2019/01/12

Eguneroko zurrunbilotik irtenda

Maiz askotan zoria saihesteko hartzen ditugun bideetan aurkitzen dugu gure zori hori bera»; Jean de La Fontaineren esaldia dugu komiki honen hasieran, eta azaleko irudiak, izenburuak eta abarrek bezala, pista bat ematen digu komiki honen gaiaren inguruan, gure bizitzaren nondik norakoak ustekabean aurkitzen ditugula batzuetan gutxien espero dugun tokian eta moduan.

Lily neska gaztea dugu komiki honetako protagonista nagusietariko bat, edo nagusia, hobeto esanda. Medikuaren kontsultan dagoela hasten da istorioa, honek haurdun dagoela adierazten dionean. Irakurleak argi eta garbi ikusten du ustekabe honek nolako eragina duen neska gaztearengan; zalantzan dago umea izan ala ez, zalantzan bere mutil lagunari kontatu ala ez… eta egoera are gehiago korapilatzeko lagunak kanpoan egon behar duela adierazten dio, disko bat grabatu eta ondoren bira bat izango dutela areto handietan zehar. Okerrena, baina, zera da: Felixek, Lilyren mutil lagunak, ezingo duela iloba jaso eta zaindu hurrengo hamar egunetan, eta zama hori haurra ezagutzen ez duen Lilyrengan geratzen dela. Lilyk mutikoaren nahiak bete nahi izan arren, Baltasarrek amaren hutsunea nabaritzen du eta oso zaila gertatzen da ezezagun bien arteko harremana hasiera batean.

Marie Duvoisin-ek irudi errealista eta adierazkorren bidez ederki islatzen du protagonisten baitan jazotzen dena. Irudi gehienak, hasiera honetan gainera, barrukoak dira, etxe eta aireportu barrukoak.

Egoera aldatuko da, zoria aldatzeko bide horietako bat hartzea erabakitzen dutenean. «Zer iruditzen zaizu Eiffel dorrea ikustera joan beharrean mendi ibilaldi bat egiten badugu?», proposatzen dio Lilyk Baltasarri, eta hortik aurrera liburuari zentzua, protagonistei argibidea eta irakurleei abenturaz gozatzeko aukera ematen dien istorioa aurkituko dugu. Neskak eta mutikoak bidean hartzen duten mutil gazte “berezi”-arekin, istripu baten ondoren aurkitzen duten baserriarekin eta, batez ere, bertan bizi den agure bakartiarekin egingo du topo irakurleak.

Liburuan protagonisten istorioak korapilatzen joango dira eta barnean ditugun arazoei, beldurrei, nahiei eta ezintasunei irtenbidea bilatzeko modua erakutsiko digute. Hiritik mendira, barrutik kanpora, inkomunikaziotik sentimenduak azaleratzera garamatzate.

Testuen eta irudien bidezko mezuak, batzuetan argiak baina askotan iradokitzaileak, erabiliz. Eta hau dena heldu nahiz gazteen gustuko lanaren bidez; izan ere, Gwenola Morizur-ek, komiki gidoilaria izan aurretik, gazteentzako hainbat lan argitaratuak zituen.

“Hasiera berri bat” lanean ume abandonatua aurki dezakegu, haurdunaldiaz zalantzak dituen neska gaztea, etxetik bota duten mutila, bakarrik bizi den aitona; baina, batez ere, gure gaurko gizarteaz eta egiten dugunaz pentsatzeko aukera aurki dezakegu. Egileek, abenturazko narrazio baten bidez (hainbat aipu egiten zaizkie Balatasar irakurtzen ari den J. Verneren idazlanei), gure bizimoduaren inguruko gogoeta bultzatzen dute, eta erakutsi, elkarri lagundu nahi izanez gero, elkarrekin arituz, elkarri hitz eginez arazo asko bidera daitezkeela. Tamalez, ohikoena inkomunikazioa da gure eguneroko bizitzan. Eta horixe da liburu honen irakurketa anitzetako bat, disfrutatzeaz gain, une atsegina igaro eta abenturak bizitzeaz gain, liburuak gure baitako hainbat eta hainbat sentimendu uki ditzakeela.

Alde horretatik, eskertzekoa da Harriet etxeak egindako ekarpena (jatorrizko bertsioa frantsesez argitaratu eta hilabete gutxira, M. A. Elustondok ederki itzulita) euskal irakurleen eskura komiki hau ezartzeagatik, bai eta poliki-poliki bere katalogoa zabaltzen joateagatik eta irakurle gazte nahiz helduei euskaraz gozatzeko eskaintza zabaltzeagatik ere.