Andoni ARABAOLAZA
MENDIKO ESKIA

Euskal eskiatzaileentzat emaitza bikainak Espainiako Txapelketan

Hilaren 8, 9 eta 10ean, Boi Taullen, Fedme-ren hitzordu nagusia jokatu zen hiru modalitatetan: esprint, indibiduala eta kronoigoera. Iñigo Martinez de Albornoz euskal ordezkari sasoikoena izan zen.

Euskal eskiatzaileentzat mendiko eskiko lehien denboraldiak hitzordu nagusi bat izan berri du. Fedmek antolatuta, hilaren 8, 9 eta 10ean, Espainiako Txapelketa jokatu zen. Hain zuzen ere, hiru modalitateotan: esprint, indibiduala eta kronoigoera. Boi Taull estazioa izan zen egoitza, eta lehen aldiz infantilen kategoriak lekua izan zuen.

Euskal ordezkarien lanari dagokionez, aurreratu behar dugu emaitza onenak erdietsi zituena Iñigo Martinez de Albornoz izan zela. Nahiz eta promesetan lehiatu, seniorretan lehen postuetan ibiltzen da. Azken maila horretan, min hartuta zegoenez, hutsune garrantzitsu bat izan zen: Nahia Quincoces.

Lehen lehiari dagokionez, Martinez de Albornozek argi erakutsi zuen esprintean ondo moldatzen dela. Seniorretan, lehen domina lortu zuen: zilarra. Eta urrea promesetan. Beste bi brontze lortu ziren: Igor Alzelaik beteranoen A mailan eta Nahia Azconak juniorretan.

Biharamunean, txapelketa hirukoitz horren lehia nagusia jokatu zen: indibiduala. Eguraldi bikaina izan zuten, eta elurraren baldintzek ez zuten eragozpenik jarri. Seniorrentzat 1.000 metroko desnibela zuen ibilbide teknikoa markatu zuten.

Podium gehiago

Martinez de Albornoz gogor lehiatu zen, eta beste bi emaitza bikain patrikara eraman zituen; zalantzarik gabe, euskal ordezkarien artean sasoikoena da. Gogoratu dezagun, Fedme-ren izenean Munduko Kopan lehiatzen ari dela. Donostiarrak laugarren postuan zeharkatu zuen helmuga puntua, baina aurretik iritsi zenari 3 minutuko zigorra ezarri zioten azken metroetan ibilbidetik ateratzeagatik. Donostiarrak, beraz, brontzea eskuratu zuen. Eta, jakina, urrea, promesetan. Ia 5 minutuko aldea atera zion bigarrenari.

Beteranoen A mailan, Leire Velezek garaipen garrantzitsua erdietsi zuen. Eta beste nafar batek, Rita Jimenezek, zilarra sinatu zuen baina juniorretan.

Hilaren 10ean, hirugarren eta azken lehia izan zen: kronoigoera. Aurreko egunetan bezala eguzkia atera zen, baina helmuga puntuan haize zorrotza jasan behar izan zuten. Seniorretan, donostiarra ez zen podiumera igo. Bai, ordea, aurreko lehietan kutxa horietara igo ezinik ibili zen Igone Campos. Zilarra lortu zuen. Martinez de Albornozek beste garaipen bat sinatu zuen promesetan. Velezek bezala baina beteranoen A mailan. Eta juniorretan honako emaitzak izan ziren: Jimenez bigarren eta Ane Iturriaga hirugarren.