Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Sare sozialetan piztutako maitasun istorio batetik 1936ko gerrara

«Batzuetan hobe izaten da bilatzen duzun hori ez topatzea. Bai baitago ez jakitea baino gauza latzagorik»; hori dio «Denok gara Google» eleberriaren atzealdeak. Gaur egun arruntak diren Internet bidezko maitasun istorio bat sortu du Xabier Etxaniz Rojok. Denboran salto egin, eta 1936ko gerrako oroitzapenak gehitu ditu beste atal batean.

Bi maitasun istorio elkartzen ditu Xabier Etxaniz Rojoren “Denok gara Google” eleberriak. Interneten historiako bilatzailerik erabiliena da eta pertsonaiak zerbaiten bila dabiltzalako du zentzua izenburu horrek.

Erein argitaletxeko editore Inazio Mujikak liburuaren azala aipatuz eman zion hasiera aurkezpenari. Ke hori-laranja batek apaintzen du hondo beltzeko azala. «Keak iradokitzen ditu Internet bidezko harreman ezkutuak, iraganeko sentipenak, heriotza bera... horiek guztiak daude nobela honetan», esan zuen.

Eleberrian bi parte daude, bi narraziotan kontatuta, baina une batean biek topo egiten dute. Lehena Internet bidezko harreman bat da eta bigarrena, 1936ko gerran gertatutakoa. «Maitasun istorio bat sartu nahi nuen, baina egungo garaira ekarria», adierazi zuen Etxaniz Rojok. Orain dela 17 urte idatzi zuen bere lehen liburua eta ordutik beste sei eman ditu; batzuk eleberriak dira, gehienak ipuin bildumak. Testu horietan ere sortu izan ditu maitasun istorioak. «Idazten hasi nintzenean ez zen Google, Facebook, Instagram edo Twitter existitzen. Duela 15 urte gauzak nola bilatzen genituen ez gara gogoratzen», aipatu zuen.

Hala, bi ezezagunen topaketa ziberespazioan kokatu du oraingoan, alde batetik. Bestetik, lagun batek kontatu zion benetako istorio bat ekarri du paperera, aspaldian buruan gordea zuena, eta biak lotu ditu protagonisten bitartez.

Iñigo Ormazabal idazle ospetsua, bi Euskadi sariren irabazlea, Bakarne bere itzultzailearekin bizi da. Bestetik, Maria bere maitalea da eta hoteletan izaten dituzte euren topaketak bizitzak eragindako zauriak sendatu nahian. Bakarne bidaia batera joan da eta Iñigo sare sozialetan ibiltzen da Oianko ezagutzen duen arte. Whatsapp bidezko harreman bat hasiko dute eta gero eta gusturago daudela konturatuko dira eta, orduan, Iñigo Oiankoren bila hasiko da. «Oianko ezizen bat da; beraz, Googlen bilatzean ez du aurkitzen eta beste bide batzuetatik jo beharko du», adierazi zuen idazleak.

Bestalde, Mariaren amak alabari mesede bat eskatuko dio: 1936ko gerra garaiko pertsona bat bila dezala, “frantsesaren semea” delakoa. «Benetako protagonistak Oianko eta Mariaren ama dira», esan zuen Etxaniz Rojok. Bilaketa horretan informazioa aurkituko dute eta orduan konturatuko dira, agian, ezjakintasunean bizitzea hobe dela. «Nik ez dakit zer nahiago dudan, jakin edo ez jakin. Irakurleak erabaki dezala», aitortu zuen idazleak.