2019/10/28

Erreportajea
 
ERREALITATE BIRTUALA, ETXEBIZITZA BATEN ERALDAKETA AURREIKUSTEKO

Berritzea behar duten edota berritze bidean dauden etxebizitzak saltzea bereziki zaila izaten da. Horrekin jabetuta, hiru gazte gipuzkoarrek errealitate birtualaren bidez horien itxura aldatzen dute. Egitasmoak Explorer Donostia programa irabazi zuen ekainean.

Maitane ALDANONDO
1028_eko_ondare

Espazio berriak irudikatzea zaila izan daiteke berritzea behar duten edo berritzen ari diren etxebizitzetan. Ahaleginik gabe irudiztatzeko eta, bide batez, salmenta errazteko xedez, 3D irudietan oinarritutako proiektu birtualak sortzen ditu Ion Vianez pasaitarrak, Unai eta Beñat Arejula donostiarrekin batera. Hiruren Ondare Arquitectos egitasmoak ekain amaieran Explorer Donostia programa irabazi zuen, Donostiako Sustapenak kudeatzen duen Banco Santanderren ekimena. Sari gisa, ostegunean Silicon Valleyra (Kalifornia) bidaia egingo du Vianezek.

Ideiaren jatorria inbertsore batzuekin egindako lanean dago. Gimnasio bat lau etxebizitza bilakatu zuten eta jabeek lehenbailehen saldu nahi zuten; baina Vianezek zehaztu bezala, «berriztatzeko dauden pisuek itxura txarra badute, obretan daudenek are okerragoa dute. Tabike erdi eginak, kableak zintzilik, zorua altxatuta...». Erosle potentzialek emaitza aurreikus zezaten, 3D eta infografia tresnen bidez modeloak errealitate birtual bihurtzea bururatu zitzaien. «Zur eta lur gelditu ziren errealitate birtualeko betaurrekoekin ikusitakoarekin eta obra fasean saldu ziren denak», gogoratu du pasaitarrak.

Proiektu hura amaitzean, bulego bat abian jartzea erabaki zuten. Hasiberriak izanik, zerbitzu hori higiezin enpresei eskaintzea bezeroak lortu eta ezagutarazteko bidea izan zitekeela pentsatu zuten. Hau da, diru sarrerak lortzeko eta balizko obretara heltzeko.

Simulazioa egiteko nahikoa dira etxebizitzaren planoa eta argazki batzuk. Horietan oinarrituta erreforma plano bat egin eta 3D-n eraikitzen dute. Ondoren, argazki batzuk egiten dizkiote eta errealitate birtualeko bisita prestatzen dute. Argazkiak Interneteko atarietan erabil daitezke; errealitate birtuala, aldiz, etxebizitza bisitatzean betaurrekoak jarrita edo ordenagailuan. Horrez gain, aurrekontua ere prestatzen dute, jakin dezaten zenbat diruren truke utziko lukeen Ondarek horrela espazioa. Berritze birtuala egiteko astebete behar izaten dute. 80 metro arteko etxebizitzen egongela, jangela edo sukaldea bezalako leku komunetan egiteak 300 euroko kostua du; 350 eurokoa, 80-160 metro koadro artekoetan (bi prezioak BEZ gabe). Gainerako geletan egiteak 50 euroko gainkostua du bakoitzeko.

Enpresa kontuez ikasi

Proiektu birtualak egiteko beharrezko tresnen ezagutza bazuten; ez, ordea, enpresa bat sortzearen ingurukoa. Donostiako Sustapenera jo zuten dirulaguntzen eta elkarlantegien inguruan jakiteko, eta elkarrizketa bat egin zieten esku artean zuten ideia ezagutzeko. Egun gutxira, Explorer programaren berri emateko deitu zieten, Ondare egitasmoa parte hartzeko egokia zelako. Onartu eta otsailetik programan parte hartu duten zortzi proiektuetako bat izan dira.

Babesa, aholkularitza nahiz hezkuntza jaso dute bost hilabetez; eta denbora horretan ideia fintzen joan dira. «Bi parte ditugu, zerbitzua, eta horren ondorioz lortutako erreformak. Gatazka bat genuen, zer lehenetsi?», gogoratu du Vianezek. Buelta asko eman dizkiote horri eta, aldi berean, lean startup metodologia landu dute. Beste ekintzaileekin partekatzeak ere ekarpena egin diela uste dute, ikuspuntu eta proiektu berriak ezagutu, elkarri lagundu eta jarduerak partekatu dituztelako. Halaber, enpresa alorreko hutsunea bete dute «zenbakiekin» lagundu dien Sayma aholkularitza enpresako kide bati esker, eta, bereziki, Secot-eko tutore Xabier Lakunzari esker. Programa bukatu eta hiru hilabete geroago, oraindik ere astean behin elkartzen dira Lakunzarekin. Haren laguntza bereziki eskertu du Vianezek: «Ezagutza daukate enpresa handietan lan egin dutelako kudeatzaile edo proiektu koordinatzaile gisa. Guk pauso horiek eman behar ditugu, bezeroak lortzeko edo enpresa kudeatzeko, eta hasiberriak gara». Beñat Arejulak aitortu duenez, «saria opari bat izan zen, ezustekoa. Xabierrekin jada asko irabazi dugu».

Explorer programak Estatuan, Argentinan eta Portugalen dituen Explorer Space bakoitzeko irabazlea eta Explorer Daykoarekin batera joango da pasaitarra AEBetara. Han, 56 ekintzaile gaztek Google, Facebook, Apple eta Airbnb ezagutuko dituzte, besteak beste, eta hainbat masterclass jaso Standford nahiz Singularity unibertsitateetan. «Hango enpresa handiek nola funtzionatzen duten ikusi nahi dut, haien kudeaketa eta pentsamoldea. Bidaiaren xedea inspirazio-iturri izatea da, baita nazioartekotzerako zein finantzaketarako harremanak egiteko aukera ematea».

Astebeteko egonalditik bueltatzean, Boadilla del Monten final nagusia jokatuko dute. Bertan, Banco Santander, CISE eta programako babesleetako ordezkariek hiru ideia onenak aukeratuko dituzte, eta 30.000, 20.000, eta 10.000 euro emango dizkiete, hurrenez hurren. Ondare Arquitectos-eko sustatzaileek aukerarik ez dutela badiote ere, egitasmo irabazleen artetik Banco Santaderrek inbertitzeko aukeratu zituen lauretako bat izan zen beraiena. Asmoa bertan behera gelditu bazen ere, eskertuta daude babesarekin.

Merkatuan bidea urratzen buru-belarri dabiltza orain. «Euskal Herrian ez da zerbitzu hori eskaintzen eta merkatua irekitzen ari gara. Konbentzituta gaude. Hilabete honetan fakturatzen hasi gara, merkatuan gaude, bulegoa daukagu...». Urri erdialdetik Errenteriako Habian! hazitegian daude, Torrekuan. Donostialdean lanean hasi ziren eta orain hedatzen ari dira, Bilbora, Iruñera eta Arabara. Une honetan higiezin enpresak dituzte bezero, nahiz eta bestelako segmentu batzuk ere identifikatu dituzten. Merkatu nahiko zabala dago, baina pentsatua dute beste segmentu horietara iristea.