2018/12/07

Euskarazko rol joko batek irabazi du Sormen Beka
A.K.|DURANGO

ATOPIArpg euskarazko rol jokoa egiteko proiektuak irabazi du Durangoko Azokako lehenengo Sormen Beka. 15.000 euro jaso ditu orotara Etzi Portu Maritimoa taldeak –Xabier Landabidea, Galder Gonzalez, Beñat Irasuegi, Ohiana Calparsoro, Yerai Gascon, Unai Gorrotxategi, Gorka Salces eta Eneko Olazabalek osatutakoa– bere egitasmoa garatzeko eta 2019ko Azokan aurkeztuko dute euskarazko lehenengo rol jokoa izango dena.

Garbiñe Ubeda, Patxi Zubizarreta, Esti Albizu, Xabier Boveda eta Itxaro Bordak osatu dute aurtengo epaimahaia eta, azken horrek adierazi zuenez, 28 lan jaso dituzte orotara –aurten literaturara bideratua izan da beka– eta hiru proiektu bereizi zituzten. Etzi Portu Maritimoa izan da azkenean hautatua. Kide ia guztiak izan ziren atzo Durangoko Azokan. «Elkarri ipuinak kontatzeko modu bat da rol jokoena, tradizio luzeko modu bat eta euskaraz ez genuen aurkitzen», diote. Borrokan dauden bost fakzio sortu dituzte eta errekrutatzen ari dira dagoeneko. Hurrengo urterako lehen partidarako mugimenduak hasi dira.