Patxi GAZTELUMENDI
BILBO

Amaren suaren ondoan entzuteko diskoa eta solasaldia dakartza Mendibilek

«Biok» izeneko diskoa eta «Bittor eta biok» liburua argitaratu berri ditu Gontzal Mendibilek. Bittor Kapanaga Otxandioko pentsalaria izan du gogoan kantariak bere azken ekoizpen bikoitzean. «Askorentzat erreferentea izan da», aitortu du Zeanurikoak. 45 urteko ibilbidea egin du dagoeneko Mendibilek kantuan eta datorren azaroaren 3an Bilboko Arriaga antzokian kontzertu berezia emanez ospatuko du.

“Biok” izenburuarekin entzulea eta abeslaria elkartu gura ditu Gontzal Mendibil kantariak. 45 urte eman ditu dagoeneko kantuan eta azaroaren 3an Bilboko Arriaga antzokian kontzertu berezia emanez ospatuko du. Maitasunari eta bizitzari abestuz, Gontzal Mendibilek disko berria eta liburua aurkeztu zituen antzokian bertan. Diskoan Bittor Kapanaga eta amaren sua aipatu eta goraipatzen ditu –“Amaren sua”, “Ama Gorbeia” eta “Ama agur” kantuak sortu ditu Mendibilek– eta saiakera liburuan Kapanagarekin solasean ari da kantaria, fikzio sinesgarri batean.

Astean behin Otxandiotik Bilbora egiten zuen bidea Bittor Kapanagak, Euskaltzaindiko egoitzara. «Egun hori baliatzen genuen Bittorrek eta biok batera egoteko», adierazi dio Gontzal Mendibilek GARAri, bere bizitzan “«Otxandioko filosofo eta pentsalariak» izan duen garrantzia azaltzeko. «Askorentzat erreferente handia izan da», nabarmendu du.

“Euskara, erro eta gara” saiakera idatzi zuen Bittor Kapanagak, eta Gontzal Mendibilentzat “Araban Bagare” kantua sortu zuen 1974ko neguan. Gontzal Mendibilek nabarmentzen duenez, haren ekarpenik handiena beharbada “Amaren sua” kontzeptua izan zen, gerora Jon Sarasuak berak hauspotu zuena. «Euskal kulturan garai batean sano garrantzitsua bilakatu zen Gabriel Arestiren ‘Nire aitaren etxea’ eta horren ondoan ‘Amaren sua’ ekarpena egin zuen Kapanagak». Gontzal Mendibilek aitortu duenez, «bai Gabriel Aresti bera bai Jose Migel Barandiaran Kapanagaren eskutik ezagutu nituen nik, berak aurkeztu zizkidan eta beraiekin egoteko eta ikasteko parada izan nuen nik».

Sarrionandiaren hitzaurrea

Bittor Kapanaga irakasle eta lagun izan zuten askok. Idatzizko obra handirik utzi ez bazuen ere, bere gogoetak eta ideiak jendearekin konpartitzeko zaletasuna zuen Otxandiokoak. «Euskal kulturgileok ezizen ugariz bataiatu izan dugu: ‘Rara Avis’ Xabier Kintanak, ‘Profeta’ Jon Lopategik, ‘Aitzindaria’ Jose Luis Lizundiak, ‘Aztia’ Igor Elortzak, ‘Euskeraren jagolea’ Juan Manuel Etxebarriak, ‘Otxandioko jakituna’ Bitoriano Gandiagak, ‘Druida’ Joseba Sarrionandiak, ‘Pentsalari-ikerlaria’ Xabier Amurizak edota ‘euskal Sokrates’, beste hainbatek», dakar gogora Gontzal Mendibilek, euskal kulturako erreferentzia horiengan guztiengan izan duen eraginaz hausnartuz. Eta “Bittor eta biok” liburuari hitzaurrea Joseba Sarrionandiak egin dio. «Badakit Sarrionandiak asko miresten zuela Kapanaga, eta horregatik lana bidali nion eta eskatu zeozertxo idazteko, eta hamabi orriko hitzaurrea eskaini dio liburuari Joseba Sarrionandiak». Esker onez eta pozik agertu da Gontzal Mendibil horregatik.

2011ko uztailaren 14an, Gasteizen Bittor hil zenean «gau osoa beragaz eman nuen, eta orduan etengabe idazten aritu nintzen, gogoetak eta ideiak biltzen eta orain elkarrizketa modura ekarri ditut liburura, Bittor Kapanagaren eta bion arteko elkarrizketa luze bat da liburua, eta bere pentsamenduaren berri ematen du Bitorrek», Gontzal Mendibilek kontatu duenez.

Narrazioa euskara batuan idatzia dago, eta Kapanagaren ekarpenak bizkaieraz idatzi ditu Gontzal Mendibilek.