Jon ORMAZABAL
Elkarrizketa
IKER IRRIBARRIA
ASPEKO PILOTARIA

«Ez dakit oraingo Ikerrek 2016koari irabaziko liokeen, baina osoagoa naiz»

23 urte bete gabe, profesionaletako bere seigarren finala, lehen mailako Buruz Burukoko hirugarrena, jokatuko du igande honetan Bilbon Iker Irribarriak. Dena, bere pilotakadak bezala, abiadura bizian joan da aramarraren kirol ibilbidean eta pilotaren bi aurpegiak ezagutzeko beta izan du. Orain gozatzen ari da berriz eta momentua ahal bezainbeste luzatu nahiko luke.

Peio Etxeberria lagun zuela, atzo egin zuen Iker Irribarriak igandeko final handiaren aurreko azken saioa.

Berriz ere kantxan gozatzen ari omen zara?

Bai, hala da. Gustura nago, bai, kantxan lortzen ari naizen emaitzekin, baina garrantzitsuena horixe da, ilusioz joaten naizela beti entrenatzera, gustura ari naizela eta, batez ere, lesioak hori errespetatzen ari direla. Beraz, ez dut uste beste ezer eskatzerik dudanik.

Finalak eta txapelak baino garrantzitsuagoa izan daiteke hori?

Bai, izan daiteke. Azkenean finala polita da oso, emaitza oso ona da, baina gero eguneroko lanean ez baduzu disfrutatzen… egunero lanera gogoz kontra joatea gogorra da, bai.

Ilusioa galtzera heldu zinen?

Ilusioa galtzeraino ez dakit, baina bai, askotan ez nintzen gustura joaten. Azkenean, momentu batzuetan nonbaiteko mina daukazu, ez zara ikusten gustura pilotan eta ilusioa galtzea asko kostatzen da, baina entrenatzeko gogo hori, bai, joaten da.

Binakako finala jokatu berri duzu, baina hau beste gauza bat da.

Dudarik gabe, zerbait berezia du. Antzematen da frontoian, eta jokoan ere bai. Zerbait berezia du, buruz buru bakarrik zaude, kantxa guztian eta, niretzat behintzat, txapelketarik gustukoena da.

Zure dohainetarako onena da?

Bai, dudarik gabe. Azkenean kolpeko pilotariak garenok normalean buruz buru gehiago jokatzen dugu eta nire aldetik gusturen sentitzen naizena da. Besteetan ez dut esango disgustura nabilenik, baina bai, buruz burukoa da gustukoena.

2016ko Irribarria bueltan sentitu omen zenuen final-laurdenetan irabazita...

Gustura nago sentsazioekin. Ez dakit 2016koak bezalakoak diren, hobeak diren edo okerragoak, baina bai behintzat gustura nagoela kantxan. Buruz buru konfiantzaz beteta nago eta alde horretatik badauka antza 2016koarekin. Asko aipatzen den final bat da, baina hura ere pasatu zen. Beste mundu bat da eta, nahiz eta frontoia eta pilotarien abizenak berberak izan, dena aldatzen da.

Orduan baino hobea zara?

Bai, bestela asunto txarra litzateke, hiru urtetan hobekuntzarik egin ez badugu. Egia esan, ez dakit gaur egungo Irribarriak ordukoari irabaziko liokeen, momentua desberdina delako, baina pilotari bezala nik uste osoagoa naizela, alde guztietan saiatu naiz entrenatzen eta nik uste ikusten dela.

Zertan?

Hankaz-eta hobeto ikusten dut neure burua, azkarrago; orain kolpez-eta ere bai, teknikoki ere nik uste dut gora egin dugula eta horretaz aparte partida txarretan ere gehiago kostatzen da niri irabaztea. Nik sentsazio hori daukat; ahalik eta pilota gutxien galtzen saiatzen naiz eta jokoa ere pixka bat aldatu da alde horretatik.

Altuna on bati partida on batean irabazteak ere on asko egin zizun, ezta?

Bai, hala da. Nik uste berak ere partida asko gogortu zuela; polita horregatik ere izan zen, ez bakarrik batek ondo jokatu zuelako, besteak ere eutsi egin ziolako. Alde horretatik, nik uste Jokinek partida oso ona egin zuela, baina azkenean nire kolpearekin, baita suertez egindako tanto pare batekin ere, lortu nuen irabaztea, eta konfiantza ematen dizu, ze txapeldunari irabaztea handia da. Beti kontrario izango gara kantxan, kantxatik kanpo ez, baina beti ezagutu dugu guk pike hori eta buruz buru berriz ere sentsazio onekin bukatu nuen txapeldunari irabazita, eta beste era batera ikusten dira gauzak.

Alde psikologiko ere landu duzu?

Dudarik gabe, hori ere puntu garrantzitsua da. Ikusten da egungo kirol guztietan maila gorenean behintzat erabiltzen den teknika bat dela, eta denek erabiltzen badute zerbaitegatik izango da. Honetarako truko gutxi, horko trukoa ere lana da eta pixkanaka-pixkanaka prozesu luzea da, ikasi eta lan horretan ere disfrutatzea da gakoa.

Alderik nabaritzen duzu?

Bai, dena nabaritzen da. Azkenean kantxako desesperazio hori bizitzara pasatzen duzunean gauzak okertzen hasten dira eta asko kostatzen da horri buelta ematea. Nik uste askoz gusturago nabilela bai kantxan bai kantxatik kanpo.

Banakakoa irabazteak, gainera, badu karga bat...

Ezagutzen dut, baina ia ahaztuta daukat. Nahiagoko nuke berriz ere irabaziko banu eta berriro karga hori sentitu, baina bai, berezia da.

Badago zerbait 2016an egindakoa eta errepikatuko ez zenukeena?

Bueno, pixkanaka joaten zara ikasten, gauza asko aldatu dira, euri asko egin du ordutik, eta badaude gauza batzuk ba igual ez nituenak hain ondo egin, edo saiatu nintzena une horretan ondo egiten eta agian orain ikusita beste era batera egingo nituenak, baina gauza garrantzitsuenak behintzat, lanean ilusioarekin jarraitzea-eta, nik uste hori beti horrela izango dela eta hala beharko lukeela.

Apezetxeak aurreko batean esan zuen zurekin oso kritikoa izan dela. Hala izan da?

Bai, Apezetxea eta Etxaniz izan dira agian enpresa munduan gehien lagundu didatenak eta baita egur gehien eman didatenak ere. Gauza batek ez du bestea kentzen, momentu batzuetan egurra ematea eta kritikoa izatea ona da; azkenean, norberak hartzen ditu kritikak hartzen dituen eran. Eta alde horretatik, bai, uste dut hobetu dudala, kritikak beste era batera hartu, gauzak beste era batera aztertu... ‘Ape’ kritikoa izan da baina, aldi berean, beti ahal duen kontu handienarekin esan dizkit gauzak, nahiz eta nik beti ez ditudan ondo hartu. Baina azkenean elkarbizitza da enpresakoa; partida asko jokatzen ditugu, aukeraketa askotan egoten gara elkarrekin eta badakit berriro kritikak egingo dizkidala.

Kritika horiek konstruktibo zuk zerorrek bihurtzen dituzu. Gaizki hartzen baduzu berak ondo esandako gauza, zure arazoa da. Baina behin hain minduta zaudenean gauzak ondo hartzea kostatu egiten da. Bai bi pertsona kritiko izan dira, baina badakit beraiei esker asko hobetu dudala.

Finala irabazi edo galdu, hainbestekoa da aldea?

Bai, alde handia dago, dudarik gabe. Azkenean, urteko partidarik garrantzitsuena izango da seguruenik eta ilusio handiarekin joaten gara pilotariak, baina kontziente gara besteak ere jokatzen duela, momentu honetan Urruti ondo dagoela eta kostako zaidala irabaztea. Galduta ere, egunerokotasun horretan disfrutatzen eta hor bazabiltza, iritsiko dira finalak eta txapelak, dudarik gabe.

Mikeli buruz zer esan?

Ondo dago, dudarik ez ondo dagoela, bi espezialista handiri irabazi die, baina bere gabeziak ere baditu, ez da ezinezkoa hari irabaztea eta saiatuko naiz bera baino gehiago izaten.

Bere dohain bat aukeratu beharko bazenu?

Hor ezkerrarekin besagain ematen dion modu hori niretzat harrigarria da. Gainera niretzat kolpe txarra da, azkenean eskuinera, zabalera, eramaten zaituelako, askotan kantxatik ateratzen zaituelako, baina saiatuko naiz ahal dela horietan aurrerapauso bat egin eta sotamano sartzen.

Udako torneorik ez duzu sekula irabazi. Hori izango da zure hurrengo erronka?

Bueno, iaz, egia esan, disfrutatu nuen udan. Uste dut Elgoibarko torneotxoa kenduta, jokatu nituen beste guztietan finala jokatu nuela. Ez nuen lortu irabazterik, baina partida asko jokatu nituen, programatuta nituenetatik aparte, eta niretzat emaitza positiboa izan zen. Egia da San Fermin bat irabazteak beti ilusioa egiten dizula eta gustura jokatu eta irabaziko nukeela, baina ez dut uste zintzilik dudan zerbait denik. Irabazi ez arren, aurrean ibiltzea da gauza, asko kostatzen da eta.