Andoni ARABAOLAZA
ESPEDIZIOA

Alaskako mendilerrobasatienetarikoan esplorazioak lekuaizan du

Mark Robsonek eta Simon Richardsonek Stikine Icecap ezezaguneanzenbait lehen igoera sinatu dituzte; besteak beste, P1780 mendiarena.

«Munduko mendilerro ezezagunetariko zein basatienetariko batean jardun dugu». Hitz horiek Simon Richardsonenak dira; hots, Mark Robson kidearekin batera Alaskako Stikine Icecap izeneko eremuan esploratzen jardun den alpinistarenak.

Honako zehaztasunak gehitu ditu: «Alderdi hori Ameriketako Estatu Batuen eta Kanadaren artean hedatzen da, eta Alaskako hego-ekialdean dago. Glaziar amaiezinetatik granitozko makina bat erpin altxatzen dira; glaziar horiek Galesen neurria dute. Klimagatik ez balitz (benetan krudela da), alpinistentzat jolas eremu perfektua izango litzateke. Gertatzen dena da mendebaldean Alaskako golkoa dagoela; itsaso zakar eta bortitza. Itsaso horrek prezipitazio ugari eragiten du. Horren ondorioz, Stikine Icecap eremua munduko leku hezeenetariko bat da; “euriaren txanoa” deitzen diote. Jakina, horrek guztiak alderdi horretan egiten diren eskaladak erronka handi bihurtzen ditu».

Richardsonek, beraz, argi utzi du esplorazioa eta alpinismoa egiteko aukeratutako mendilerroa, eite guztietatik begiratuta, berezia izan dela. Esan beharra dugu izotz-zelai horretan dauden mendiak ez direla batere garaiak; asko eta asko ez dira 3.000 metrora iristen. Ezagunena The Devil´s Thumb (2.766. m) da, eta urtean pare bat bisita baino ez ditu izaten.

Alta, bi alpiniston helburuak beste batzuk ziren: «Oasis Peak-en bigarren igoera lortu nahi genuen, baina ipar isurialdetik bide berri bat zabalduz. 1970eko hamarkadan bitan saiatu ziren. Gure taktika udaberrian (maiatz hasieran) bisita hori egitea zen, besteak beste, izotzean, elurrean eta mistoan baldintza egokiak aurkitu ahal izateko. Antza denez, azken 40 urteotan glaziar hori bisitatu duten bakarrak gu izan gara».

Mendi garaiena

Stikinera iritsi bezain laster, protagonistok ohartu ziren edozein jarduera tekniko egiteko aukera gutxi izango zutela; izan ere, mendiek elur asko zuten, eta erlaitz eta perretxiko oso arriskutsuak zeuden horietan. Eta okerrena izan zen gauetan hotz handirik egiten ez zuenez elurra ez zegoela batere gogor.

Oasis Peak xedea baztertu ondoren, kanpalekua aldatu eta North Baird glaziarraren ipar adarrera abiatu ziren: «Eguraldiak hobera egin eta gure lehen helburuak zehazten hasi ginen. Sari nagusia P7180 mendia eta Hyder Peak izan zen. Bakartuta dago, ondoko glaziarretik 8 kilometrora. 24 orduko leiho on bat aprobetxatu genuen. Elurraren baldintzak ez ziren batere onak, eta hurbilketa bidea ahal bezainbeste eskiekin egin genuen. Gailurra zapaldu aurretik, arrokazko triangelu bat eskalatu eta gure helburua esku artean genuen. Aitortu behar dugu gure aurrean genuen ikuspegiak hunkitu egin gintuela. Xede nagusi hori lortzeaz gain, beste mendi batzuk eskalatu genituen; lau, hain zuzen ere».

Espedizioa maiatzaren 12an amaitu zen. Alpinistok onartu dute Stikike Icecapera eginiko bidaiak erabat bete dituela: «Nahiz eta hiru egun salbu gainerakoak euripean igaro, ikuspena oso txarra izan, elur bigunarekin topo egin, erlaitz arriskutsuei aurre egin eta elur-jausi asko ikusi, espedizioaren emaitza oso aberasgarria izan da. Egin ditugun eskaladak ez dira oso teknikoak izan, baina garrantzitsuena marra seguruak aukeratzea izan zen. Ertz zein erlaitz arriskutsuak saihestea erronka handia izan da. Nahiz eta informazio gutxi dagoen, argi geratu da Alaskako hego-ekialdean igo gabe zegoen mendi garaiena guk igo dugula».