Maider IANTZI
DONOSTIA

Esnearen lehiakortasuna handitzeko proiektuak emaitza onak eman ditu

Azken hiru urteetan euskal gaztandegiak inguruko bertze batzuekin elkarlanean aritu dira, kalitatea, produktuen dibertsifikazioa eta merkaturatzea ardatz hartuta, Innolact Poctefa proiektu europarraren barnean. Balantzea hagitz ona denez, segida emanen diote lanari.

Asteburu honetan izanen den Euskal Gaztaren Azokaren bezpera aukeratu zuten Innolact Poctefako partaideek proiektuari amaiera eman eta emaitzak aurkezteko. Idiazabalen, azoka eginen den herrian, elkartu ziren 60 bat lagun eta hagitz ongi baloratu zuten hiru urteotako elkarlana. Eskualdeen Garapenerako Europako Funtsak lagundutako egitasmoa, Interreg-Poctefa ekimenaren barnean garatu dena, atzo bukatu zen, baina hain gustura daude hasitako bidearekin, ezen jarraipena emanen baitiote.

Leartiker Markina-Xemeingo zentro teknologikoak gidatu du proiektua eta bertako Naia Andonegik GARAri azaldu zionez, bederatzi bazkide izan ditu partaide: HAZI, Idiazabalgo Udala, Union des Producteurs Fermiers 64 elkartea, Idoki Iparraldeko Etxe Ekoizleen Elkartea, Jean Errecart Lizeoa, Pirinioetako Nekazaritza Eskola, Seu d’Urgell-eko Udala, Vic-eko Unibertsitatea eta Leartiker bera. Zentro teknologikoen eta esnearen sektore tradizionaleko enpresa txikien arteko elkarlana izan dute oinarri. Lehenbizikoek dibertsifikazioaren bidez berrikuntza bultzatzeko bitarteko eta ezagutzak dituzte; bigarrenek, merkatuaren eta euren enpresaren beharrak zeintzuk diren dakite.

Alde batetik, kalitatezko esnea lortzen laguntzeko ekoizleentzako gidaliburu bat idatzi dute, animalien gobernua eta praktika egokiak jasotzen dituena. Bertzetik, produktuen dibertsifikazioa eta transformazioa landu dituzte, eta, azkenik, merkaturatzea. Informazio guztia ekoizleen eskura jarriko dute Innolacten webgunean (innolact-poctefa.com). Hiru urteotan Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Estatu frantseseko 222 ekoizlek parte hartu dute.

Itxiera ekitaldian, lehenbizi emaitzak aurkeztu zituzten eta, ondotik, ekoizleek sortutako produktu berritzaileak plazaratu eta dastatzeko aukera eman zuten. Guztira hamar produktu izan ziren. «Ekoizle artisauek egiten duten lana erakutsi nahi izan dugu, berrikuntzaren eta dibertsifikazioaren aldeko apustua, eta kalitatezko produktuen posizionamendua hobetzekoa bera», adierazi zuen Andonegik.

Produktu berritzaileak

Ardi, behi zein ahuntz esnearekin egindako gazta urdinak garatu dituzte proiektuan; gaztaren ekoizpen prozesuan lortzen den gatzurarekin egindako edari artzitu bat eta fruta zukuekin nahastutako edari bat; pasta egosiak, Alpeetan eta Suitzan egiten diren gazta motak; mozzarela pasta izozkiak eta mozzarela motako gaztak ere bai. Dastaketa bukatu berri, jendearen gustukoak izan zirela kontatu zigun Leartikerreko langileak, «sentsorialki, zaporez, usainez eta testuraz».

Orain, lankidetza akordio bat sinatu dute, 2022ra arte bazkide bakoitzak antolatzen dituen ekintzetan parte hartzeko eta ekoizle artisauen bilgune edo foroak bultzatzeko beren intereseko gaien inguruan.