2019/05/03

Maria del Rio
Zuzenbidean doktorea
Ingurumenaren erronka
Gizateriaren eta naturaren arteko harremana berraztertzea ezinbestekoa da, baina ez da nahikoa; aldi berean gizarte-berdintasuna bultzatu behar da

Hauteskunde garaian alderdi politikoek, euren programetan jasotzen dutena ez ezik, eztabaida publikoan gai jakin batzuk nabarmentzea lortzen dute. Izan berri diren hauteskunde orokorretan gai garrantzitsuak jorratu dira –horietako asko kalean egindako presioaren ondorioz– esaterako, pentsioak, zergak, enplegua, eutanasia eta indarkeria matxistaren aurkako neurriak. Tamalez, tarteka eztabaida gai hutsaletan galdu da; hala nola tauromakian edo armak erabiltzeko eskubidean. Izan dira, ordea, merezi zuten tartea lortu ez dutenak: ingurumenaren erronka da nabarmenetakoa.

Krisi ekologikoa eztabaidaezina da gaur egun. Zalantzabakoak dira klima aldaketa, biodibertsitatearen galera, erregai fosilen murriztea edo lehengaien agortze prozesua. Garbi dago, gainera, krisi ekologikoak eragin zuzena duela krisi ekonomikoan eta, nola ez, gizarte-krisian. Finean, egungo ereduaren krisiaz ari gara, «normaltasunaren» bukaeraz.

Bereziki deigarria izan da gaia alboratu izana, kanpainan geundela Londresen mila atxilotu izan direnean, edo ikasleen ahotsak gero eta ozenago entzuten direnean. Gainera, aste honetan bertan, Parisen hainbat zientzialari eta gobernu ordezkari bilduta daude naturaren egoeraren inguruko ebaluazio orokorra lantzen. Edozein kasutan, ate joka ditugun Europako hauteskundeak aukera ezin hobea izango dira gaiari eusteko, Europar Batasunak zeresan handia du eta. Gaiak merezi duen arreta izango ote du oraingoan?

Premiazkoak dira krisi ekologikoari aurre egin ahal dioten politikak, ez bakarrik ingurumen arloan, beharrezkoa izango da neurriak hartzea ere arlo produktiboan, finantzarioan, hirigintzan, hezkuntzan eta kulturan, besteak beste. Nolanahi ere, Europako proiektu politikoak bizitza erdigunean jarri behar du. Horregatik, gizateriaren eta naturaren arteko harremana berraztertzea ezinbestekoa da, baina ez da nahikoa; aldi berean gizarte-berdintasuna bultzatu behar da. Apustu ekologikoak guztion gizarte beharrak kontuan hartu beharko ditu, gizarte justizia bermatuz.