2019/03/14

Umore Azokak doako 120 kale ikuskizun eskainiko ditu 20. edizioan
GARA|LEIOA

Leioako Udalak antolatzen duen Umore Azokak aukeratu ditu maiatzaren 16tik 19ra egingo den 20. edizioan parte hartuko duten 49 konpainiak.

Antolakuntzak jakinarazi zuenez, programatutako ikuskizunen erdiak baino gehiago estreinaldiak izango dira. Erabateko 19 estreinaldi, kaleko hiru estreinaldi eta Estatu mailako zazpi estreinaldi jasoko ditu.

Guztira, 120 emanaldi baino gehiago eskainiko dira Leioan, aire zabalean eta ohikoak ez diren guneetan, dohainik, eta ikus-entzule guztiei zuzendutako diziplina ugaritakoak. Antzerki eta zirku garaikidea izango dira programazioaren ardatzak, eta diziplina anitzeko ikuskizunek eta bestelako generoek ere toki garrantzitsua izango dute; besteak beste, musikak, magiak, clownek, dantza bertikal eta airekoek, txotxongiloek, harearekin egindako arteek eta musika tresnak egiteko tailer batek.

Euskal taldeak

EAEko 19 konpainiak hartuko dute parte, 20 ikuskizun prestatuz. Akelar, Ana Capilla konpainia, Circo Dabitxi, Demode Quartet, Dikothomia konpainia, Garazi & Cía, Goitibera, Intujai Teatro, La Glo Zirko Dantza, Leioako Kantika Korala, Malas Compañías Zirko Taldea, Malicia! Cía., Organik, Reportero On Fire, Salitre Teatro, Toni La Sal, Tramatrakka, Trapu Zaharra eta Zanguango Teatro dira horiek.

Bestetik, Kataluniako sei konpainia ere izango dira, Andaluzia eta Madrilgo hiruna, Murtzia eta Galiziako bina eta Valentziako, Gaztela-Mantxako eta Gaztela eta Leongo bana. Estatu frantseseko lau talde (gehi beste ekoizpen bat Alemaniarekin batera), Italiako bi konpainia eta Belgikako bat ere bertaratuko dira.