2019/01/11

(H)ilbeltza literatur jaialdiaren bosgarren edizioa hastear da

Astelehenean hasiko da Euskal Nobela Beltzaren Astea eta igandera arte luzatuko da. Egun horietarako, Baztango hainbat herritan solasaldiak, antzezlanak eta bazkariak antolatu dituzte, literatur generoari buruz hitz egin eta ikasteko asmoz.

GARA|IRUÑEA
0111_kul_hilbeltza

(H)ilbeltza, Euskal Nobela Beltzaren Astea, urtarrilaren 14an hasiko da. Baztanen egiten den ekimen honen bosgarren edizioa izango da honakoa.

Iruñean egin zuten aurkezpenean adierazi zutenez, gozatzen jarraitzen duten bitartean astea antolatzen jarraituko dute. Momentuz gustura dabiltza elkarlanean (H)ilbeltza gero eta handiagoa egiten, euskal nobela beltza sustatzeko asmoz. Aurten 30 pertsona inguruk hartuko dute parte zuzenean, solasaldiak ematen, antzerkia egiten eta musika jotzen; afaltzera edota poteatzera joango direnak zenbatu gabe.

Hala, ilbeltzaren 14an, astelehenenean, 19.30ean, Arizkungo medikuaren etxeko liburutegi beltzean “Idazleekin solasean” ekitaldia izango da. «Liburu bat aukeratu eta idazlea gonbidatzen dugu merendu goxo baten bueltan liburuaz solastera», azaldu zuten. Aurten, idazlea ez, itzultzailea bertaratuko da: Xabier Olarrak Igela argitaletxearekin euskaratu duen “Uzta gorria” liburua aurkeztuko du, Dashiell Hammetten-ena.

Urtarrilaren 16an euskal nobela beltzen klasiko bat hautatuko dute eta horren inguruan arituko dira. «(H)ilbeltzatik pasatu dira Loidi, Izeta, Garate eta Peillen. Aurten Xabier Gereñori buruz ikasiko dugu. Euskaltzalea zen, eta irakurleak sortzeko idatzi zuen. Bere euskara ikasteko metodoetan txertatu zituen nobelak eta horietan Jurgi Kapitaina sortu zuen», aipatu zuten. Koldo Izagirre gonbidatu dute Gereñori buruz azalpenak emateko. Zita Anizen izango da, Mendiarte elkartean, iluntzeko zazpietan.

Hurrengo hitzordua urtarrilaren 18an izango da, Elizondoko Arizkunenea kultur etxean, non Gontzal Agote zinema kritikariak “Hemingway ere beltza zen” hitzaldia eskainiko duen. «Ezin da erran Hemingwayk genero beltza bereziki landu zuenik, ipuin eta eleberri ilunak izan arren. Paradoxikoki baina, Hemingwayren zinemarako egokitzapenik onenak zinema beltzaren generokoak dira», agertu zuten.

Asteburu betea

Asteburuan asteak indarra hartuko du eta ekitaldi gehiago prestatu dute ordurako. Larunbatean goizetik gauera arteko egitaraua izango dute. 11.00etan, Elizondoko kultur etxean, Itxaro Borda eta Edorta Jimenez “Hiria eta landa eremuaren trataera nobela beltzean” mahai-inguruan izango dira, Ana Galarraga moderatzaile dutela.

Solasaldia amaitzen denean Erratzura joango dira denak, bazkaltzera. Idazleekin hitz egiteko aukera bezala ikusten dute hau, nahiz eta ez den helburu nagusia. Bertara joateko txartelak erreserbatu daitezkeela iragarri zuten.

Bazkalostean, 17.00 inguruan, liburu aurkezpenekin hasiko dira. Miel Anjel Eustondok (H)ilbeltza Bekari esker landu ahal izan duen “Kezko bola batek itoak birikak” aurkeztuko du. Honen atzetik etorriko dira Edorta Jimenezen “Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua” eta Xabier Etxeberriaren “Berriro itzuliko balitz”.

Iluntzean “Susmagarrien gaua” jolas dibertigarria egingo dute Erratzuko ostatuetan barna. «Elkar hobeki ezagutu eta jolasean aritzeko parada izanen da. Aurreko urteetan bezala, sorpresaz eta inkognitaz betetako jokoa izanen dugu, irri eta orro goxoan aritzeko», iragarri zuten antolatzaileek.

Igandea izango da azken eguna. «Erran beharra dugu (H)ilbeltzaren irizpideetako bat dela ekitaldiak ez zentralizatzea, eta Baztanek dituen 15 herrietatik ahal den gehienetara ailegatzea urterik urtera. Ez gara guztietara ailegatzen baina ‘Itzuli beltza’ da preseski herri desberdinetan ematen den bakarra», adierazi zuten.

Hala, aurtengo “Itzuli beltza” Arraiozen izango da (11.00), bertako herritarren laguntzarekin. «Istorio bat ezagutzeko aukera eskainiko digu kontalariak, antzezle, musikari eta herritarren laguntzarekin», esan zuten. Asmatu duten istorioan Arraiozen inauteriak izango dira eta trikitixarekin batera, bele beltzak kantuz eta dantzan ibiliko dira kaleetan barrena.

Arratsaldez, 19.00etan, Elizondoko kultur etxean Jon Alonsok idatzitako “Chandlerren alde... edo kontra” irakurketa girotua egingo dute, Mairu antzerki taldearen laguntzaz, eta honekin amaitutzat emango dute aurtengo Euskal Nobela Beltzaren Astea.

Azkenik, aurkezpenean gogorarazi zuten 2017an sortu zen (H)ilbeltza Bekaren hirugarren edizioaren berri emango dutela astea amaitu eta berehala, eta idazleak parte hartzera animatu zituzten.

IRAKURLE TALDEA


Astea Baztango Idazleekin Solasean irakurle taldeko kide batzuek abiarazi zuten, baina egun ezin da esan kide horiek soilik osatzen dutenik, gero eta handiagoa bilakatzen ari delako.
Loading player...

Baiona: bideo-laburpena

Loading player...

Bilbo: bideo-laburpena