Lore AGIRREZABAL
HAUR LITERATURA

Ausardia

Alfabetoko lehen hizkia erabili du Lorena Martinez Oronoz ilustratzaileak album ilustratu honi izena emateko eta edukiz janzteko. “A” gorri-gorri bat. Bokal hori nahikoa izan du sortzaileak bai azalerako, bai istorio guztia azaltzeko. Ezin hori baino soilago, xeheago eta argiago izan. Horrekin adierazten du guztia. Horrekin, eta, bi pertsonaien ilustrazioekin, hondo zuri hutsen gainean lerro beltz lodiz marraztutako otso eta neskato batekin. Gorria «A» hizkiarentzat eta pertsonaien masailentzat −kontakizunaren amaieran baino agertuko ez direnak, damuaren, barkamenaren eta adiskidetzearen adierazle− erabili du soilik.

Hutsa bezain betea ikusten dut liburu zoragarri hau. Hasieran harrituta utzi ninduen: «A?». Ondoren: «A!». Eta azkenik: «Aaaa!» Harrigarria, benetan, hizki batek zenbat adieraz dezakeen.

Album ilustratu hau handia da bere txikian. Xehea, oso xehea, baina horretan datza bere aberastasuna: bi pertsonaien arteko enkontrua, eztabaida, haserrea eta adiskidetzea irudikatzen du, horretarako «A» hizki larriaren hotsa, oihua edota orroa soilik erabiliz. Hitz bakar bat bera ere irakurriko ez dugun arren, esanahiz betetako istorioa da. Daukan azalpen bakarra lehen orriaren aurrekoa da, bertan kontakizunaren laburpen bat erantsi baitiote ia mutua den albumari. Lagungarri gerta dakiguke, baina askoz ere irakurketa libre, aberats, emankor eta dibertigarriagoa lor daiteke hori gabe.

Lehen orrian otsoa ikusiko dugu korrika gaizto aurpegia jarrita. Bigarrenean, neskatoa lasai eserita. Hurrengoan, otsoaren burua agertuko da orriaren ezkerraldean eta neskatoak zerbait susmatuko du. Laugarren irudian otsoa neskari oldartuko zaio «A» ozen bat oihukatuz.

Horrainokoak esanda, eta, mendebaldeko literaturak otsoari eman izan dion rolak eraginda, erraz irudika dezakegu amaiera jakin bat. Baina, zorionez, neskato hau XXI. mendean sortu du Martinezek eta hasieran izutu egiten den arren, ondoren ausardiaz jokatzen du eta erantzun egiten dio beste «A» batez. Jarraian, nor baino nor hasiko dira biak eztabaida bizian baina neskatoa otsoak baino ozenago oihu egiteko gai izango da. “Gaizkilea” mendean hartzearekin amaituko balitz ipuina, rolak aldatu baino ez lirateke egingo. Egileak, ordea, beste ekarpen bat egin nahi izan du eta ekaitzaren osteko barealdia irudikatu du, haserrealdiaren ondoren bien arteko gerturatzea irudikatuz.

Finean, esango nuke, handi eta txikiaren arteko tirabirak direla ardatz nagusi. Izan ere, pertsonaia bakoitzaren neurrian ez ezik, kontrazalera eraman dituen eserleku edo kutxa hutsetan ere nabarmendu du hori Martinezek: otsoarena handia da, neskatoarena txikia. Horrez gain, hasierako izua gainditu eta ausardiaz erantzuteko gaitasunaz ere badihardu. Are gehiago, erantzute hutsetik haratago doa istorioa; gertatutakoaz hitz egitera, elkar ulertzera, elkar onartzera garamatza. Bizitzan aurkitzen ditugun oztopo, traba edo arazoak gaindituta, aurrera egin eta beste posizio (kutxa) batean kokatzen garela ere iradoki nahi izan du.

Dena dela, bakoitzaren bizipenen araberakoa izango da irakurketa; joko handia ematen duen istorio irekia da, irakurleak adina esanahi eta interpretazio izan ditzakeena. Hainbat eta hainbat gai uki daitezke liburu honekin, batez ere, gure arteko harremanetan gertatzen diren eztabaida, liskar, haserrealdi, baztertze, jazarpen, ahalduntze eta abarren ingurukoak. Baina, baita horren osteko gerturatze, adiskidetze, onartze, barkatze eta aukera berrien bueltakoak ere.

Ez da Lorena Martinezek (“Maite dut”, “Zortzi kolore”)eta Denonartean argitaletxeak proposamen berri edo bereziak eskaintzen dizkiguten lehen aldia. Berezkoa dute Ausardia.