2019/06/22

Prokuradorea Lorentxa Beyrieren askatasun eskaeraren kontra azaldu da

18 urte daramatza kartzelan Lorentxa Beyriek eta atzo presoaren hirugarren baldintzapeko askatasun eskaera aztertu zuen, Roannen, zigorren aplikaziorako auzitegiak. Bi orduko eztabaidan, prokuradorea preso kanboarrak bere eskaera defendatzeko aurkezturiko argudioen kontra jardun zen. Erabakia uztail amaieran jakinaraziko dute.

GARA|BAIONA

Lorentxa Beyrie Baionatik 683 kilometrora, Roanneko espetxean, dago eta bertan egin zuten, atzo goizean, baldintzapeko askatasuna eskuratzeko kanboarrak aurkezturiko eskaeraren inguruko auzi saioa.

2013an eta 2016an ere bermepean libre ateratzeko eskaera aurkeztu zuen Beyriek. Duela hiru urte aurkeztutakoa errefusatzeko, «berriz delitua egiteko arriskua» zegoela argudiatu zuen prokuradoreak. Hala, 2011. urteaz geroztik ETA erakundeak bere jarduera armatua bertan behera utzi izana ez zuen inondik inora kontuan hartu ministerio publikoko ordezkariak.

Beyriek aske izateko baldintza guztiak bete arren, besteak beste aldi oro lan eta etxebizitzari buruzko bermeak aurkeztu dituelako, auzitegiak atzera bota ditu orain arte presoaren eskaerak.

Atzo, zigorren aplikaziorako epaitegiak 2017ko abenduan kanboarraren defentsak aurkezturiko txostena aztertu zuen.

Espetxean 18 urte daramatzan presoak ez zuen, baina, oraingo auzian ere «jarrera aldaketarik» sumatu, ez behintzat prokuradoreari dagokionez. Saio judiziala amaitutakoan bere amari telefonoz azaldu zionez, bi ordu iraun zuen eztabaidan zehar prokuradoreak behin baino gehiagotan «jarri zituen zalantzan» presoak bere etorkizunari buruz azaldutako asmoak. Janine Beyriek GARAri azaldu zionez, «aurreko prozeduretan gertatu zena ikusita, Lorentxak ez zuen harriduraz hartu prokuradorearen jarrera». Era berean, presoaren amak aitortu zuenez, «alabak epaileek bestelako errespetu bat erakutsi zutela sentitu zuen».

Presoaren abokatu Bourdonen eta prokuradorearen artean «eztabaida zinez bizia» izan zela nabarmendu zuen Janine Beyriek. Horrez gain, era honetako prozedurek urte luzeetan kartzelan izan diren presoengan «tentsio handia sortzen dutela» adierazi zuen. Hari babesa adierazteko elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean Kanboko plazan, sostengu komiteak deituta.

Haranburu, erabakiaren zain

Lorentxa Beyriek aurkezturiko eskaerari buruzko erabakia uztail bukaeran jakinaraziko du epaitegiak. Horren aurretik, uztailaren 5ean, kartzelaldiko 30. urtean sartua den Frederic “Xistor” Haranbururen baldintzapeko askatasun eskaerari buruzko erabakia aditzera emanen du auzitegiak.

Lannemezango espetxean duten preso senpertarrak aurkezturiko bigarren askatasun eskaeraren aurka azaldu zen prokuradorea, iragan maiatzaren 8an egin zen auzi saioan. Aldiz, Okzitaniako kartzelako zuzendariak eskaera babestu zuen.