2019/01/15

Iruña-Veleia auziari «tripak atera» dizkio Elexpuruk

Badira hamabi urte Iruña-Veleiako auzia abiatu zenetik eta artean ez da ebatzi bertan topatutako grafitoak egiazkoak ala faltsuak diren. Juan Martin Elexpuru auziaren gakoak ematen ahalegindu da «¿Qué está pasando con Iruña-Veleia?» (Pamiela) liburuaren bidez.

Amalur ARTOLA|DONOSTIA
0115_kul_elexpuru

Hamarkadatik gora igaro da jada Iruña-Veleiako aztarnategian euskararen historia iraul zezaketen grafitoak azaldu zirenetik. Gauza asko gertatu da ordutik, alde batekoek eta bestekoek gogor defendatu dituzte euren iritziak, kritikak eta kontrakritikak bata bestearen gainean pilatu dira, baina, artean, argitzeke dago oraindik ere grafito horiek benetakoak ala faltsuak diren. «Ez dakigu benetakoak diren, baina bai arkeologoak Damoklesen ezpata baten pean daudela heltzen ez den epaiketa baten zain, Euskal Herrian inoiz izan den instrukzio fase luzeenean», salatu zuen Juan Martin Elexpuruk, “¿Qué está pasando con Iruña-Veleia?” liburuaren egileak.

Pamiela argitaletxearekin atera duen lan berrian, Iruña-Veleia auziari «tripak ateratzen» ahalegindu dela azaldu zuen Elexpuruk, aurkikuntza egin zenetik gaur egunera bitarteko kronika osatzeko saiakera eginez. «Nahiz eta gaia arantzatsua izan, ez da ezer geratu ukitu gabe», ziurtatu zuen, eta bertan aipatzen duen guztia dokumentuetan oinarritu duela ere esan zuen, «bai epaitegietakoak, bai Ertzaintzarenak eta, jakina, baita bi aldeetako txosten zientifikoak ere». Horrez gainera, prentsan argitaratu diren iritzi artikuluak eta blog eta foroetan aferak izan duen jarraipena ere hartu du kontuan Elexpuruk. Grafitoen deskripzio laburrak eta aldeko zein aurkakoen iritzien laburpenak osatzen dute liburua.

«Auzia lehertu ondoren unibertsitateak bere esku hartu zuen aztarnategia eta etapa hori martxan egon den bederatzi urteak zer-nolako desastrea izan diren ere aipatzen dut. Bederatzi urteren ondoren ez dago txosten zientifiko bakar bat ere hango aurkikuntzari buruz», kritikatu zuen, eta argitalpenaren asmoa «kontzientziak argitzea» eta «auziaren bizkortzea» direla baieztatu zuen.

Aurkezpenean bere alboan izan zituen Elexpuruk Idoia Filloy, aztarnategiko zuzendarikide izandakoa eta Eliseo Gil zuzendariarekin batera auzipetuta dagoen arkeologoa, eta Koenraad Van der Driessche, lehen txostenak aztertu zituenetik benetakotasuna defendatu duen geokimikari belgikarra.

Hitza hartuta, aferak bere ibilbide profesionalean izan duen eraginaz jardun zen Filloy («hamasei urtetatik nabil aztarnategietan eta orain ezin dut») eta grafitoen benetakotasuna zalantzan jarri zenean hiru bide proposatu zituztela ekarri zuen gogora: auzia aztertuko zuen nazioarteko komisio baten sorrera, proba analitikoak egitea eta indusketa gehiago egitea. «Baina Diputazioan Lorena Lopez de Lacalle sartu zenean, soilik aholku batzorde bat sortu zen, EHUko kideek osatua eta horietatik batzuk, gainera, aurkikuntzaren benetakotasunarekiko kontrakotasuna publikoki adierazi zutenak», salatu zuen. Batzordeak, Filloyren hitzetan, «hasieratik zuen grafitoak faltsutzat deklaratzeko asmoa. Batzordeak ez zuen faltsutzearen froga bakar bat ere erakutsi, baina iritzi publikoak kondenatu gintuen jada. Informearekin, debate zientifikoa itxi nahi izan zuten», ondorioztatu zuen arkeologoak.

Epaitegietatik urrun, auzia alor zientifikotik ebatzi beharko litzatekeela ere iritzi zion Filloyk eta horren aldeko deia egin zuen: «Gu beti egon gara proba gehiago egitearen alde, uste baitugu froga zientifikoen bidez argitu behar dela auzi hau. Espero dugu bide judiziala laster argitzea eta grafitoak denon eskura uztea, aztertzeko aukera izan dezagun, Iruña-Veleiakoa denon ondarea delako», esan zuen.

Proba gehiago egitearen alde agertu zen, baita ere, Van den Driessche, eta proposamena ere egin zuen: Bretainia Handian proba berriak egitea.

Bretainia Handiko probak

Lurpean 1.700 urte daramaten elementuek izaten duten higadura aztertzeko Bretainia Handiko ikerketa zientifikoen zentro batekin harremanetan jarria da geokimikari belgikarra. «Uste izan dugu iritzia emateko instituzio egokia dela», azaldu zuen, baina epaileari eta Diputazioari proposamena egin zietenean ezezko erantzuna jaso zutela jakinarazi zuen. «Alde bakarrekoek eskatu genuenez ezin zitekeela egin esan zigun», gaineratu zuen Elexpuruk.

«Piezak faltsu gisa katalogatu aurretik ikerketa zientifiko analitiko egoki bat egin dadila eskatzen dugu, eta ikerketa hori egin dezala bere lana era egokian egingo duela bermatuko duen instituzio batek, orain artean ez baita horrelakorik egon», eskatu zuen Van den Driesschek.

BERMEA


«Piezak faltsu gisa katalogatu aurretik ikerketa zientifiko analitiko egoki bat egin dadila eskatzen dugu, eta ikerketa hori egin dezala bere lana era egokian egingo duela bermatuko duen instituzio batek, orain artean ez baita horrelakorik egon», eskatu zuen Van den Driesschek.


 

Loading player...