Andoni ARABAOLAZA
ESPEDIZIOA

Beste bi bide berri Perun Iker eta Eneko Pou anaientzat

Gasteiztarrekin batera Manu Ponce dago. Cerro Tornilloren ipar horman «Burrito Chin de los Andes» bidea (6b, 700 m) sortu dute, eta Huanka Puntaren hego paretan, aldiz, «Cabeza clava» marra (6c+, 470 m) zabaldu dute.

Iker eta Eneko Pou anaiak Perura irten zirenetik aste batzuk igaro dira. Haiekin batera, azken espedizioetan kide izan duten Manu Ponce dago. Cordillera Blancan hainbat helburu zehaztu dituzte, eta horietako batzuk patrikara sartzeko aukera izan dute.

Hirukoteak esplorazioaren aldeko apustua egin du, eta momentuz jarrera horrek emaitzak eman ditu. Cordillera Blancan aski ezagunak diren makina bat mendi dago, baina lerrootako protagonistek ezezagunak diren erpinetan jardun dute.

Cerro Tornillo mendiaren (4.900 m) ipar horman “Burrito Chin de los Andes” bidea (6b, 700 m) sortu dute. Lasai asko esan daiteke beroketa ariketa bat besterik ez dela izan. Bigarren xedean, garaierara egokitzeko fasearekin jarraitu dute. Cerro Tornilloren ondoan dagoen Huanka Puntaren (4.760 m) hego horman “Cabeza clava” marra (6c+, 470 m) ireki dute. Teknikoki pixka bat zailagoa, baina hormaren neurrian txikiagoa. Bi pareta horietan egin diren lehen eskaladak izan dira.

Prozesu hori amaituta, Ponce eta Pou anaiak Huarazera jaitsi dira. Atseden pixka bat hartu ondoren, Cordillera Blancan bertan helburu zailago bati ekingo diote. Zein ote? Bada, hori isilean gordetzen dute.

Bestalde, gogoratu behar dugu bi eskalada hauen artean hirukote horrek erreskate batean jardun zuela; hain zuzen ere, bi kide hildakoren erreskatean.

Lehen bide berriari dagokionez, aurreratu behar dugu kanpaleku nagusia 4.500 metrora antolatu zutela. Biharamunean, mendiaren sarrerara hurbildu ziren: «Hormatzar horren inguruan apenas genuen informaziorik; izan ere, ipar paretaren lehen igoera izan da. Argi zegoen: estilo alpinoan eta non stop eran eskalatu nahi genuen. Beraz, bibakerako tresneria kanpalekuan utzi genuen».

Tarte tekniko gogorrik aurkitu ez zutenez, oso azkar eskalatu zuten. Hirukoteak onartu du hainbat unetan garaieraren eragina nabaritu zutela: «Denera, sei orduko eskalada izan zen. Eta sokaburu bezala denok hartu genuen parte. Jaitsiera, berriz, ekialdeko aurpegitik egin genuen; ez zen batere samurra izan. Eskalada hasi eta 11 ordura kanpaleku nagusian ginen».

Beste helburua

Atsedena hartzen ari ziren bitartean, arestian aipatu dugun erreskate horretan hartu zuten parte. Egoera gogorra bazen ere, protagonistok espedizioarekin jarraitzea erabaki zuten.

Huanka Punta (4.769 m) izan da bigarren xedea. Mendiaren hego aurpegia eskalatu gabe zegoenez, saio bat egitea otu zitzaien. Eta apustua ondo atera zaie. 470 metro ditu proposamen berriak, eta zailtasun teknikoei dagokienez, gehienez 6c+ gainditu behar izan zuten.

Cerro Tornilloko jardueran azkar joan baziren ere, bigarren eskalada honek bi eguneko lana eskatu zien: «Lehen egunean lau luze zabaldu genituen. Bigarrenean, berriz, goizeko bederatzietan irten ginen. Horma hori eskalatu eta gero, paretaren sarrerara gauez heldu ginen».

Aipatutako bi mendi horiek Cordillera Blancaren hego-ekialdean daude, eta, aurreratu dugun bezala, ez dira batere ezagunak. Hego hemisferioan daudenez, gogoratu behar dugu, hemen ez bezala, hego paretak oso laiotzak direla: «Zailtasun teknikoak ez dira zazpigarren mailara heltzen, baina jarduera honetan hotz handia jasan dugu. Bazirudien hozkailu batean sartuta geundela; hamar orduz, gainera. Eskalada osoa 0° eta -5° gradu artean egin genuen. Eskuak zein oinak hotz-hotzak genituen. Baldintza horietan zaila zen aurrera jarraitzea».

“Cabeza clava” bideak bederatzi luze ditu. Horietako hirutan parabolt bat edo beste jarri zuten: «Kareharri ederra baino ederragoan eskalatu genuen; ‘organo’ perfektuetan, alegia. Pozarren gaude goi mendian zabaldutako bide honekin».