Iratxe Esnaola
Hezkuntzan doktorea
JOPUNTUA

Edukiak zabaltzeaz eta birbidaltzeaz

Ohikoa da jada Whatsapp, Telegram eta gisako aplikazioen bitartez memeak, bideoak eta bestelakoak jasotzea. Baita horiek zabaltzea ere. Eta hain da ohikoa, hainbeste jasotzen ditugu, ezen gero eta zirrara handiagoa sortuko duten edukiak behar baititugu. Gero eta inpaktu handiagoa eragingo dutenak. Iduri du aurretik bidali ditugunak gainditzeko desioa sentitzen dugula. Eta gu izatea taldean «ekarpen» hori egiten duena. Horrekin talde-pertenentzia sendotuz eta gure posizioa indartuz. Baina distantziatik: aplikazio horietan emozio eta behar horiek guztiak distantziatik kudeatu behar baititugu. Eta hortik birbidaltzen ditugu gauzak, konektatuta sentiarazten gaituzten sare sozialetan. Eta hala zabaltzen dira: azkar, abiada bizian. Bi aldiz pentsatu gabe. Kide garen talde batean baino gehiagotan eduki bera agertzen denean hasten gara sentitzen, agian, zabalkundearen kontrola galdu dela jada.

Birbidaltze eta zabaltze masibo hori jendartean oso barneratua dagoen jarrera da. Eta masiboki zabaltzen ari garen eduki horren izaerak definitzen du zabaltze horrek zein ondorio izango dituen. Eta ez naiz ondorio penalez ari. Azken aste hauetan asko hitz egin da pertsona baten intimitatea jasotzen zuen bideo baten difusioaz, eta gertakarien bukaera tragikoaz. Eta bideo hori zabaltzea delitua den edo ez argitzen saiatu dira hedabide asko.

Inork ez du zalantzan jartzen bideoaren protagonista gizonezkoa balitz gauzak ez zirela berdin gertatuko. Horregatik, kasu horrek kanal digitaletan ere ematen den emakumeen kontrako bortizkeria estrukturala azaleratu du. Eta honek hausnarketa etiko partikular eta kolektibo bat eskatzen du: nola jokatzen dugun jasotzen (edo gordeta) ditugun edukien aurrean; bestearekiko enpatia edo geure beharrak gailentzen diren; gure jarrerekin botere-harremanak aldatzen edo elikatzen ote ditugun; edota ea, hain zuzen, zenbait eduki botere-harreman horietatik birbidaltzen ote ditugun.

Teknologien erabilerak berdintasunaren eta enpatiaren eskutik joan behar du, jendarte osasuntsu bat eraiki nahi badugu.