Eizmendi, «Plaza Berria» harriarekin indartsuena
Larunbatean jokatu zen Azkoitiko Gurea pilotalekuan “Plaza Berria” izeneko harri baldarrarekin zortzi harri-jasotzaileren arteko txapelketa. 139 kiloko harria da eta batzuek komeriak izan zituzten belaun gainean jartzeko. Behin gerrian buelta emanda zailtasun handirik ez zuen izan gehienentzat. Txukun eta gozoen jasotzen zuena, gorputzez arinena gure iritziz, Orioko Gorka Etxeberria izan zen. Beñat Telleriak, ordea, aurrenekoa jaso arte komeriak izan zituen, batez ere izter gainean jartzen, hankartetik ospa egiten baitzion.
Sei minutuko txanda zuen bakoitzak eta denbora horretan Jokin Eizmendik 12 jasoaldi eman zizkion. Imanol Illarramendi Kortaberrik 9 leporatze egin zituen. Zortzi aldiz, Gorka Etxeberriak. Jarraian, Sergio Mielgo madrildarra, Jesusmari Iruretagoiena Izeta III.a, Joseba Ostolatza eta Aimar Galarraga, 7 aldiz leporatuz. 6 jasoaldirekin, Beñat Telleria.
Segidan, Aitzol Atutxa, Iker Vicente eta Mikel Larrañaga aizkolariak aritu ziren. Bakoitzak zortzi kana-erdiko. Joko bizia, lehia handikoa eta entretenigarria suertatu zen 250 bat ikusleren aurrean. Egurrak, gibelean hirurentzat agertu zituen adar opari txiki batzuk. Irabazlea Vicente izan zen (15:24).
Banakako Urrezko Aizkora
Agurainen jokatu zen larunbat arratsaldez Urrezko Aizkolarien banakako lehen saioa. 12 aizkolarik parte hartu zuten eta lehen fasean sailkapen probak egin ondoren azken saiorako sei gelditu ziren eta horietatik bi onenak, aurrera egin dutenak, Xuban Kañamares eta Julen Alberdi Elorriaga izan ziren.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
