Aitziber Pz. KARKAMO
Kazetaria

Ostadarrak

Gurean ere badira ejerzito grisaren soldaduak. Zeruari mugak jarri nahi lizkioketen horiek, euren ezintasunean, paretetan margotutako aniztasunaren ostadarrak zikintzen eta ezabatzen dituztenak, azken asteotan Nafarroako txoko batean birritan egin duten moduan. Min ematen dute, baina koloreak auzolana bezainbeste maite dugun herrikoak gara eta ostadarrari argia itzuli diote.

Gurean ere badirelako koloretako margorik gabeko eskola grisak nahi dituztenak, gaurko geletan aniztasuna lantzeak biharko bizitzak askatasunez eraikitzea dakarrelako, eta Nafarroan mehatxua darabilte pribilegioak galtzearen beldur diren ustezko moralaren zaindariak.

Gurean ere badirelako gezurretan eta gorroto zurrumurrutan eraikitako errealitateak sinetsarazi dizkigutenak, gure egoera itogarrien errudun gu baino zapalduago eta kasik itota iristen direnak direla sostengatzen duten egunkarien babesean.

Hedabideak itxi dituzten herrikoak gara eta hori lagungarri zaigu errealitatearen irakurketak egiteko orduan. Hargatik ez nau ezustean hartu ultraeskuindarren igoerak, gurean aspaldi direlako, baina harritzeko gaitasuna ukitua badugu ere, bestelako ahalmenetan ez gaituzte erraz kikilduko eta ostadarrak margotzen jarraituko dugu, burugogorrak baikara egunkari berriak zabaltzen ikasi duen herrian.