Iratxe Esnaola
Hezkuntzan doktorea
JO

Tsunami digitala

Teknologia digitala da Tsunami Democratic-en antolaketarako aliatu nagusia. Informazioa zabaltzeko eta koordinazioa bermatzeko azpiegitura bat eraiki du, zenbait osagairekin: webgune eta app propioa, Twitter, Instagram, Telegram eta VPN sareak. Deszentralizazioa eta enkriptazioa izan dira bere armak. Eta burujabetza (teknologikoa ere) eraiki egiten dela erakutsi dute.

Tsunami Democratic-en webgunea ixtea agindu zion epaile batek Guardia Zibilari. Judizialki espero zen. Teknikoki, ordea, alferrik zen; Tsunamik webgunea beste domeinu batzuetara bidera zezakeen. Eta bideraketa nola egin dakiten herritarrei hala egitera deitzen die. Domeinu berriak aktibatzea minutu batzuetako kontua da. Webgunea geldiezina da. Bideraketen berri Telegrameko kanaletik jakinarazten dute. «1.1.1.1» gisako VPN sare birtualak erabiltzea ere gomendatu dute, Internet hornitzaileek zein webguneetara sartu nahi dugun jakin ez dezaten. Eta webgunean app propioa deskargatzeko aukera dago.

App hori da, batez ere, ukiezina dena. Ezinezkoa da apparen deskarga gelditzea. Berau ez dago Apple edo Android-en denda ofizialetan. Tsunami-ren webgunean eta sareko beste zenbait lekutan dago eskuragarri. Aplikazioa software librea da, eta konexio enkriptatuak sortzea ahalbidetzen du. Hortaz, komunikazio oro ezkutukoa da. Aplikazioaren barruan gertatzen dena jakiteko modu bakarra aplikazioa aktibatuta izatea da. Inteligentzia zerbitzuez ari bagara, infiltratua egotea, alegia. Baina hori ere zaindu eta zaildu da. Appak, aktibatua izateko, QR kode bat eskatzen du, norbaitek pasatu behar digu eta GPS bidez gure ondoan dagoela ziurtatzen da. Hau da, ezin da QR kodea Madrilen edo Donostian lortu, QR kodea duen norbait bertan ez badago behintzat. Eta honek QR kodea elkarri ematen dioten pertsonen arteko harreman minimo bat eskatzen du.

Honek guztiak burujabetza teknologikorako tresnak libreak eta propioak izan behar direla gogorarazten digu. XXI. mendeko Euskal Herrian ere gisakoak egiteko gaitasuna badago. Eta hurrengo belaunaldiek ere gaitasun hori izango dutela bermatu beharko litzateke.

Honi buruzko guztia: JO