2019/09/16

Erreportajea
 
TEKNOLOGIA BERRITZAILEA DATUAK ULERTU, ANTOLATU ETA IKUSKATZEKO

Adimen artifiziala baliatuta, enpresen datuak ustiatzen ditu Skootik «start-up»-ak prozesuak hobetzeko. 2013an eratu zuten lau ekintzailek, eta zerbitzu hori emateko ikasketa automatizatuan oinarritutako produktu bat garatu dute, «spin off» bilakatu zutena iaz.

Maitane ALDANONDO
0916_eko_maitane

Industria iraultza berriaren oinarria dira datuak; haiek baliatuta prozesuak hobetu eta erabaki egokiagoak har baitaitezke. Adimen artifiziala baliatuta haien ustiaketan dihardu Donostiako Skootik enpresak. Unai Martinez ingeniariak eratu zuen 2013an beste hiru bazkiderekin batera, eta beraien zerbitzuen oinarri den Alchemy ML produktua garatu dute. Lotura eten gabe, softwarea bere bidea egiten ari da, 2018tik enpresa bilakatuta. Orain, formakuntza landu nahi dute adimen artifizialari buruzko eskola sortuta.

Bidea pausoz pauso zehazten joan da Skootik. Martinez Euskal Herriko Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolako irakasle elkartua da eta bere baitan nabari zuen hutsune batek bultzatu zuen ekitera. «Zerbait falta zitzaidan, gizarteari zerbait eman nahi nion. Nire ingeniaritza ezagutza zabaldu nahi nuen teknologiaren bidez», azaldu du. Jakintza eta ilusioa bazituen, baina negozio eredua eta estrategia gabe hasi zela aitortu du. Jardunean ikasten joan dira, «denentzako eta denetarako teknologia» egitetik, adimen artifizialera mugatuz. Ordu asko egin dituzte «musu truk», baina egoera hobetzen doa. Lantaldea ere beharren arabera eta fakturazioak ahalbidetu ahala osatzen joan dira.

Adimen artifizialaren barruan, bereziki, machine learning edo ikasketa automatizatuaren adarrean dihardute, datuak lantzeko. Ekintzaileak nabarmendu duenez, «enpresen datuen %99 antolatu gabe daude, zikinduta; zarata asko dute. Horiek egituratu eta garbitzea ingeniaritza ordu asko dira». Aurreprozesatzea azkartzeko Alchemy ML garatu dute, produktu «disruptibo eta berritzailea»: eskaner moduko bat eginda datua ulertzen du eta erabakiak hartzen ditu garbitzeko. Antolatu dituenean, modelatu egiten ditu aurreikuspenak egin edo prozesuak optimizatzeko. Horrez gain, datuaren kalitatea ikuskatzeko modulu bat ere badu. «Fidagarria den metrika bat eman nahi diegu bezeroei. Kutsu zientifikoa, objektiboa, eman irakurketari. Balio erantsia dela uste dugu», zehaztu du Martinezek. Automatismoa ez denez erabatekoa, Skootikek negozioaren ezagutzarekin laguntzen du. Edonola, produktuaren bezeroek prozesu osoa kontratatu beharrean, aurreikuspenak beste enpresa batekin egin ditzakete.

Ezagutzaren demokratizazioa

Adimen artifiziala etorkizuneko ekonomiaren oinarrietako bat izango dela diote azterketek, eta horretan prestatu nahi dute gizartea Skootikeko arduradunek, «herri berritzailea izateko ezagutza duen masa kritiko bat behar baita». Hala, epeak betetzen badituzte, urtarrilean martxan jarriko dute eskola bat, «doakoa, irakaslerik gabea eta metodologikoki nahiko disruptiboa». Helburua ezagutza «demokratizatzea» da, «ez dadila gutxi batzuok egiten dugun zerbait». Eskola etikoa izango da, teknologia gizartearen onurarako baliatzea sustatuko du, eta norbanakoak zein enpresak prestatuko ditu. Horren bidez, «integrazioaren erreferentea» izan nahi dute Euskal Herrian, produktua, zerbitzua eta formakuntza batuta.

BIND 4.0 programan parte hartu zuten 2018an. Bertan, Batz enpresarentzat hornidura katearen optimizazio proiektu bat garatu zuten, osagaiak heltzen direnetik produktua atera arte doana. Sei hilabeterako prestatutako prototipo handitzen joan da, eta elkarrekin lan egiten duten bigarren urtea da. Programaren oihartzunak bezeroak ekarri dizkie, baina ez dute industriara mugatu nahi, eta beste sektore batzuk lantzen ari dira: nekazaritza elikagaiak, banaketa, laborategiak, smart city... Arduradunak zehaztu duenez, edozein sektoretan erabilgarria da. «Ordenagailuei berdin zaie aurreikusten ari direna zer den, datu egiturekin lan egiten dute eta arazoak komunak izaten dira».

Helburu dute Euskal Herrian euren marka kokatzea. Izan ere, Karlos Zuñiga langileak azaldu duenez, «gure produktuak abantaila ekonomiko bat ekar dezake, efizientzia asko hobetu. Nahiago dugu etxean aritu, gure herria pixka bat bultzatu». Hala ere, beste ingeniaritza enpresa batzuen eskutik Alchemy ML Estatuko hainbat lekutara, Argentinara edo Mexikora heldu da; eta aukera sortuz gero, baliatuko dute.

Miramon Parke Teknologikoan bulegoa eta lantaldea partekatzen dute bi enpresek. BIC Gipuzkoaren laguntza jaso dute baita Europako Batzordearen Horizon 2020 programarena ere, bikaintasun zigiluarekin batera. Teknologia, ordea, baliabide propioekin garatu dute. Martinezen ustez, «produktua eta lantaldea aditua» dira Skootiken berezitasun nagusia, baita gauzak beste era batera egiteko saiakera ere. «Irudimenari eta abstrakziori ateak zabaltzen dizkiogu; lehen unean ez diogu ezeri ezetz esaten. Nahiko zoroak gara, zentzu onean», laburbildu du.