2019/02/26

Behe Paleolitoko aztarnak aurkitu dituzte Praileaitzen

Praileaitz I haitzuloan Behe Paleolitoko aztarnak aurkitu ditu Xavier Peñalver arkeologoa buru duen ikertzaile taldeak. 200.000 urteko antzinatasuna izan dezaketen piezak topatu dira kobazuloan, horien artean harrizko lanabesak eta bertan kontsumitutako animalien hondarrak, elefanteen familiako ugaztun baten hezurra eta hartz baten letaginak.

Ariane KAMIO|DONOSTIA
0226_kul_praileaitz

Iazko kanpainan Praileaitz I (Deba) haitzuloan egin zituzten aurkikuntzek orain dela 200.000 urte inguru bertan bizi izan ziren gizakienganaino eraman dute Xabier Peñalver Aranzadiko arkeologoa eta bere lantaldea. Aro horretako aztarnak oso bakanak dira Gipuzkoan, Lezetxiki edo Isturitz aipatu zituen Peñalverrek berak, baina kontestualizatu gabeak direlakoan dago. Ez da, ordea, Praileaitzen kasua. 2000. urteaz geroztik indusketa lanetan ari dira Debako haitzuloan eta askotarikoak izan dira egindako aurkikuntzak. Labar-margoak edo harrizko zintzilikari bat, duela 15.000 urte bertan xaman bat bizi izan zela ondorioztatzeko bidea eman zutenak, adibidez.

2018an egindako ikerketa lanek, ordea, antzinatasun handiagoko aurkikuntzak egitera eraman dute Peñalver buru duen taldea. Hain zuzen, 200.000 urte inguru bertan bizi izan zen gizakiarenganaino hurbildu dute. Ikerketa saio hori aurretiaz aurkitutako beste sarrera batetik abiatuta egin zuten, eta sedimentuz jositako galeriatan egin zituzten indusketa lanak. Peñalverrek aspaldian defendatu du Praileaitzeko haitzuloan sedimentu ugari dagoela pilatuta eta berriki aztertu duten azaleraren azpian metro ugari behera egin daitekeela ohartarazi zuen.

Ikerketa arkeologikoek izatez eskatzen duten erritmo geldoagatik ere –sei metro koadrotan egin dituzte soilik ikerketak azken kanpainan– emaitza esanguratsuak lortu dituzte. «Duela 200.000 urte bertan bizi zen gizakiak haitzuloan lanabesak egiten zituela eta ehizatutako jakiak bertan jaten zituela ondoriozta dezakegu», nabarmendu zuen Peñalverrek. Izan ere, aurkikuntzen artean baitaude harrizko lanabesak eta kontsumitutako animalien hondarrak, aipatutako antzinatasunekoak. Azkeneko horien artean azpimarratzekoak dira elefanteen familiako ugaztun handi baten hezurra –mamutarena izan daitekeen kalkaneo zati bat– eta hartz baten letaginak –Ursus spelaeus–, Behe Paleolitokoak denak. «Hezurra antzinako elefantearena edo mamutarena izan daiteke. Ez dago oraindik ziurtatzerik, garaian bizi zen klimaren araberakoa baita hori. Glaziaziokoa edo glaziazio tarteetako hezurra izan daiteke. Garaiko landarediaren informazio gehiago ere lortuko dugu polen arrastoen bitartez», nabarmendu zuen.

Peñalverren irudiko, zaila da pentsatzea garaiko gizakiak halako animaliatzarrak ehizatzeko gaitasunik zuenik, ikusirik gainera zein ehiza material eta lanabes aurkitu diren bertan. «Ziurrenik sarraskijaleak izango ziren; halako animaliatzarrak hilik aurkituko zituzten eta zatiak haitzulora eramango zituzten bertan jateko. Animalia txikiagoak bai, haiek ehizatuko zituzten», zehaztu zuen. Aurkitutako hezur zatiak 25-30 zentimetroko neurria du eta Gordailuak zainduko du.

Sedimentazioa

Urteak daramatza Xabier Peñalverrek Praileaitz haitzuloaren garrantzi arkeologikoaz ohartarazten, eta denborak arrazoi emango diola dirudi. Xamanari lotutako lehen aurkikuntza haietatik hainbat pieza gehiago azaleratu dira Debako kobazuloan, eta hori urteetako lanaren ondorio izan da. Haitzuloaren zati handi bat sedimentu azpian dago; hau da, mendeetan pilatutako lurrak material arkeologikoa estali du. Horregatik, ikerketa lanak mailaz maila egiten ari dira, erritmo geldoan. «Metro koadro bakoitza 33 zentimetrotako laukietan banatzen da. Indusketan zentimetro edo zentimetro eta erdi altxatzen da bakarrik».

Georradarrekin egindako estudioek adierazten dute gaur egun arte induskatutako azaleraren azpian sei metroko sedimentazioa dagoela. Horrek esan nahi du, beraz, ikerketak aurrera egin ahala litekeena dela aurkikuntza gehiago egotea.

Peñalverren aburuz, Praileaitz «altxor arkeologikoa da», eta bere kontserbazioa berebizikoa da, Neanderthal aurreko garairainoko informazioa gordetzen baitu bere baitan. Baina Praileaitz Sasiolako harrobiaren barruan dago eta bere jarduerak kinka larrian jartzen du haitzuloaren etorkizuna.

Peñalverrek berak hainbatetan galdegin izan du kobazuloaren inguruan segurtasun perimetroa handitzea eta, hala, harrobiaren jarduerak bere etorkizuna zalantzan ez jartzea. Eta ez da haitzuloa bakarrik. Kobazuloa inguratzen duen mendi hegala suntsitu gabe mantentzeko eskaerak ere ugariak izan dira azken urteetan, haitzuloaren barruan dagoena ez ezik, kontestua ez suntsitzea ezinbestekoa baita arkeologoaren iritziz. «Indusketak egiten jarraituko dugu eta egunen batean beste irteera bat aurkituko dugu, harrobiaren horma bertikalera eramango gaituena», ohartarazi zuen.

Iazko kanpainaren ondoren, aurtengoan ere arkeologiari zuzendutako diru partida izango dela aurreratu zuen Aldundiak, eta Aranzadik ikertzen jarraitu ahal izango du.

6.000-8.000 KILO


Aurkitutako hezur zatia «Elephas antiquus» animaliarena edo mamutarena izan daitekeela adierazi zuen Peñalverrek. Klimaren araberakoa da hori, «Elephas antiquus» giro epelagoan bizi baitzen, mamuta, aldiz, hotzagoan. 6.000-8.000 kiloko pisua izatera iristen zen animalia baten hezurra da.