GARA
HALTEROFILIA

Nazioartean lehiatzeko beste eskaera bat martxan

Euskadiko Halterofilia Federazioak ere Nazioarteko Federazioaren parte izateko bideari ekin dio, Lakuakogobernuaren laguntzarekin, Budapesteko bere egoitzan eskaera formala aurkeztuz.

Euskadiko Halterofilia Federazioak formalki eskatu du Nazioarteko Halterofilia Federazioko (IWF) kide izatea, Lakuako Gobernuko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzaren babesarekin. Bruno Soto pisu altxatzaile eta Euskadiko Halterofilia Federazioaren Zuzendaritza Batzordeko kideak eta Jon Redondo Lakuako Gobernuko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak egin dute eskaera, Nazioarteko Halterofilia Federazioaren Budapesteko egoitzan.

Halterofilia Federazioak eta Lakuak pauso hori ematea erabaki dute IWFren estatutuak aztertu ondoren, berariaz onartzen baita horietan estatu ez diren nazioek edo lurraldeek parte hartzea. Redondok adierazi du honen inguruan onarpena espero dutela, «Euskadiko hainbat federaziok dagokien kiroleko nazioarteko federazioan sartzeko eskaera egin dutelako» eta «nazioarteko federazio horietako estatutuek aukera hori ematen dutelako eta Euskadi onartu dutelako».

«Aurreko legealdian argitaratu genuen nazioarteko zuzenbideko adituen txosten juridiko batek argi uzten zuen Euskadik nazioarteko txapelketetan parte hartu ahal izatea nazioarteko federazio bakoitzaren estatutuen baitan zegoela. Estatu ez diren nazioek edo lurraldeek –eta Euskadi hala da– parte hartzea ahalbidetzen duten estatutuak dituzten federazioak zein diren aztertu dugu, eta nazioarteko federazioetan sartzeko eskaera egin nahi duten federazioekin batera ari gara lanean horietan sartzeko eskaera egiteko», azpimarratu du Redondok.

Sotok eskertu egin du Lakuako Gobernuak izan duen inplikazioa: «Kirol hau hain ezaguna ez bada ere, Euskadin tradizio handia dago halterofilian, eta altxatzaile handiak izan ditugu. Urte askoan Euskadiko selekzioarekin lehiatu ginen, nahiz eta ezin izan genuen ofizialki egin; eskaera honen bidez beste urrats bat egin nahi dugu, beste lurralde batzuek bezala nazioartean lehiatu ahal izateko».

Espainiako txapeldun 13 aldiz izan da Soto. Euskal Selekzioarekin ofizialki ez du inoiz parte hartzerik izan; «belaunaldi gazteek nik izan ez nuen aukera hori izatea», hori da bere nahia.