A. G.
KAE-2 LIGA

Getxok azkenengo luzeari esker irabazi du

Erandioko XXXII. Banderak eman zion hasiera atzo KAE 2 Ligari. Erlojuaren aurkako dema estua izan zen, baina, azken luze gogoangarri bati esker, Getxok eskuratu zuen aurreneko garaipena. Orio Bko gazteek pena handia hartuko zuten, denbora osoan aurretik izan ziren-eta, nahiz eta Getxoko trainerua oso gertu izan zuten une oro, segundo bakarrera. Azken luzean, ordea, bizkaitarrek erritmoa gogortu egin zuten eta ia lau segundoko aldea lortu zuten helmugan. Ondorioz, getxoztarrak dira aurreneko liderrak arraunaren hirugarren mailan.

Bi txandatan atera ziren 11 traineruak eta bistan da talde bakoitzak oraindik bere lekua hartzeke duela. Hala, Hondarribia Bk, Bermeo Bk eta Castrok, lehen txandan arituagatik, onenen pareko denborak lortu zituzten. Alabaina, atzoko estropadari so eginez gero, badirudi Getxok eta Orio Bk gainontzekoekiko aldea dutela, zaila baita lortu zituzten moduko abantailak erlojuaren aurkako saio batean lortzea.