Andoni ARABAOLAZA
YOSEMITE

Barbara Zangerlek Kapitaineko«Pre Muir» era askean igo du

Eskalatzaile austriarrak 900 metro luze den eta 8b zailtasuna duen bide hori eskalatu berri du; hormatzar horretan lau marraigo ditu jada. Bitartean, Alex Honnold eta Brad Gobrightek, «Pinneaple aldaera» erabiliz, «El Niño»-ren bigarrena igoera sinatu dute.

Barbara Zangerlek 30 urte ditu, eta dagoeneko erakutsi du eskaladaren adar batzuk ondo baino hobeto menderatzen dituela. Kirol eskaladan zein boulderrean ibilbide oparoa badu ere, uste dugu hormatzarretako eskaladan edo eskalada alpinoan duen curriculuma azpimarratzeko modukoa dela. Eta bere azken jardunarekin argi asko utzi du orain arte esandakoa kimera bat ez dela. Beste era batera esanda, emakumezkoen artean hormatzarretako espezialista sasoikoenetarikoa da. Edo sasoikoena.

Iragan hilabetean, eskalatzaile austriarra gai izan zen Kapitainen (Yosemite) dagoen bide gogorrenetariko bat era askean igotzeko: “Pre Muir”. 900 metro luze da, eta 8b zailtasuna du.

Era horretan, Zangerlek izen handiko lau marra igo ditu Kapitaineko horma ikonokoan. 2017. urtean, adibidez, “Magic Mushroom”-en (8b+, 30 luze) lehen errepikapena egin zuen. Antzeko luzeak edo luzera dituzten “El Niño (8a+) eta “Zodiac” (8b) ere patrikan ditu. Horiek guztiak lehen igoera femeninoak izan dira.

Baina bere hormatzarretako ibilbideak bide horiek guztiak baino gehiago jasotzen du. “Trilogia alpinoa” izenarekin oso ezaguna den xedea biribiltzeko aukera izan du: “Kaisers neue Kleider” (8b+), “Silbergeier” (8b) eta “End of Silence (8b+). Eta gai honetan gehiago ez luzatzeko, benetan adierazgarria den azken jarduera bati azpimarra jarriko diogu. Iaz, Eigerreko ipar horman eskalatu zuen “Odyssee” (8a+, 33 luze). Hots, murru laiotz horretan dagoen bide gogorrena.

Bizkar-zakuan izaera horretako bide luzeak eskalatu ondoren, beraz, ez gaitu ezustean harrapatu Zangerlek Kapitainen eginiko azken eskaladak. Yosemiteko bisita horretara, protagonista hau sasoiko iritsi zen. Bishopen ondoan dagoen eskalada eremu batean izan zen, eta han “Everything is karate” (8c+/9a) bidea kateatu zuen.

Yosemitera iritsi eta segituan ohartu zen planak ez zirela behar bezala aterako. Udaberriko denboraldia ez da batere egokia izan, euri asko bota duelako. Berez, Zangerlen asmoa “The Nose” bide mitikoa eskalatzea zen, baina “The Great Roof” sekzioa, hots, sabai erraldoia erabat heze zegoen; goroldioa ere bazuen.

Xede hori alde batera uztea erabaki zuen, eta “Pre Muir” aztertu ondoren, Jacopo Larcher bikotekidearekin soka gerrira lotu eta marra horretan sartu zen. Gogoratu behar dugu Larcher italiarra Zangerlen ohiko sokakidea dela, eta, indartsuagoa bada ere, azken honek ezin izan du “Pre Muir” erabat era askean igo. Azken sekuentzia gogorrak gainditu zuen, eta horren errua ez zen zailtasuna izan, italiarrak eskuko azalean zituen arazoak baizik.

Zangerlek, berriz, Kapitaineko marra gogor horren luze guztiak librean eskalatu zituen: «Jakin badakit, ez dela ‘The Nose’. Baina, hala ere, uste dut agian hobea dela. ‘Pre Muir’ bidearen giltza niretzat bost izarrekoa da. Kapitainen egin ditudan eskaladen artean, azken hau ederrenetarikoa zein onenetarikoa izan da. Agian, ‘The Mushroom’-ek soilik gainditzen du pixka bat. Alabaina, onartu behar dut haran honetan eskalatu dudan luze politena ‘Pre Muir’ marraren giltza izan dela. Pena hartu dut Jacopok ezin izan duelako luze gogor hori kateatu. Eskuarki, xede guztiak biok ala biok biribiltzen ditugu».

Beste datu bat: “Pre Muir” bidearen bigarren igoera femeninoa izan da. Lehena, Hazel Findlayk erdietsi zuen.

Era askean

Arestian aipatu dugu eskalatzaile austriarrak Kapitainen zuen asmo nagusia “The Nose” zela. Larcher kidearekin batera Yosemitera udaberri hasieran bidaiatu zuen: «Bertakoek onartu digute aurtengo udaberria historikoki oso hezea izan dela. Euri asko bota du, eta, beraz, hormatzar horretan dauden makina bat bide baldintza kaskarretan ziren. Eta ‘The Nose’-ri hori gertatu zitzaion. Batez ere ‘The Great Roof’ sekzioak beldurra ematen zuen: hezea, goroldioa... Baldintza horietan ezin zen saiorik egin. Horma hori noiz lehortuko zen zain izan ginen, baina egoera ez zen aldatu. Sasoia ez galtzeko Bishopen ondoan dagoen Pine Creek Canyon-era joan ginen kirol eskalada egitera. Eta, adibidez, Jacopok eta biok ‘Everyting is karate’ bidea eskalatu genuen. Hormatzarretan ez bezala, kirol eskaladan, marra bat nahi duzunean, proba egin dezakezu. Atseden hartu ere bai, eta, bide batez, sasoia bere horretan mantendu. Baina hormatzar batean maiz nekatuta eskalatzen duzu. Eta buruari askoz ere gehiago eskatzen dio; energia asko xurgatzen dizu. Beraz, kirol eskaladako luze bat eta 33 luzeko beste marra batean egiten duzuna ezin da alderatu. Joko ezberdina da, eta hormatzarretan bizitzen duzuna, bederen, abentura handia da».

Kapitainetik at beste bide batzuk eskalatu ondoren, “Pre Muir” marra probatzera abiatu ziren: «Hazel Findlayk marra horretan eginiko bigarren igoeraren kontakizunak irakurri nituen. Eta bideak goialdean dituen luze eder horiek probatzeko gogoa piztu zitzaidan. Nahiz eta Yosemiteko gure bidaia amaitzear zen, xede hori probatu genuen».

Tommy Caldwell eta Kevin Jorgesonek “The Dawn Wall”-en egin zuten bezala, Larcher eta Zangerlek luze guztiak sokaburu egin zituzten: «Astebeteko jarduera iragarri genuen, eta tresneria guztiarekin paretan sartu ginen. 7c+ graduko luze guztiak bigarren saioan egin nituen; Jacopok, berriz, horietako hiru flash eran sinatu zituen. Eta horretaz guztiaz gain, luze errazenak flashean edo bistan egin genituen. Bueno, bat izan ezik. 7b gradukoa da, eta dinamiko bat egitera behartzen zintuen. Luze gogorrenak bidearen goialdean daude. Argazkian ikusten den diedro leun hori gainditzea lortu nuen; baita erresistentzia handia eskatzen duen artesi fin bat ere. Jacopok, aldiz, bidearen giltza ezin izan zuen guztiz era askean igo. Irrist egin ondoren, azken sekuentzia gogorrenean helduleku bat hautsi egin zuen. Esku baten azalean min hartu zuen, eta horrek bere helburua biribiltzea eragotzi zion. Kontuan hartu behar da, diedro horretan eskuekin presio handia behar duzula egin».

Bien bitartean, Alex Honnold eta Brad Gobright estatubatuarrek, “Pineapple express” aldaera erabilita, “El Niño”-ren bigarren igoera askea sinatzea lortu dute. Gogoratu behar dugu marra horri Huber anaiek 1998. urtean puntu gorria jarri ziotela. Alabaina, oso-oso leunak diren 7,5 metro artifizialean igo zuten. Beraz, 8a+, A0 bezala geratu zen. Duela pare bat urte, berriz, Honnold eta Sonnie Trotter-ek sekzio hori saihestu eta hiru luzeko aldaera bat sortu zuten: “Pineapple express”: 8a. Alabaina, Tommy Caldwell izan da goitik behera bide hori era askean igo duen lehena. Iazko azaroan izan zen, 13 orduko ahaleginaren ondoren.

Joan den ekainaren 10ean, Honnold eta Gobrightek bigarren igoera egin zuten: «Goizeko lauretan hasi ginen; 14 ordu eta erdiko eskalada izan zen. Goialdean dagoen 7c+ graduko luzea erabat bustia zegoen, baina, zorionez, hura gainditu genuen».