Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Gogoetarako bazka dakar «Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen» liburuak

Eraldaketarako pentsamendua elikatzea ezinbestekoa da eta, feminismoaren arloan urrats berriak egite aldera, bertsolaritza eta feminismoaren uztarketaz diharduen gogoetarako material berria proposatzen du Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) argitaratu duen «Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen» liburuak. Miren Artetxe Sarasola eta Ane Labaka Mayozek koordinatuta, hamasei egileren artikulu bana dakar argitalpenak. Hausnarketarako bazka.

Iazko ekainean UEUren udako ikastaroen barruko “Bertsolaritza genero-ikuspegitik” ikastaroak izandako «arrakastaren» aurrean, bertso-munduan feminismoari bide egiten jarraitzeko ahaleginean argitaratu du UEUk “Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen” liburua.

Ane Labaka Mayozek eta Miren Artetxe Sarasolak koordinatu dute agerkaria eta, oinarri duen ikastaroak bezalaxe, eztabaidarako eta gogoetarako materiala sortzea du helburu, atzo goizean Donostian egin zuten aurkezpenean azaldu zutenez.

Hitza hartuta, Labakak «egin diren eta egiten ari diren zenbait ikerketari ikusgarritasuna ematearen garrantzia» jarri zuen mahai gainean eta, era berean, eztabaidarako eta gogoetarako material berriak sortzea ere beharrezkotzat jo zuen, horiek izango baitira gerora etorriko diren hausnarketa berrien abiapuntu.

«Irakurketon oihartzuna da askori heltzen ez zaiguna, eta liburu honetan hotsen iturburuetara jo nahi izan dugu: bertso-mundua feminismotik aztertzen duten hainbat gogoeta-lan interesgarri dira hemen bildutakoak, entzun nahi dituenarentzat irakurgai», nabarmendu zuten.

Zehazki, hamasei egileren artikulu mamitsu bana biltzen du argitalpenak: Izar Alguero, Uxue Alberdi, Maider Arregi, Miren Artetxe, Maite Berriozabal, Mari Luz Esteban, Jone M. Hernandez, Nerea Ibarzabal, Oihana Iguaran, Ane Labaka, Carmen Larrañaga, Maialen Lujanbio, Maite Martinez, Elixabete Perez, Iratxe Retolaza eta Harkaitz Zubiri.

Bakoitzak alor batetik heldu dio gaiari, hasi emakume ahotsek «esan ezin dezaketenetik» eta gai-jartzailearen eragineraino, tartean bertsolariaren ahotsean begia jarriz eta azken 30 urteetako txapelketa nagusietako finalen errepasoa eginez.

Autore gehienak bertsolaritzaren inguruan dabiltzanak badira ere, kanpoko begirada bat ere eman nahi izan zaio gaiari eta bide horretan datoz Mari Luz Esteban eta Iratxe Retolazaren ekarpenak. Lehenak, antropologia feministan erreferenteak, zenbait kontzeptu planteatu eta galdera berriak ekarriko dizkio irakurleari, eta Retolazak literatura idatziarekin egingo du alderaketa. Liburua UEUren webgunean eros daiteke.