Andoni ARABAOLAZA
ARGAZKI-LEHIAKETA

Ralf Gantzhornen «Innominata» irabazle CVCEPHOTO lehiaketan

Donostiako Club Vasco de Camping Elkarteak antolatutako mendi argazki lehiaketan 60 herrialdetako 468 argazkilarik hartu dute parte. Bigarren saria Petr Piechowiczen «The Rock Town» lanak eraman du, eta, hirugarrena, Jose Allenderen «Marble Ice» argazkiak.

Ralf Gantzhorn alemanaren “Innominata” izan da CVCEPHOTO lehiaketaren bosgarren ekitaldiko protagonista nagusia. Alemanarekin batera, nazioarteko mendiko argazki lehiaketaren “podiumera” beste bi argazkilari igo dira: “The Rock Town” irudiari esker bigarren saria eskuratu duen Petr Piechowicz txekiarra eta “Marble Ice” argazkiari esker hirugarren izan den Jose Allende espainiarra.

Bost ekitaldi, beraz, bete ditu Donostiako Club Vasco de Camping Elkarteak antolatutako lehiaketak; hain zuzen ere, mendi jarduera ardatz duenak. Mendi elkarte batek izaera honetako argazki lehiaketa bat antolatzeak ausardia handia eskatzen du. Hori gutxi ez, eta CVCEPHOTOk izan duen bilakaera ikusgarria da. Den-denek diote nazioarte mailan leku garrantzitsua hartu duela. Eta horren isla dira bosgarren ekitaldiko datuak: 60 herrialdetako 468 argazkilarik 1.174 irudi aurkeztu dituzte. Alemaniatik, AEBetatik, Australiatik, Errusiatik, Poloniatik, Espainiatik... iritsi dira irudiak. Eta, jakina, baita Euskal Herritik ere.

Kantitatea azpimarratzekoa modukoa izan da, baina Rafa Elorza CVCEPHOTOko zuzendariak GARAri baieztatu dio kalitatea ere ezin hobea izan dela: «Puntako argazkilarien presentzia goraka doa. Ikusten da lehiaketak baduela oihartzuna nazioarteko mendiko argazkilari adituen artean. Guretzat, gainera, kalitateak kantitateak berak baino garrantzia handiago du. Beste behin ere aurreikuspen guztiak gainditu ditugu. Arrakasta erabatekoa izan da».

Horiek dira Elorzak emandako lehendabiziko lerroburuak. Beste batzuk ere jasoko ditugu, baina, lehenik eta behin, aipatu behar dugu CVCEPHOTOren ekitaldi ofiziala joan den ostiralean hasi zela. Euskotrenen laguntzari esker, Donostiako Easo plazan argazki lehiaketaren erakusketa zabaldu zuten; hogei egunez izango da bertan. Biharamuna, larunbata, egun handia izan zen; izan ere, erakusketaren bisita gidatua egiteaz gain, saritu batzuek mintegi batean duten lan-filosofiaren inguruko azalpenak eman zituzten. Eta arratsaldean, berriz, seietatik aurrera, Antzoki Zaharrean CVCEPHOTOren gala egin zen. Lehenik eta behin, bertaratutakoek Mathieu Le Lay zuzendari frantziarraren “In the Starlight” filma ikusteko parada izan zuten. Filmak Paul Zizka argazkilari kanadarraren (iazko irabazlea) lanaren berri ematen du.

Ondoren, hautatutako hogei argazki sarituen izenak eman zituzten; aipatutako lehen hiru sarituenak eta aipamen bereziak jaso dituztenenak. Jakina, aurtengoan ere, Bilbao Mendi Film Jaialdiko aurtengo ekitaldiko kartelaren argazkia ere ezagutu genuen: Christian Pondellaren “Top of Africa”. Irudi hori, CVCEPHOTOn aurkeztutako argazki bat da.

Galarekin amaitzeko, lehen bosturtekoa ospatu ahal izateko, antolatzaileek CVCEPHOTOren katalogoaren lehen liburukiaren argitalpena aurkeztu zuten. Katalogoak lehen bost ediziootan saritutako 100 irudi biltzen ditu. Antolatzaileek gogorarazi nahi izan dute liburua mendi elkartearen egoitzan dagoela salgai.

Bost urte bete ditu, horrenbestez, CVCEPHOTOk; eta, jakina, aurtengo balorazioari tarte egiteko Elorzarengana jo dugu. Bosgaren ekitaldira aurkeztutako lanen kantitatea eta kalitatea nabarmendu ostean, honakoa gehitu nahi izan du lehiaketako zuzendariak: «Dagoeneko oso ezagunak gara. Eta horrek bi irakurketa dauzka. Batetik, sare sozialen oihartzunaren eraginez, zaletu askok, gero eta gehiagok, hartzen dutela parte. Eta bestetik, azpimarratzekoa da abentura kiroletako argazkilari ospetsu asko ere gure zerrendara gehitu direla. Nabarmentzekoa da puntako argazkilari askok gure lehiaketaren berri izan dutela. Harrigarria egiten zait, esate baterako, Rainer Eder, Javier Camacho edo Christoph Jorda bezalako argazkilarien lanak sarituen zerrendatik kanpo geratzea. Maila izugarria hartu du lehiaketak. Orain dela bost urte guretzat pentsaezina zen maila».

Argazkilari horien izenak aipatu dituenez, Elorzari gogorarazi nahi izan diogu horien eta lehiaketan parte hartu duten beste batzuen irudiak mendiko aldizkari espezializatuen azaletan ikusi ditugula. CVCEPHOTOren zuzendariak uste du neurri batean horrek lehiaketa indartzen duela: «Argazki ederrak bidaltzen dizkiguten autoreak profesionalak dira, eta hori guretzat onuragarria da. Hala ere, hain ezagunak ez diren argazkilarien kalitatea handiko irudiak ere jasotzen ditugu. Horrek ere pozten gaitu. Profesionalen lanen ondoan euren lanak ikusten dituztenean, izugarrizko ilusioa pizten die. Esan digutenez, aukera berriak zabaltzen zaizkie, eta hori asko eskertzen dute».

Nazioarteko izaera duen mendiko argazki lehiaketa honek, beste behin, oso urrutitik jaso ditu lanak: Australia, Kanada, AEBak... CVCEPHOTOren zuzendariak honakoa gehitu nahi izan du: «Badira herrialde batzuk non lehiaketaren oihartzuna handia izan den, beharbada, Interneteko plataforma berezi batzuen eraginez; bada, herriotan parte hartzea oso handia izan da, baina kalitatea ez hain azpimarragarria. Aldiz, alemaniar gutxi batzuek baino ez dituzte aurkeztu beraien lanak, baina guztiak izan dira kontuan hartzeko modukoak. Horren erakusle, sarituen artean izan dira azkenean».

Hitz bi ere eskatu dizkiogu Elorzari hiru irudi sarituei buruzkoak: «Argazki oso klasikoa da ‘Innominata’ irabazlea. Edozein alpinistak amestu dezakeen paisaia. Ume bati marrazki bat eskatzen badiozu, elementu horiek guztiak marraztuko lituzke. Eta, gainera, bakoitza dagoen lekuan. ‘The Rock Town’, berriz, minimalista da. Bitxiagoa, elementu oso gutxirekin eskalada zer den erakusten digu. Zeruaren kolorea alde batera utzita, perspektiba oso behartua du; haatik, argazki ikusgarria eta oso ausarta da. Eta ‘Marble Ice’, azkenik, arrotza eta estetikoki zirraragarria da; koloreengatik, aurreneko begiradan aho zabalik uzten gaitu. Oso irudi indartsua da. Glaziarraren kolorea, sumendien hautsak utzitako arrastoak... Benetan izugarria da».

Bestalde, lehiaketak bost urte bete ondoren, aurrera begirako asmoen inguruan galdetu diogu Elorzari. Honako hau erantzun digu: «Hasi ginenean bost urteko ‘epea’ jarri genuen argazkilarien artean CVCEPHOTO ezagutarazteko. Helburu hori bete dugu; uste baino hobeto, gainera. Lehiaketa publikoari bideratzeko garaia heldu da orain; izan ere, produktua badugu jada. Jendeak horretaz goza dezan zabaltze lana egin behar dugu orain».

Eta eite hori indartu eta sendotzeko, CVCEPHOTOkoek arestian aurreratu dugun katalogoa aurkeztu eta 15 eurotan salgai jarri dute: «Ilusio handiz prestatutako liburua da. Oso ikusgarria da estetikoki eta mundu osoko mendilerroetan barrena bidaia ederra proposatzen digu. Ez dago bakarrik argazkilariei eta mendizaleei zuzenduta: naturarekiko sentsibilitatea duen edonork goza dezake».