Asier AIESTARAN
EUSKAL ERRUGBIA, BATUTA

Euro Basque Rugby Challenge liga berria abuztuaren 17an hasiko da

Ipar eta Hego Euskal Herriko errugbi taldeak batuko dituen lehiaketa berria abuztuaren 17an hasiko da eta zazpi taldek hartuko dute parte: Aviron, Biarritz, Angelu, Ordizia, Hernani, Getxo eta Bera Bera. Bi multzotan banatuta egongo dira, ligaxka bana jokatuko dute eta multzo bakoitzeko onenek finala jokatuko dute: Ordizian, irailaren 7an.

Aspalditik martxan jarri nahi zen egitasmo bat izan arren –lehen asmoa iazko maiatzean plazaratu zen eta lehiaketa berez aurtengo udaberrian jokatu nahi zuten–, azkenean Euro Basque Rugby Challenge euskal errugbi liga berria, Ipar eta Hego Euskal Herriko taldeak batuko dituena, abuztuaren 17tik irailaren 7ra jokatuko da.

Lehiaketa hiru mailatan burutu nahi da: Serie 1 (lehen maila), Serie 2 (bigarren maila) eta emakumezkoetan. Orain jokatuko dena Serie 1 mailako lehiaketa izango da eta, antolatzaileek atzo Donostian egindako aurkezpenean azaldu zutenez, beste bi mailetako lehiaketen xehetasunak aurrerago emango dituzte.

Lehiaketa berrian zazpi taldek hartuko dute parte: Aviron, Biarritz, Angelu, Ordizia, Hernani, Getxo eta Bera Bera –Gernikak ez du gonbidapena onartu–. Normala den moduan, eta Iparraldeko eta Hegoaldeko taldeen artean dagoen maila desberdina kontuan izanda, Aviron eta Biarritzek beren bigarren taldeekin jokatuko dute.

«Zein jokalarirekin jokatu beraiek erabaki beharko dute, baina printzipioz Espoirs taldekoak arituko dira. Hala ere, kontuan izan behar da Europako liga garestienean dabilen talde bateko harrobiaz ari garela hizketan, lehen taldearekin jokatzen dutenak behin baino gehiagotan», azaldu zuen Iñaki Laskurain Euskal Errugbi Federazioko presidenteak.

Bi ligaxka eta finala

Lehiaketa formatua eta egutegia ere zehaztuta daude jada. A multzoan Aviron, Hernani eta Getxo daude, eta B multzoan Biarritz, Angelu, Ordizia eta Bera Bera. A multzoko ligaxkako jardunaldiak abuztuaren 17an, 24an eta 31n jokatuko dira; B multzokoak, berriz, 24an eta 31n soilik. Eta multzo bakoitzeko irabazleek Ordizian jokatuko dute finala irailaren 7an –seguruenik ETBk eskainiko du–.

Lehiaketa Akitania-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeak eta Lakuako gobernuak bultzatu dute, eta aurkezpen ekitaldiari garrantzi handia eman nahi izan zioten. Donostiako Miramar jauregian egin zuten eta, Laskurainekin batera, ordezkari ugari bildu ziren bertan: Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Arola Urdangarin, Akitania-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeko jarduneko zuzendaria; Alain Fariscot, Errugbi 64 Departamentu Batzordeko federazio presidentea; eta Javier Lorente, Nafarroako Errugbi Federazioko presidentea.

«Gaur aurkezten duguna lehen proiektu bat da. Badakigu etorkizunean izango dela zer hobetua, baina horretarako informazioa eta ezagutza lehen lehiaketa honek emango digu. Badakigu errugbiak maila eta zaletasun handia duela Ipar Euskal Herrian eta Hegoaldeko taldeek argi zuten ezin genuela horri bizkar emanda bizi. Era berean, Iparraldeko taldeek ere proiektua interesgarria izan daitekeela ulertu dute. Eta errugbia, kirol ikuspegitik haratago joanda ere, oso garrantzitsua izan daiteke lurralde desberdinen arteko elkarlana eta ezagutza areagotu eta bultzatzeko», adierazi zuen Bingen Zupiriak, aurkezpen ekitaldiaren gidari lanak ere eginez.