuzendaritzak 2019rako eskaintzen duen %2,4ko igoerarekin.

GARA|BILBO
1205_eko_garbialdi

LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek deituta, Garbialdiko langileek elkarretaratzea egin zuten atzo Bilbon, Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean. “Urtebete borrokan. Diputación implicación” lelopean batu ziren azpikontratatutako langileak, eta horietariko bostek, protesta gisa eta aurpegia estalirik, bengalak piztu eta prakak jaitsi zituzten, kulerotan geratuz.

Atzo urtea bete zen Garbialdiko enplegatuak aurreneko aldiz mobilizatu zirenetik eta adierazi zuten urtea bukatu aurretik akordiorik lortzen ez baldin badute, urtarrilean grebarekin jarraituko dutela. Hala erabakiz gero, LABeko bozeramaile Itsasne Nuñezek ohartarazi zuen «ekainekoa baino gogorragoa» izango dela.

Aldundiko garbiketa hitzarmenen azken mahai-negoziatzailea azaroaren 19an izan zen; Udalhitzeko 6. mailara parekatzeari begira, 2018-2021 urte tartean %6,54ko soldata igoera gauzatzeko proposamena mahaigaineratu zuen hor Garbialdiko zuzendaritzak.

Langileak, baina, 2010etik dute soldata izoztuta eta ez daude ados 2019rako Garbialdik proposatu duen %2,4ko igoerarekin. Azpimarratu zuten beste hainbat aldarrikapeni ez diela erantzun: lanaldi partziala dutenek lanaldi osoa izateko erraztasunak jartzea eta baja hartu eta 50. egunetik aurrera soldataren %100 jasotzea, kasu.

«Guztientzako duina»

Itsasne Nuñezek nabarmendu zuen egun hitzarmena gertuago dagoela ekainean baino, baina argitu zuen bi aldeen artean adostasuna egoteko «langile guztientzako duina» izan beharko duela akordioak.

KULEROTAN


Azpikontratatutako bost langile, protesta gisa, kulerotan jarri ziren Bizkaiko Aldundiaren aurrean, aurpegia estalita eta bengalak piztuz.