Andres OSA «SAKONA»
HERRI KIROLAK

Txapartegik irabazi du pentatloia

Joseba Otaegi eta Beñat Amade menderatu zituen Astigarragan.

Igande arratsaldean jokatu zen Astigarragako Perurena auzoan Pentatloia eta zazpi kirolarik hartu zuten parte. Egin beharreko lana honako hau izan zen: 100 kiloko bola 15 aldiz leporatu, 400 kiloko harria arrastaka erabili bi plaza egin arte, kana-erdiko pago enbor bat ebaki, 50 kiloko txingekin sei plaza egin eta kilometro bat korrika egin.

Sailkapena honela geratu zen: Zestoako Luis Txapartegik aipatu lana burutzen 20 minutu eta 46 segundo behar izan zituen. Bigarrenak, Asteasuko Joseba Otaegik, 22 minutu eta 15 segundo. Hirugarren Algortako Beñat Amade sailkatu zen (22:56); laugarren, Aizarnako Jagoba Otaegi (25:30); bosgarren Tolosako Iñaki Errazkin (26:14); seigarren, Etxalarko Xabier Aristegi (26:16) eta azkena, Getxoko Unai Ardeo (29:37). Proba jarraitzen 500 bat ikusle izan ziren Perurenako pilotaleku-probalekuan.

Esan behar da pentatloi txapelketa ofiziala ez dela hau izan, hori udazkenean jokatuko baita, aurreko urtean bezalaxe.

Bestalde, toki berean, pentatloia amaitu ondoren, Emarri zortziko neska taldeak 15 minutuan 600 kiloko harria arrastaka erabiliz 30 plaza eta 5 zentimetro egitea lortu zuen.

Aian, Eizmendi-Izeta III.a nagusi

Aian igande arratsaldez harri-jasotze saio berezia jokatu zen, bertako txapelketa. Lanerako harriak bi izan ziren, biak baldarrak. Bat 154 kiloko “Arrautza” harria. Horrekin lan egin behar zuen bikoteko kide batek, eta 113 kilokoarekin, beste bikotekideak. Lanak batuta, Jokin Eizmendi eta Jesus Mari Iruretagoiena Izeta III.a izan ziren kilo gehien jaso zutenak, 3.800. Illarramendi eta Izeta IV.ak, 3.605 kilo, eta hirugarren bikoteak, Aimar Galarraga eta Iñigo Eizagirrek, 3.324.

Araian sega

Igande eguerdian jokatu zen Zaldibiko Almitza elkarteak antolatzen duen sega ligako beste jardunaldi bat Araian. Segalari asko direnez, maila bakoitzeko hiru aurrenak aipatuko ditugu. Mutiletan: Josu Mendizabal, Arkaitz Gabilondo eta Inigo Etxabe. Nesketan: Maider Garmendia, Angles Breto eta Amets Otegi. Gizonezkoetan: Jesus Mari Goenaga, Jon Otegi eta Bixente Mitxelena. Emakumezkoetan: Alaitz Imaz, Ainara Otamendi eta Luixa Uzkudun.

Nafarroako lauko sokatira

Antsoainen jokatu zuten gizonezkoen Nafarroako lauko sokatira txapelketako 300 kiloko bigarren ekitaldia eta txapelduna Lesakako Beti Gazte taldea izan da. Bigarren, Berriozar B, eta hirugarren, Txantrea. Kadeteetan 280 kilokoan Andra Mari B izan zen irabazle. Eta emakumezkoen 235 kilokoan, Lesakako Beti Gazte.