Haritz LARRAÑAGA
IKASLEEN DEIALDIA

Klimaren aldeko grebari erantzunez 1.200 ikasle mobilizatu ziren Baionan

Greta Thunberg ikasle suediarrak deitu zuen mundu mailako greba deialdiak erantzun zabala izan zuen Baionan. Friday for Future dinamikarekin bat eginez, lizeo guztietako ikasleak kalera atera ziren «klima aldaketarekin gizateria arriskuan» dela salatzera.

Goizeko 8.30ean irten zen Cassin lizeotik zutabe nagusia, Johan Riviere bozeramailea buru zuela. Riviere Estatu frantsesean greba deialdia egiteko zabaldu zen manifestua sinatu zuten hamar ikasleetako bat da eta atzo nahikoa lan izan zuen kazetarien galderei erantzuten. GARAri egindako adierazpenetan, «ez genuen uste hainbeste jende bilduko zenik», aitortu zuen.

Triziklo batean ezarri zituzten bozgorailuak musika aireratzen hasi orduko 600 ikasle Baionako erdigunera abiatu ziren. Artean, eskuko megafonia zuen neska batek oihukatzen zituen lemak errepikatzen zituzten manifestariek eta antolakuntza lanetan zebilen lagunak motelago ibiltzeko eskatzen zien, ziztu bizian baitzihoazen.

Bidean jendea biltzen

Aurrera egin ahala beste lizeoetako ikasleak batzen joan ziren, baita ikasleen aldarriekin bat egin nahi zuten hiritarrak ere. Eskuz egindako afixa koloretsuetan dozenaka lema irakur zitezkeen: “Ez dago B planeta bat”, “Klima banketxe bat balitz, aspaldi salbatuko genuen”, “Dinosauroek ere denbora zutela pentsatuko zuten”, “Negua ez da etorriko, badoa”, eta abar.

Etxepare lizeoko ikasle talde batek “Sistema aldatu, geroa bermatu!” leloa zuen pankarta ireki zuen. Ertz bat eusten zuen Julen 17 urteko Hazparneko ikaslearen iritziz, «inportantea da gure mundua salbatzea, zeren poluzioa garatzen ari da, eta ezer egiten ez badugu gailendu egingo da». Pankartaren beste muturrean ziren Aina eta Enekak ingurumena lantzeko lizeoan sortu duten talde baten berri eman zuten eta «gobernuaren utzikeria» salatu zuten.

Udaletxean jende andana bildu zen eta, ondoren, prefeturan geldialdia egin zuten. Bidean, baziren ikasleei txalo egiten zieten herritarrak, irri egiten zuten langileak, baita atxikimendua adierazteko klaxona jotzen zuten kamioi gidariak ere, baina baita mobilizazioa sortzen ari zen auto ilaren ondorioz kexu ziren gidariak ere. Horregatik, ikasle batek «barkatu eragozpenak, baina mundua aldatzen saiatzen ari gara» zioen afixa erakusten zien.

Hainbeste oihu eta dantza artean, manifestazio burua bi aldiz tronpatu zen eta okerreko bidea hartu zuen. Manifestazioari jarraitzen zioten poliziak erotzen hasiak ziren hainbeste aldaketarekin, baina azkenean heldu ziren helmugara: Roland Barthes zelaia. Han zituzten zain Villa Pia lizeoko lagunak, Dominique Duriez zuzendaria buru zutela, hark ere grebarekin bat egin eta mobilizazioan parte hartu baitzuen. Ordurako 1.200 lagun ziren martxan.

Amaiera ekitaldian Johan Riviere bozeramaileak hartu zuen hitza: «Gure agintariek arduragabe hutsak direla erakutsi dute. Horregatik guk geure gobernariak hautatu ditugu» esan zuen, eta jarraian, «ministroei» eman zien hitza. «Nekazaritza ministroak» elikadura justu eta garbi bat bermatzeko lege berriak ezarriko zituela jakinarazi zien txalo zaparrada batekin erantzun zioten ehunka lagunei. «Garraio ministroak», ostera, gas emisioak gutxitzeko plan bat aurkeztu zuen eta honakoa ohartarazi: «Gure ohiturak aldatzea ezinbestekoa da, bai gure osasunarentzat, baina baita gure planetarentzat ere».

Amaitzeko, beste hizlari batek, mobilizazioek jarraituko dutela iragarri zuen, eta gaur Bizi mugimenduak Angelun egingo duen martxan parte hartzera deitu zuen.

Euskal Herriko beste hiriburuetan ere mobilizazioak izan ziran. Erantzuna txikiagoa izan zen Bilbon, Gasteizen eta Donostian egindakoetan.