Peiremans+ taldeak zazpi kontzertu emango ditu abenduan
Atabal, Sanagustin, Jimmy Jazz, Zentral, Dabadaba eta Bilboko Kafe Antzokia. Horiexek dira Peiremans+ taldeak atzo iragarri zituen zazpi zuzenekoak hartuko dituzten aretoak. Modu honetan, hamar urtean behin elkartzeko ohiturari eutsi diote taldekideek. Momentuz ez dute lan berriaren kaleratzerik iragarri. Datorren abenduaren 4tik 29ra dute jarraitzaileek hitzordua.

«Hamar urtean behin elkartzeko gure ohiturari jarraituz 2026ko abenduan kontzertu sorta bat emango dugu eta horren ondotik, atzera, urte luzez desagertuko gara». Modu honetan iragarri zuten atzo Peiremans+ taldeko kideek bira berria.
Denera zazpi kontzertu izango dira aurtengoak. Abenduaren 4an, Biarrizko Atabalen; 11n, Azpeitiko Sanagustinen; 17an, Gasteizko, Jimmy Jazz aretoan; eta 23an Iruñeko Zentralen joko dute. 26an eta 27an Donostiaren (Dabadaba) txanda izango da, eta birari amaiera emateko, 29an Bilboko Kafe Antzokian arituko dira. Sarrerak entradas.musikaze.com webgunean izango dira salgai.
Aurreko diskoa 2016. urtean etorri zen, “Bigarren saria”. Gorka Urbizu (Berri Txarrak eta azken urteotan bakarka), Imanol Ubeda (Deabruak Teilatuetan, Bide Ertzean) eta Haritz Beristain Txiki (Kashbad, 4itzal...) ziren taldekideak. Gero, Marino Goñi (Motos, Balerdi Balerdi...) gehitu zitzaien. Muina lehen biek osatzen zuten, Txiki lehen EPa grabatzeko “fitxatu” zuten eta geroago Marino baxuan, zuzenekoetarako.
“Bigarren saria” diskoan “Bemidji”, “Radiomaría” eta “Zortziak bat” abestiak Urbizuk sinatu zituen eta “Orain” eta “Zutik iraun”, bestalde, Ubedak.
«ZAMA KENDU»
GARAri emandako elkarrizketan taldearen inguruko hausnarketak partekatu zituen Urbizuk. «Ironia dago, loser-aren aldarrikapena... Nire proiektu guztiak bezain serio hartzen dut, baina esan dezagun premisetako bat dela gaiari zama kentzea eta hiru minutuko abestiak jotzen ondo pasatzea», zioen Lekunberrikoak. «Nork bere buruaz barre egitea, instrumentista gisa ditugun mugei buruzko txisteak egitea, baita maila estilistikoan ere: oinarri gitarreroko abesti errazak, baina beti pop melodiarekin. Maila horretako kidetasuna erabatekoa dela uste dut, eta azkar konektatzea lortzen dugu, nahiz eta elkarrekin kontzertu gutxi eman», adierazi zuen Urbizuk, Ubedarekin sortutako loturaren eta proiektuaren izaeraren inguruan.
Zuzenekoei buruz galdetuta, hauxe Gorka Urbizuren erantzuna: «Argi dugu gauzak ustekabean eta modu iragankorrean egiteko izpiritu hori Peiremans+ idiosinkrasiaren parte dela, eta hori gabe bere magiaren zati bat galduko lukeela. Onena da denok daukagula argi, hobe horrela, eskaintza handiak egin dizkigutelako, baina garaiz mozten jakin dugu».
Momentuz ez dute lan berririk iragarri.
Izarok «Arkitektura 2027» birako lehen hogei datak iragarri ditu
Izaro Andres musikariak “Arkitektura 2027” biraren lehen hogei datak iragarri ditu. Donostiako Kursaalean abiatuko du bira otsailaren 13an eta Donibane Lohizunen (otsailak 19, Tanka), Iruñean (otsailak 20, Baluarte) eta Bilbon (otsailak 27, TBA) aritu ostean, Estatu espainolean ibiliko da bira Dublin, Londres, Paris eta Bruselara eraman aurretik. Iragarritako azkeneko data Belgikako hiriburukoa da, azaroaren 20an.
Aurretik, urtarrilaren 23an saio berezia antolatu du Izarok Irungo Ficoban: bertako bi pabiloietan «sormen tailer» bat egingo duela aurreratu zuen. Saio horietarako sarrerak agortuta daude. Donostiako Kursaaleko eta Donibane Lohizuneko Tankako kontzertuetarako sarrerak asteazken honetan bertan jarri dira salgai, eta ostiralean, 12.00etatik aurrera, beste zenbait kontzertutarako sarrerak ere webgunean eskuragarri egongo direla iragarri dute. Izaro joan den otsailean agertu zen David Broncanok gidatzen duen “La Revuelta” saioan abenduan disko berria argitaratuko zuela iragartzeko. «Bi bihotzekin» egin duen lehen diskoa izango dela ere esan zuen, une hartan haurdun baitzegoen mallabitarra. Orduan ia zazpi hilabeteko zegoela esan zuen, baita haurra neskatoa dela ere. Diskoa, berriz, abenduan argitaratzeko asmoa zuela esan zuen. GARA

Kantuan agurtu dute Sabino Ormazabal

Euskal Herria maite zuen ekintzaile eta bakezale sutsua

Relevo con polémica en el programa «En Jake»

El revuelo en la diócesis de Donostia por el veto a las cenas llega a Insausti
