Jon GARMENDIA
Idazlea

Ikusezinak

Ez dut oraindik “Joker” ikusteko aukera izan, eta, zenbat eta denbora gehiago pasatu, beldur naiz ikusteko desira itzaliko ote zaidan. Sarri gertatu zait gauza bera, aurkeztu orduko ikusle errekorra hautsi duelako, saldutako txartelena bestela, edo kritikak film onenaren rankingean gorenean jarri duela-eta atentzioa galtzen dut. Ez dut ahantzi nahi spoilerrak ere bazter guztietan daudela halakoetan, primizia emateko zain eta zure ustea izorratzeko gertu. Azkenik, hedabideak daude, sorpresaz harrapatuko zaituzte kafea dastatzen egunkaria esku artean duzularik edo telebista aurrean zaudenean bestela, eta gogoratuko dizute oraindik ez duzula ikusi mundu guztiak ikusi duen «urteko filma». Tira, pentsatzen jarrita, urtea da ikusi ez dudana, astelehen goiz honetan urria azken egunetan dagoela ohartu naiz eta. Frantziako bosgarren katean Todd Philipsen luzeari buruzko eztabaida aurkitu nuen larunbatean, eta kezka ageri zuten hizlariek, “V for Vendetta” filmeko protagonistaren maska bezala, jende xehearen iraultzarako ikur ez ote den bilakatuko Jokerrena, protesta eta aldarrikapen askotan ikusi baita azkenaldian munduko hainbat bazterretan. Hizlarietako batek lasaitasunez agertu zuen ez zela kezkagarria filmak iradokitzen duena, baizik munduan gertatzen dena, agintariak ezaxola direlako milioika herritarren arazo ikusezinen aitzinean. Ikusezinak zein ote diren, arazoak edo herritarrak, hortik jo zuen hizketaldiak. Maite ditut gogoeta eskaintzen duten filmak; beraz, nire kontraesana astindu, eta filma ikusteko desira berriro piztu zitzaidan.